Teknologia albisteak

Irrati libre euskaltzalea egin gura dute Ermuan

Erabiltzailearen aurpegia
Anboto - Anboto Durangaldeko astekaria
2002-10-25 : 13:10

Hainbat ekitaldi antolatu ditu, datozen egunetarako, Ermuan irrati librea euskaraz sortu gura duen taldeak. Datorren martitzenean, hitzaldi batekin hasi eta hurrengo zapatuan egingo den kontzertuarekin amaituko da euskal komunikabide autonomoen gainean gogoeta egiteko antolaturiko egitaraua.

Komunikabide talde handien atzetik boterea edo aginte handia duten taldeak daudela gero eta nabarmenagoa den sasoi honetan, Ermuan irrati libreen alde dabiltza lanean. Euskal komunikabide autonomoen gaineko gogoeta sortarazteko asmotan ari dira eta irrati libre bat zabaltzeko sekulako gogoaz.

Irrati librea euskaraz edo...

Ermuko 10 lagun inguruk dihardute irrati librea egiteko proiektuan lanean, “herriko hainbat taldetakoak, baina bakoitza norberaren izenean; AEKn dabilen jendea dugu, Euskal Herrian Euskarazen dabilena, Gazte Asanbladako kideak ere bai”, azpimarratu dio Anbotori, Durangaldeko astekariari, Iñakik. Eztabaidetako bat irratiko saioak zer hizkuntzatan egin izan da: “euskara hutsean jardun ala euskarari lehentasuna eman; baina beste hizkuntza batzuei ere tarte egitea izan da urteotan izan dugun eztabaida; azkenean, irratsaioen %75 euskaraz izatea erabaki dugu, eta %25, berriz, erdaretan: gaztelaniaz, baina galegoz edo arabieraz egiteko aukera ere bazterrean utzi barik”. Izan ere, irratia egiteko proiektua duen taldeak argi du euskara bultzatu egin behar dena, eta euskararen erabilerak ondo zehazturik izan behar duena.

Dirua lortzeko kontzertua

Irratiaren azpiegiturarendako dirua lortzeko, datorren larunabtean, azaroaren 2an, rock kontzertua antolatu dute pilotalekuan, 21:30ean. S. A., Berri Txarrak, Ekon eta Nuevo Catecismo Catolico taldeeak izango dira. Sarrerak, aurrez 9 euro eta bertan 12 euroan salduko dira.

Irratsaioak

Emititzen, datorren udaberrian hasi gura lukete ermuarrek, baina, hainbaten, “irailera arte atzeratuko da hasiera”. Ermuko irrati libreak Arrosa proiektuaren barruan lan egingo du, “bestela oso gaitza izango bailitzateke, Ermuan, kalitatezko programazio iraunkorreko irratia antolatzea. Arrosa proiektuan Euskal Herriko hainbat euskal irratik hartzen du parte, elkarrekin emankizunak egin eta batak besteari laguntza emateko. Ermuko irrati taldearen ustean, “Arrosa proiektuak aukera berri asko eskaintzen du”, eta hori ere bada euskal irratien egitasmoan parte hartzeko arrazoia.

Erantzun

Sartu