Sustatu logoa Teknologia albisteak

Arriskua dugu sortzeko informazioaren polizi-gizartea

Dick Turpin
2002-11-05 12:11

Orain bi urte Saioaren Sari Nazionala irabazi zuen, Aireko Jauntxoak liburuarekin. Telepolis eta Hirugarren Ingurua bezalako kontzeptuak landu ditu ziberkulturaz hausnarketa egiterakoan. Oraindik orain liburu berri bat kaleratu du, Zientzia eta Balioak. Asteburu honetan elkarrizketa hau eskaini zion Cinco Días egunkariari.

Webgune asko ixten ari dira Espainian Interneti buruzko legea irten denetik. Aholkurik?

Seguruenik webguneak ez dira izango elementurik erabakigarriena eremu elektronikoan. Kontua da egon behar dela kontrol bat Interneten, baina ez gehiegizkoa, bultzatu behar dira uneoro adierazpen askatasuna, intimitatea eta pribatasuna. Uste izatea estatuak kontrolatu behar duela hiritarren bizitza pribatua, edo berdina dena, jotzea poliziaren ikuspegirantz informazioaren gizartean, horra hor arriskurik handienetako bat gaur egun. Segurtasunaren aldeko obsesio honek eraman gaitzake, Telepolisen proposatzen dudan hiri-ereduan, aginte azpiratzaile eta gizarte ikaragarri batera.

Ministroak lasaitasuna eskatu du; estatu idazkaria autoarautzearen alde agertu da; internautak laguntzarako gidak argitaratzen ari dira. Zer gertatzen ari da?

Krisialdi batean bizi gara, egia da. Estatua arbitroa izan behar da, ez litzateke saiatu behar sarea bereganatzen. Hau egitura bat da, gainditzen dituena lurraldeak. Adibidez, ikusten dugu auto judizialek ez dutela balio Batasunaren webgunearen kontra, Australiako zerbitzari batean daudelako. Estatuak oraindik ere irudikatzen du Internet lurralde bat bailitzan, zeinen gainean agintzen duen, baina hori beste eremu bat da. Hor dago auzia. Oraindik ez da osatu Telepolis hirugarren inguruan, hori da nire teoria. Egon behar da lege bat eta agindu bat Interneten, baina ez estatuarena, baizik eta berez sortutakoa. Autoeratzearen alde nago argi eta garbi, nahiz eta onartzen ditudan kontrolerako elementuak. Internetek sortu ditu elkarbizitzarako arauak eta hanka sartze estrategikoa iruditzen zait estatua sartzea eremu batean ezagutzen ez duena eta ahalegintzea eredu klasikoak ezartzen.

Gobernuek eta enpresek diote erasoak ugaltzen ari direla Interneten. Pirata baino zerbait gehiago ote dira?

Segurtasun arazoak ugaltzen ari dira izugarri enpresetan. Eremu digitalean aginte modu berri bat sortu da, nik deitzen ditut aireko jauntxoak, eta gizarte mugimenduak sortu dira aginte horri aurre egiteko, beti gertatu den bezala. Hala ere, bereiztu beharra dago zeintzuk diren hackerrak eta nortzuk crackerrak. Gaizkile handiak dabiltza sarean, nahiz eta ematen duen lege hausle txikiez bakarrik arduratzen garela.

Aireko jauntxo horietako bi, Microsoft eta AOL, berriro burrukan daude nabigatzaile berriak erakusgai. Pronostikorik?

Nork arautzen dituen gauzak, horra hor koxka. Benetan kezkatzen nau nola ari diren jauntxo hauek feudalizatzen, azken erabiltzaileak ezezik, baita bitarteko erabiltzaileak, hau da, enpresak eta estatuak ere. Ezin da onartu monopoliorik sarean ibiltzeko behar diren tramankulu informatikoetan, zeren agente bakar batek kontrolatzen baditu zerbitzu telematikoak, estatua bera lotuta geratzen baita. Hau oso larria izan daiteke. Nork berma lezake ez dagoela Echelon programa bat, zelatatzen dituena administrazio elektronikoaren programak? Ez dut pronostikorik jauntxo hauen arteko burrukari buruz, baina ona litzateke estatuak ohartzea larria dela agintea nola dagoen banatuta eremu elektronikoan.

Bi urte igaro dira burbuila elektronikoa zulatu zenetik eta Yahoo, MSN edo eBay dirua irabazten ari omen dira

Pozten naiz hezkuntzak, ikerkuntzak, aisialdiak eta bizitza pribatuak ez dutelako porrot egin Interneten. Jausi dira uste zutenak sekulako negozioak egin behar zituztela Interneten. Ondo deritzot, espekulatzaile hutsak zirelako. Horrek erakutsi du ziberespazioak baduela indar zibil bat. Uste duena urregorria aurkitu duela, oker dabil. Kontuan izan behar eremu honetan ekimen oro oso iragankorra dela, hau da, irauten badu bizpahiru urte, sekulako arrakasta dela, etengabe berritu beharra dago eta.

Interneteko sortzaileek Asturiaseko Printze Saria jaso zuten ikerkuntzan. Hori dela eta, hainbat jendek galdetu du ea Internetek gurasorik duen

Sarea jende askoren artean sortu zen. Egia da Vinton Cerf-ek edo Berners Leek ekarpen inportanteak egin zituztela. Ondo deritzot eurak saritzeari, baina sortu beharko litzateke sari bat internauta ezezagunari, hots, laurogeita hamargarren hamarkadan Internet Society-ri borondatez lagundu zioten, musutruke, gazte andanari. Espero dut sarituak ere gogoratuko direla jende ezezagun horrekin, zeinek lanean jarri baitzuten haiek diseinatutakoa.

Interneten ez bazaude, ez zara inor?

Ez nator bat horrekin. Telebista, adibidez, askoz ere garrantzitsuagoa da, eta hor ez dago zulo digitalik. Hirugarren Munduko zenbait lekutan, zeinetan apenas dagoen telefonorik, iristen da telebista. Interneten leku ezkutu asko dago, nahiz eta ez diren sekretuak; komunitate birtual asko dago inork ez dakienik daudenik ere, baina lanean dihardutenak. Parte hartzearen alde naiz hiru inguruetan: izadian, hirian eta sarean. Inguru berri honetan bizi izatea borondatezkoa da, nahiz eta zenbait sektoretan ia ezinbestekoa ere baden, adibidez digitatizatzeko kontuetan: musikan, liburutetan, irudietan, etab.

Zulo edo amildegi digitala?

Ez dago zulo mota bakarra. Badago zulo bat, belaunaldien artekoa, mundu guztien ahotan dagoena. Esan liteke adin bateko pertsonak ez direla gai bizi izateko eremu elektronikoan. Ordea, gaztetxoen artean tresna hauek dirudite bere izaeraren zati bat. Beste zulo bat da hizkuntzarena. Hor daude hainbat eta hainbat pertsona, gai direnak Interneten eta informatikan oro har aritzeko, baina hain ondo moldatzen ez direnak sarean ingelesez jarduteko, adibidez. Arreta handia eskaini behar zaio arazo honi. Moldatzen doan neurrian, hizkuntzen arabera egituratuko da Telepolis. Beraz, hizkuntza asko menderatzen dituenak aukera gehiago izango ditu.

Nori egiten diote mesede iraultza teknologiko handiek?

Ez aitzindariei, aldaketak bultzatzen dituztenei; baina bai haien atzetik datozenei, horiek jasotzen dituzte etekin handiak. Bi edo hiru urtean Interneten sortu ziren sekulako fortunak, hogei urtean zehar bigarren iraultza industrialean egindakoak bestekoak. Hortaz, aldaketa handia dago fortunak nola banatzen diren. Hala ere, esan beharra dut Interneten bidez aberastasun iturri berri bat agertu dela, neurtzen ez dena dirutan bakarrik, eta ezinbestekoa bihurtu dena: informazioa eta jakitatea. Orain inportantea da aberastasun hau ondo banatzea, hezkuntza egitasmo handiak erabilita, hiritarrak gai izan daitezen inguru berri honetan ibiltzeko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu