Teknologia albisteak

Kontseiluak "Ateak Zabalik" enpresa munduko eragileentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Larraitz Mendizabal - Kontseilua
2002-10-30 : 18:10

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean enpresa munduko eragileentzat ekitaldi bat egin du, 70 enpresa inguruk parte hartu dutelarik. Bertan, Xabier Mendigurenekin batera, Juan Maria Otaegi, Euskadiko Kutxako lehendakaria; Pedro Migel Etxenike, Donostia International Physics Center-eko lehendakaria eta Jose Maria Arrate, enpresaria eta Athleticeko presidente ohia; eta Iker Gomez de Segura, Kontseiluaren finantzaburua aritu dira.

Xabier Mendigurenek bere interbentzioan azpimarratu du Kontseilua lanean ari dela hizkuntz normalizazioa gizartearen arlo guztietan lortzeko, instituzio, alderdi eta Udalekiko lankidetza estuan. Zentzu horretan, enpresa munduko eragileek normalizazio prozesuan zeregin inportantea dutela gaineratu du. Bukatzeko, Kontseiluari diru laguntza ematen dioten enpresei eskerrak eman dizkie, Kontseiluaren proiektuak garatu ahal izateko enpresen laguntza ekonomikoa beharrezkoa baita.

Euskadiko Kutxako Lehendakariak, Juan Maria Otaegik zera esan du: “Hemen bildu garenok enpresa munduko gizon eta emakumeok gure gizartearen onuraren alde lanean ari gara. Gizarte honen ezaugarri inportante bat gure hizkuntza da. Horregatik, guri ere badagokigu euskararen normalizazioan urratsak ematea eta zalantzarik gabe gutariko asko egiten ari gara. Halaber, hizkuntzaren normalizazio prozesua bultzatzen duten gizarte eragileek ere gure babesa eta laguntza behar dituzte.”

Pedro Miguel Etxenikeren ustez, “euskararen normalizazio prozesuaren inguruko kontsentsu eta politika berriak beharrezkoak dira. Gure hizkuntzaren bizi iraupena ziurtatzeko behar beharrezkoak dira denok bat egitea eta gutxienezko adostasun mailak lortzea. Aurrera begira euskararen alde aritzen diren erakundeek lan bikaina egin behar dute, euskara arrotza duten sektoreak erakartzeko. Hala ere, eginkizun horretan ez dira bakarrik arituko; gizarte arlo guztietako euskaltzaleok horiekin bat egin behar dugu eta, horrela, euskarari bai esaten diogunon multzoa handituko da, zalantzarik gabe.”

Jose Mari Arratek bere interbentzioan azpimarratu du “gazteriari ziurtatu behar zaizkiola dakien hizkuntza erabiltzeko aukerak. Kirol munduan edo enpresa munduan konpromisoak hartu behar ditugu, gure hizkuntzaren normalizazioaren alde.”

Erantzun

Sartu