Jakin izan dut, azkenean, zein den nire minbiziaren behin betiko abizena: linfoma folikularra. Zorioneko nago, zeren aurkikuntza honi esker, nire tratamendua bigunagoa izango baita orain artekoa baino. Eta erosoagoa.
Joan den asteko astelehenean esan zidan medikuak: Joxe, orain arte ez genekien zein linfoma mota zenuen, Manttle linfoma ala linfoma folikularra. Guk uste genuen lehenengoa izango zenuela, eta horren arabera hasi ginen tratamenduarekin, behin betiko emaitzak iritsi bitartean, berak eskatzen baitu tratamendurik gogorrena. Baina azkenean iritsi da diagnosi zehatza eta honek dio linfoma folikularra duzula. Horrek esan nahi du, printzipioz, behar izango duzula tratamendu bigunagoa. Beraz, zorioneko zaude.
Begori eta bioi piztu egin zitzaigun aurpegia. Berrogeita zazpi egun igaroak ziren irailaren 11n iritsi ginenetik Galdakaoko Ospitalera eta azkenean bagenekien zer nuen. Antza denez, nire kasuan, dezente kostatu zaie diagnosi zehatzera iristea, ez delako erabat linfoma garbia alde batera edo bestera: linfoma folikularra da, baina baditu Manttle linfomaren ezaugarri dezente.
Honek esan nahi du jarraitu zuen Ojanguren doktoreak modu enpirikoan jarraitu behar dugula zure tratamendua. Printzipioz linfoma folikularrari dagokiona emango dizugu, baina baliteke aurrerago, zure gorputzak nola erantzuten duen, osatu behar izatea. Bilatu behar dugu alternatibarik eraginkorrena eta toxikotasun txikiena duena zuretzat.
Ondorioak tratamenduan
Aurkikuntza honek ondorio dezente izan lezake nire tratamenduan. Hona hemen zenbait:
Bukatu dut bigarren zikloa kimioterapian
Bi astebete atzeratu da bigarren zikloa kimioterapia hartzeko, bietan leukozito gutxi nuelako, hau da, defentsak baxu nituelako. Hasieran harrituta geratu ginen, baina harrezkero jakin izan dugu askotan gertatzen dela gaixoa etxera joan behar izatea kimioa hartu barik, harik eta leukozito kopuru nahikoa hartzen duen arte.
Bigarren ziklo hau bigunagoa izan da: egun gutxiago alde batetik, eta sendagaiak ere eramangarriagoak.
Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
> Barkatu, zure eskutitzak nire ikasleekin erabili ditut. Batzuk oso politak izan dira.
Ba... ba... ez dakit asko eskatzea izango den, baina zergatik ez diezu zure ikasleei denetan onenak diren pare bat aukeratu eta Sustatun sartzeko esaten? Albiste honi erantzun moduan emateko politak liratekeela seguru. Gainera, zure ikasleek ere ezagutuko dute Sustatu, bide batez, eta bat edo beste irakurtzera ere animatuko da aurrerantzean... ze oso politak direla esan diguzu eta guk ezin jakin... Animatzen badira ondo etorriak izango dira.
Gabon Joxe. Aspaldian ez diat hire berririk izan. Neu egon nauk deskonektatuta eta behar nian hire berri jakitea. Ikusten juat gero eta hobeto doiala dana eta poz haundia hartu juat. Egun hauetan beste arrazoi bategatik gogoratu nok hirekin. Orain dela 10 urte egon ginttuan elkarrekin Barren dela eta Elgetan afari baten inguruan. Ales, Imanol eta nik goguan jaukagu egun hura. Mikel ere hirekin zuan egun hartan. Bi aste barru Barrenek 10 urte beteko jittuk. Hiri esker Barren astekari bezala jaio zuan. Miren baino zahartxuagoa duk gure Barren eta ospakizunetan gure artean egongo haiz.
Barren barrenetik besarkada gogor bat ordukoen partez. ea laster egoten gaittuken. Miren eta Begori ere muxu bana.
Bene-benetan pozten nok! Jarraitzen dok Aupa Joxe saioekin? Ea noiz egoten garen. Ondo izan.