Teknologia albisteak
1

Erabiltzaile profilaren eboluzioa

Erabiltzailearen aurpegia
Eduardo Manchón - Ainda.info - Itzulpena
2002-10-23 : 11:10

Informatika ezagutzaren batezbesteko maila behera doa: gero eta gehiagok dakite Internet erabiltzen, baina maila oinarrizkoago batean. Orain arte jendea webguneetara moldatzen bazen ere, gaur egun webguneek moldatu behar dute pertsonetara.

Honek erronka berriak dakartza webgileentzat.

Laburpena: (Interneteko) erabiltzaileak aldatu dira, ez dira betikoak eta pertsona arrunten gero eta itxura handiagoa dute. Batezbesteko erabiltzaile berrientzat informatika ez da hobby bat, eskuetan duten tresna huts bat baizik, horregatik ezin dugu espero behar den gutxieneko hori baino gehiago ikastea. Informatika ezagutzaren batezbesteko maila beheraka doa, gero eta gehiagok dakite Internet erabiltzen, baina maila oinarrizkoago batean. Orain arte jendea webguneetara moldatzen bazen, gaur egun webguneek moldatu behar dute pertsonetara.

Dotcom edo puntu-com enpresa askoren ustetan, denborarekin, erabiltzaileen batezbesteko ezagutzak goraka joan behar zuen. Beraz, ez zegoen webguneen diseinua sinpleago egin beharrik, erabiltzaileek denborarekin ikasiko zutenez.

Errealitatean, kontrakoa gertatzen ari da. Erabiltzaile kopurua goraka doan arren, ezagutza maila gutxitzen doa. Webgune erabilgarriak sortzeak lehentasun handiagoa du orain.

Duela zenbait urte, ordenagailuen erabiltzaile gehienentzat informatika hobby dibertigarri eta interesgarri bat zen, eta askok programazio lengoaiak ezagutzen zituzten. Erabiltzaile hauek ordenagailuetara moldatzeko zenbait modelo bereganatu zituzten eta hauek dira gaur egunean web diseinua zuzentzen dutenak.

Aldiz, ordenagailuen erabilera gainontzeko pertsonengana zabaltzean, erabiltzaile nagusia beste bat bihurtzen ari da. Hauentzat, ordenagailuak ez dira beraien bizitzako oinarrizko zati bat edo hobby bat, baizik eta beraien eguneroko jardunerako tresna bat gehiago.

Orain arte, aplikazio informatiko eta webguneek erabiltzaile profil desberdin bat zuten helburu: lana, ikasketak edo premiak bultzatuta ikastera behartuta zeuden pertsonak. Motibazio handia zegoen beraz, soldata edo etorkizun profesionala jokoan baitzegoen. Webguneak edo programak erabiltzen zailak baziren, arazoa ez zen sortzailearena, erabiltzailearena baizik. Sortzailearen lehentasuna ez zen erabilgarritasuna, funtzionalitate berriak sortzea baizik.

Gaur egun egoera aldatu da. Gauza ez da jendea webera obligazioz erakartzea, baizik eta ahal den azkarren web-a erabiltzearen abantailetaz jabetzea, horrek mugitzen baitu erabiltzailea. Onura hauek nabaritzeko oinarrizkoena erabiltzaileak web-a ulertzea eta erabiltzen jakitea da, eta horretarako giltza da erabilgarritasuna.

Erabiltzaileen profilaren eboluzioa ez ulertzeak azaltzen du maila batetan dotcom-en krisia. Aplikazio eta webguneak sortzeko modelo zaharra aplikatu zaio mundu guztiz desberdin bati: jende arruntari.

Teknologia berri bakoitzarekin gertatzen den fenomeno ezaguna da hau. Adibidez, lehenengo autoak azaldu zirenean, erabiltzaile aditua zegoen, konponketak eta mantenua egiteaz aparte, barneko funtzionamendua ondo ezagutzen zuena. Erabiltzaile gutxi zeuden, baina asko zekitenak. Denboraz, jende gehienak autoa erosi zuen; bere funtzionamendua eta mantenua erraztu eta estandarizatu zen, eta nonnahi konponketa garajeak sortu ziren. Gaur egun gehienontzat motorea kaxa misteriotsua da eta kapota ez dugu irekitzen, ez bada ke asko ateratzen. Funtsean, asko gara eta oso gutxi dakigu. Gaur egun denok irribarrez begiratzen diegu autoa beren bizitza bihurtu duten horiei: beti dabiltza karburadorea gora, kulataren junta behera...

Internetaren erabilpenean profesionalak eta erabiltzaile aurreratuak autoen fanatiko zahar horiek bezalakoak dira/gara, desagertuko den espezie hori, ez zenbakiz, baizik eta erabiltzaileen kopuru globalaren ehunekoan gutxitzen joateagatik.

Hala ere, profesional askok batezbesteko erabiltzaileak azkenean ikasiko duela uste du. Ez dut uste. "Urliak" beharrezkoa zaion edo betetzen duen minimoa ikasiko du. "Urliak" ez du ikasteko ez gogo ez denborarik, ezin dugu etorkizuneko emaitzen itxaropenekin motibatu edo efektu bereziekin liluratu, horretarako zinema baitauka, bide batez erosoago eta dibertigarriagoa dena.

Lagun bizkor bati, "ordenagailuekin ondo konpontzen ez den" bati ofimatika edo interneten nabigatzen erakusten ibili denak ondo ezagutzen du arazoa. Gure erabiltzaile aurreratuaren buruko modelo horren arabera gure laguna oso baldar moldatzen da, azkar zapuzten da, emaitzak segituan jaso nahi ditu eta ordenagailuari gorrotoa hartzen dio. Ez du pazientziarik, aurkezten diogun webgune zoragarria erabiltzen ikasteko. Nahiz eta gure lagunaren adimenari buruzko dudak sortu, beste lagun batzurekin frogatuz gero ulertuko dugu arazoa ez dagoela haiengan.

Copyleft Eduardo Manchón. 2002/01/01 - Barcelona
Jatorrizko artikulua: La evolución del perfil del usuario medio

Itzulpena: Garikoitz Araolaza

Erantzunak

Maite Rementeria. Code&Syntax-etik
2002-10-23 : 12:39

Erabat ados nago Eduardo Manchonek artikulu honetan esandako guztiekin. Eduardok esaten daban bezala "erabiltzaileak web-a ulertzea eta erabiltzen jakitea da garrantzitsuena eta horretarako giltza da erabilgarritasuna". Web-ak egiten ditugunonen lana da web erabilterrezak egitea. Uda aurretik "erabilgarritasuna" edo gaztelaniaz "usabilidad" deitzen zaionari buruz ikastaro bat egiteko aukera euki naban. Hona hemen orduan idatzi naban artikulua.


Bestalde Eduardok berak beste ikastaro bat emango du azaroaren 8 eta 9an Madriden. Hemen duzue informazio gehiago. Inork bertaratzeko aukerarik balu, seguru izan ez duela damurik izango. Aspalditik jarraitzen dut bertan irakasle izango diren Eduardo Manchón, Cesar Martín eta Humberto Matasen artikuluak Cadius posta zerrendari esker eta gai honetan benetan jakitunak direla esan dezaket.


Erantzun

Sartu