Burusoil baten memoriak
Nire burua soil eta gorri geratu da, biluzik, bat ere ile barik. Banekien minbiziak hori ekarriko zidala. Eta prest nengoen horretarako, baina nire inguruan lurrikara txiki bat eragin du. Hementxe duzu horren kontakizuna, argazki eta guzti.
Urriaren 8an, hamabost egun kimioterapia hartzen hasi eta gero, konketa ilez josita ikusi nuen, burua sikatu ostean. Hauek nireak izango dituk, bada!, esan nion neure buruari. Konketa garbitu eta burua astindu nuen ondoren: berriro bete zen ile motzez. Begori deitu eta erakutsi nion aurkikuntza. Ondoren, ile sorta bat hartu ezker lokian eta tira egin nuen, suabe: ile guztiak esku artean geratu zitzaizkidan. Argi zegoen ilea erortzen hasi zela, kimioaren eraginez.
Zergatik ukatu. Banekien etorriko zela, baina zirrara apur bat egin zidan. Eta egun hartan beste batzuetan baino sentiberago ibili nintzen. Gauean, berriro moztu nuen ilea, lehen baino motzago. Baina hiru egunean mordoa erori zitzaidan: leku guztietan ile arrasto amaigabea uzten nuen eta buruak ere itxura eskasa hartu zuen. Hori zela eta, Pilarika egunean erabat moztu nuen buruko ilea, lehenengo makinatxo elektrikoarekin eta gero bizarra kentzeko atxurrak lagunduta. Idoia koinata izan nuen ile apaintzaile, gure familiako Teresa Kalkutakoa.
Lurrikara txikia
Ispiluan begiratu eta beste itxura bat nuen: burua erabat gorri eta kolore eskasa, batez ere ilea moztu genuen tokietan. Minbizidunen marka agerian nuen orain. Gero kalean gertatutakoak berretsi zidan irudipen hori.
Egun hartan familia bazkaria genuen Oñatin. Ama, anai-arrebak eta hainbat loba elkartuko ginen. Baina joan aurretik, Miren jaso behar plazan. Kapela bat neraman jantzita eta berarengana iritsi ginenean, hark ni arraro ikusi: zer egin duzu buruan?, esan zidan. Eta nik orduan kapela erantzi, brausta, eta, taraaa !, erakutsi nien buru soila, berari eta bere laguntxoei. Mirenek atzera egin zuen, harrituta.
Ordu erdi geroago, amak ere sekulako astindua hartu zuen, ikusi ninduenean kapela barik eta erabat burusoil. Eskerrak tabernako barran bermatu zela, bestela jausi ere bai. Justu bezperan ikusi ninduen eta artean banuen ilea.
Bi pasadizo hauetatik ikasi dut komeni dela jendea prestatzea, norbera ondo egon arren, batzuetan ona izaten dela besteei denbora apur bat ematea eta aurretik jakinaraztea. Batez ere ume eta pertsona nagusiei. Hori dela eta, jarri dut oraingo argazki bat artikulu honen bukaeran, ezustekorik har ez dezazuen ikusten nauzuenean.
Kalean ere oso nabarmena izan da aldaketa. Ni pasatzen naizenean, jende asko geratzen da begira. Eta horrek deseroso sentiarazten nau batzuetan, nahiz eta jakin normala dela eta ez diodala eman behar duen baino garrantzi handiagorik. Jendea ohituko da eta ni ere bai.
Ezin ilerik hartu
Burukoak ezezik, gorputzeko ileak ere erortzen dauzkat: bekainetan, bularrean eta hankartean. Martxa honetan erabat gorri geratuko naiz, goitik behera. Laster inork ezin izango dit ilerik hartu, nahiz eta lagunek bapo jotzen didaten adarra: Pantani, Yul Brinner, Burusoiltxo eta horrelako lorak esaten dizkidate, adar soinuan. Eta nik eskertu haien txantxa.
Kapela pare bat ere erosi dut: mendian-eta ibiltzeko txano bat, hotz egiten duenerako; eta lepoko koloretsu eta fin horietako bat, buruan ere jantz daitekeena, eguzki eguneratarako.
Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.
- Medikuak esan dit minbizia dudala.
- Eskerrik asko denoi ospitaletik!
- Hasi naiz kimioterapian.
- Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
Postdata
Mila esker, bihotz-bihotzez, idatzi eta deitu didazuen guztiei Euskadi Irratian eta Goienkarian egindako elkarrizketak entzun eta irakurri ondoren. Sustatu osatzen dugun familia hazten doa egunetik egunera.
Maite zaituztet!
Erantzunak kargatzen...