Teknologia albisteak

Lehen jardunaldiak Haur Hezkuntzaz Mondragon Unibertsitatean

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2002-10-21 : 11:10

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak jardunaldi batzuk antolatu ditu, goiburu honekin: Haur Eskola (0-3 urte) Jakintza Zientifikoaren Argitan: Galderak, Erronkak eta Proposamenak. Jardunaldiok azaroaren 22an eta 23an egingo dira, Eskoriatzan. Izena emateko azken eguna: azaroaren 4a.

Azken urteotan aldaketa handiak gertatu dira industria herrialde garatuetan, besteak beste, lan-erritmoa eta emakumea laneratzeari dagokionez. Eta aldaketa horiek eragin dute fenomeno berri bat: haurra gero eta goizago uzten da eskola-sistemaren esku, hazi eta hezi dezan. Fenomeno honen ondorioak, ordea, ezin dira oraindik neurtu.

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk ikerketa bat abiarazi du gai honetaz, Arizmendi Ikastolarekin lankidetzan: Hazitegi du izena eta lantzen du haur eskola eredu bat, erantzungo diena haurraren garapen psikobiologikoaren premiei eta familien gizarte eta kultura ezaugarriei.

Eta honen haritik antolatu dira jardunaldiak. Berauek Karin Grossman (Regensburgeko Unibertsitatea, Alemanian) eta Marinus van Ljzendoorn (Leidengo Unibertsitatea, Holandan) irakasleek zuzenduko dituzte. HUHEZIk eta Arizmendi Ikastolak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesa eta Fagor Kooperatiba Elkartearen laguntza izan dute jardunaldi hauek antolatzeko.

Jardunaldien gaia

Hasierako etapa emankor honetan haurrak erantzun egokiak behar ditu bere elkarrekintzetarako lehen zaintzaileen aldetik. Erantzun hauek nolakoak, halakoa oinarrizko konfiantza bere buruan eta gainerakoengan edo segurtasunik eza eta larritasuna. Bizitzako lehen urtean haurrak harreman orekatu eta harmoniatsua bizitzeko aukera duenean, esplorazioa garatzeko bidea zabalduko zaio eta, horrekin batera, adimenaren garapena eta beste haurrekin lotzen duen elkartasuneko lankidetza ere bai.

Jardunaldien helburuak

  • Hausnartzea, egungo jakintzaren argitan, zer ondorio izan dezakeen denbora dezente egoteak haur eskolan adin goiztiarretan haurren portaera, emozio eta kognizioaren garapenean (0-3 urte bitartean).
  • Aurkeztea azterlan garrantzitsuenak, jakiteko haur eskolak (group day care) zer ezaugarri izan behar dituen bermatzeko haurraren garapenik onena.

Izen ematea

Matrikulak 120 euro balio du. Izena eman nahi duzuenok azaroaren 4a arte izango duzue aukera. Horretarako HUHEZIra egin dezakezue dei, 943 71 41 57 telefonora. Hantxe jasoko duzue berri gehiago.

EGITARAUA

Azaroaen 22a, ostirala

  • 08:15 Harrera eta akreditazioak banatzea.
  • 09:30 Jardunaldiak hasiko dira. Angeles Iztueta (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua) eta Iñaxio Oliveri (Mondragon Unibertsitateko errektorea).
  • 10:00 Sarrera jardunaldiei: Rafael Cristobal (HUHEZI).
  • 10:40 Atsedenaldia.
  • 11:00 Haur eskola eta haur-garapen goiztiarra (0-3 urte): galderak, erronkak eta proposamenak. Marinus van Ljzendoorn (Leydeneko Unibertsitatea).
  • 12:15 Solasaldia etorritakoekin. Moderatzailea: Alexander Barandiaran (HUHEZI).
  • 13:00 Bazkaria.
  • 14:15 Atxikimendua eta arreta eskolan: nola aurrera egin biek. Karin Grossman (Regensburgeko Unibertsitatea).
  • 15:30 Solasaldia etorritakoekin. Moderatzailea: Rafael Cristobal (HUHEZI).
  • 16:15 Atsedenaldia.
  • 16:45 Haur eskolen egungo egoera Euskal Autonomia Erkidegoan: haur-laguntzaren soziologia, programak, legeria eta hezkuntza politikak. Anjeles Iztueta (Eusko Jaurlaritza).
  • 17:15 Mahai ingurua. Moderatzailea: Rosa Elizburu (Arizmendi Ikastola).
  • 18.15 Eguneko jardunaren bukaera.

Azaroaren 23a, larunbata

  • 09:30 NICHD azterketa haur eskolei buruz. Marinus van Ljzendoorn (Leydeneko Unibertsitatea).
  • 10:40 Atsedenaldia.
  • 11:00 NICHD azterketa (jarraipena). Marinus van Ljzendoorn (Leydeneko Unibertsitatea).
  • 12:00 Solasaldia etorritakoekin. Moderatzailea: Mariam Bilbatua (HEZI).
  • 13:00 Bazkaria.
  • 14:15 Haur eskola: kalitate indikatzaileak (aurkezpen audiobisuala). Karin Grossman (Regensburgeko Unibertsitatea).
  • 15:30 Solasaldia etorritakoekin. Moderatzailea: Arantxa Lejarraga (Arizmendi Ikastola).
  • 16:15 Atsedenaldia.
  • 16:45 Hazitegi proiektua: Alexander Barandiaran (HUHEZI) eta Rosa Elizburu (Arizmendi Ikastola).
  • 17:00 Mac Arthur proiektua: komunikazio gaitasuna neurtzeko zerrenda 8-30 hilabete bitarteko haurrentzat. Andoni Barreña eta Iñaki Garcia (HUHEZI).
  • 17:45 Jardunaldien ondorioak. Rafael Cristobal (HUHEZI).
  • 18:15 Jardunaldien bukaera. Iñaxio Oliveri (Mondragon Unibertsitateko errektorea).

Erantzun

Sartu