Atzoko Euskaldunon Egunkariako UNI gehigarriak zekarren albistea. Webgune bat jaio da, Yahoogroups-en gisan, euskara hutsez funtzionatzeko modua ematen duten posta-zerrendak sortzeko.
Taldeak.com da zerbitzuaren izena. Euskalerria.org webposta sistemari lotua dago sistema berria, eta euskalerria.org-eko kontua behar da, nonbait, zerrendetan parte hartzeko.
Plazagunea enpresako Andoni Sagarnak hala azaltzen zuen UNI gehigarrian zerbitzuaren nondik norakoa:
Joan zen astean jaio zen posta-taldeentzako euskarazko lehen gunea. Jakina denez, posta-talde batean, antzeko interesak dituzten pertsonak biltzen dira, komunean dituzten gaiez hitz egiteko. Erabiltzen den komunikazio tresna posta elektronikoa da; baina talde bereko kide direnek, beste kideek igortzen dituzten mezuak jasotzen dituzte, eta aukera dute beste kide guztiei beren iritziak, kezkak, galderak, etab. adierazteko. Interneten milaka posta-talde daude burutik pasa litezkeen gai guztiei buruz, baina, orain arte, ez da izan tresnarik, euskarazko posta-taldeak, libreki eta doan, web bidez sortu eta erabiltzeko.
Jaio berri den hau, web bidezko postaren senidea da. Posta-zerbitzu honetan izena eman dutenek ez dute berriro izena eman beharrik; izan ere, postan erabiltzen dituzten erabiltzaile-izen eta pasahitz berberak erabiliz sar daitezke, eta zerbitzua erabiltzen hasi.
Erabiltzaileak aukera du lehendik sortuta dauden taldeetako kide izateko, eta baita nahi dituen talde berriak sortzeko ere. Lehendik sortuta dauden taldeak zein diren jakiteko, ez dago izena eman beharrik: aski da izena eman talde batean estekan klik egitea, eta, eragiketa hau burutzeko izena eman behar dela dioen mezu bat agertzen den arren, taldeen zerrenda irteten da. Dagoeneko talde mordoxka dago sortuta: bertsolaritza, euskal musika, arkitektura, futbola, arrauna eta beste hainbat gai hizpide hartuta.
Badirudi, harrera ona izan duela ideiak. Jendea erraz animatzen da, nonbait, talde bat sortzera. Izan ere, tresna erakargarría da. Hori bai, berehala ikusiko dugu batzuek sekulako arrakasta dutela; eta beste batzuk, aldiz, hilda jaio direla edo endekatzen direla. Zein da arrakastaren gakoa? Galdera ona eta erantzun zaila. Hala ere, zenbait gomendio, behintzat, eman genitzake.
Erantzun
Sartu