Teknologia albisteak

"Kooperatibak eta euskara" liburuaren aurkezpenean

Erabiltzailearen aurpegia
Jesus Garmendia - Emun
2002-10-18 : 12:10

Kooperatibista euskaldunen topaketa izan zen atzo Arrasaten, eta Kooperatibak eta euskara liburua aurkeztu zen bertan. Ekitaldian hizlarietako baten, Jesus Garmendia Emun kooperatibako lehendakariaren hitzaldia ekarri dugu gaur Sustatura.

Atzo aurkeztu zen, Arrasaten, Lanki Institutuko Amagoia Unanue eta Nahia Intxaustik idatzitako Kooperatibak eta euskara liburua. Ekitaldi zirraragarri batean, ia 800 lagunek bete zuten Amaia antzokia: Kooperatibista euskaldunen topaketa ere izan zen ekitaldi hori, hain zuzen. Liburuaren prestaketan eta topaketaren antolakuntzan Emun kooperatibak ere parte hartu du. Atzoko ekitaldiko hizlarietako bat Emun-eko lehendakaria Jesus Garmendia izan zen, eta haren hitzaldia jaso dugu Sustaturako.

Kooperatibak eta euskara liburuaren aurkezpenean

Jesus Garmendia
Arrasate 2002-10-17

Bi hitz esan behar nituela eta, aitortu behar dut , liburu irakurri ondoren, iragana bakarrik aipatzeko tentazioa etorri zaidala: ( CIM idiomas, Irakasle Eskola, gero Unibertsitatea, AED, Euskalan, Ikastola, EMUN azkenik ) liburua ardazten duten mugarriak, alegia, izan baitira hein batean neure bizitzarenak ere. Baina EMUNeko jendeak, gaztea eta etorkizunean finkatuta, ez lidake barkatuko tamaina honetako bekaturik, eta, nola, azken finean, EMUNeko Lehendakari gisa nagoen hemen, atzera begiratu gabe, aurrera begira esango ditut une hain laburrean esan daitezkeen eran, pare bat gauzatxo.

Baina zilegi bekit, aurrera begiratu aurretik, albora begiratzea:

  • Eta alboan ikusten ditut erdaldunak: ezin ditugu ignoratu: beraiengana hurbildu, irudimenaz eta ausardiaz, beraiek hurbil dakizkigun
  • Alboan ikusten ditut kooperatibak ez diren enpresak, hau da, ia gehienak: inoiz ikusi izan dugu hiru edo bost mila metroko lasterketetan erbi lanetan jarritako korrikalaria azkarregi joaten: kasu hauetan lagungarri ordez, beste korrikalarien abiadurarentzat kaltegarri bihurtzen da: izan bitez kooperatibak, euskara alorrean, pelotoiaren tiratzaile, eta ez erbi antzu.
  • Alboan ikusten ditut, oraindik, EMUNen antzeko beste enpresak, ELHUYAR kasu. Ez gara etsaiak elkarrekiko: etsai bakarrak, denontzat, dira geure urteetako inertzia eta besteen mesprezua. Etsai horiek uxatzeko behar ditugu, ohiko ika-mikak ika-mika, sinergiak bildu, dena ez baita gehiegi izango.

Eta aurrera begira, orain bai, zer esan

  • Kontura gaitezen enpresen euskalduntze prozesuaren erdigunean, esan nahi da borroka honen muinean, pertsona batzuk daudela; pertsona horiengan haragitzen da gizartearen borondatea, orain dela 40 urte andereño multzoan egin zuen bezala. Ez dira funtzionarioak eta ez dira profesionala hutsak ere: euskararen testigu eta apostolu dira, sarritan giro hotz edo epelegian dihardutenak: gure begirunea eta esker ona merezi dute, gure bultzakada behar dute, denborak ez ditzan erremin eta azkenean, besterik gabe, erre. Maratoi moduko lasterketaz hitz egiten ari baikara
  • Aurrera begira oraindik zera esaten da liburuan: Belaunaldi berrietan zati handi batek lan egiteko prestakuntza jaso du, eta horretarako motibatuta dago. Hori horrela, gertatzen da belaunaldi berriak ez daudela, oro har, aginte postuetan; aginte postuetan daudenei, edozein delarik ardura maila, eskatu behar zaie hemen eta orain jakin dezatela irakurtzen sortzen ari den giro berria eta ez dezatela hipotekatu biharko enpresa giroa.

Eta bukatu beharrean nago; EMUNen izenean, eskerrik beroena Amagoia eta Nahia liburuaren egileei: ondotxo dakit zenbat ordu eskaini dizkioten lan honi, zenbat ilusio jarri duten bertan; eta haien zuzendu dituen Sarasuari maisuari. Esker beroenak halaber etorri zarete guztioi ekitaldi ikusgarri honetan partaide izatea erabaki duzuelako; polita, eta ikusgarria , esan dut; baina, azken finean, gauza normala egiten ari gara, gauza normalenaren atzetik gabiltza: alegia, Jon Sarasuaren hitz batzuk erabiliz, gure hizkuntzak, berau erabiliz birsortu duten belaunaldiekin gaitu harremanetan jartzen, eta hurrengo belaunaldiei ura eskutik eskura pasatzeak euskaldunari bihotza dardaratzen dio.

Guk, inolako meriturik gabe jaso genuena, gure ondorengoei transmititzea: ez dugu besterik eskatzen: baina horretarako enpresaren konplizitatea ezinbestekoa da.

Erantzun

Sartu