Teknologia albisteak

Euskara eta CodeSyntax, nazioarteko aldizkari baten azalean

Erabiltzailearen aurpegia
CodeSyntax - Eibar
2002-10-16 : 19:10

Ez da Nature-ko azal hark lortu zuenaren parekoa... baina gu pozik gaude, jakina. CodeSyntax enpresatik bidalitako artikulu batek lortu du azala informatika eta eleaniztasuna lotzen dituen Europako aldizkari nagusian, Localisation Focus delakoan.

Enpresako propagandak gehiegi ez badizu molestatzen, egin klik eta segi irakurtzen.

Localisation Focus aldizkari profesionalaren gaia da lokalizazioa eta internazionalizazioa: aplikazio informatiko eleanitzak egiteko behar den injinerutza da hori, CodeSyntax-etik jorratzen dihardugun ildo teknologiko berezitu samarra.

Localisation Focus Irlandan egoitza duen Localisation Research Center (LRC) erakundeak kaleratzen du. Country focus bat kaleratzen dute ale bakoitzean, herrialde jakin batean lokalizazioak bizi duen panoramarekin, eta Euskal Herriaz idatzi du ale horretan Luistxo Fernandez-ek, LRC-tik eskatuta. 1995tik hona Euskal Herrian lokalizazioaren alorrean emandako urratsak komentatzen (eta, neurri batean, kritikatzen) dira artikuluan, eta norabide berriak nondik nora joan daitezkeen azaldu ere bai. Artikulua hemen dago (PDF formatuan).

Nonbait, artikulua gustatu eta azalera eraman dute, 2002ko iraileko alean. Hori bai, azaleko irudia egiten ezin esan asko apaindu duenik alea maketatzaileak. Zeuek ikusi eta atera ondorioak. Geuk ez diegu behintzat ikurriñarik edo mendi-bistarik bidali. Artikulugilearen argazkia eskatu ziguten eta huraxe bidali genien. Jakin izan bagenu irudi gehiago behar zutela, euskaraz lokalizatutako produktu informatikoen pantaila-irudi batzuk apailatuko genizkien.

Ale berean, CodeSyntax-ek gune eleanitzak egiteko erabiltzen duen teknologia aipatzen da, haren sortzaileak, Juan David Ibáñez informartikari valentziarrak liberatutako Localizer softwarea. Ibáñezek bere teknologia oinarri duten zenbait webguneren berri ematen du erreferentzietan, eta horietako bat da Ondarroa.net, geure enpresak egina.

Enpresako beste albiste batzuk

Azken aldi honetan beste nobedade batzuk ere izan ditugu CodeSyntax-en. Irailean gurekin hasi da lanean ingeniari berri bat: Josu Azpillaga enpresa-antolakuntzako goi-ingenieria da Nafarroako Unibertsitatetik, eta CodeSyntax-en Ikerketa eta Garapen (I+G) alorra izango du bere gain. Horra iritsi aurretik, ezagutzaren kudeaketa sistemetan egin du lan, Ikerlan-en eta MIK-en (Mondragon Innovation Knowledge), eta Uztarria.com Azpeitiko herri-ataria asmatu duen teknikaria izan da.

Hizkuntza ingenieritzako ikertaldeekin

Irailean, halaber, Euskal Herrian hizkuntzen ingenieritzan lan egiten duten bi ikertalde nagusiek, CodeSyntax enpresarekin batera proiektu berriak aurkeztu zituzten. Batetik, IXA Taldeak egindako webgune berriaz informatu zen Sustatun.

Bestetik, Deustuko Unibertsitateko DELI taldeak (Deustuko ingeniari, hizkuntzalari eta informatikariak) SARE-Bi aurkeztu berri du, TEI/XML lengoaian oinarritutako dokumentazio eleanitzerako gestio-sistema, CodeSyntax-ekin elkarlanean sortua. SARE-Bi-rekin dokumentu original eta itzuliak inportatu, esportatu, berritu, elikatu eta kontsultatu daitezke web ingurune erabilterraz batean.

SARE-BI Espainiako 8. SEPLN biltzarrean (Sociedad Española para el Procesamiento del Lenguaje Natural) aurkeztu zen, Valladolid-en, joan den irailaren 12an.

CodeSyntax Eibarren kokatutako enpresa da. Interneteko edukia kudeatzeko softwarean (content managements systems edo CMS direlkoak) eta eleaniztasunerako eta hizkuntza ingeniaritzarako aplikazioetan dago berezitua.

E-administrazioan aurrera

Gipuzkoako Foru Aldundiak herri-administrazioei emandako dirulaguntza deialdi batek indarra eman die hainbat udalei beren web presentzia berritzeko edo hasteko.

Aukera hori aprobetxatu du CodeSyntax-ek Udalerria Web Plataforma ezartzeko Gipuzkoako hamar udaletan. Plataforma hori edukiak kudeatzeko software edo CMS bat da, bereziki e-administrazioari eta erakunde lokalei egokitua, modulo moldagarriz osatua: edukien argitaratze zuzena, funtzionamendu elebiduna, irisgarritasun estandarretara egokitutako diseinua, eta kudeaketa dinamiko eta automatizatua.

Eduki kudeaketarako, gainera, Sustatu-n lankide ditugun Goiena Komunikazio Zerbitzuen sostengua izango dute udal horietako garapenetako batzuek, edukiaren hornikuntza eta kudeaketarako. Hala gertatuko da Bergara, Elgeta eta Eskoriatzako Udalarekin eta Debagoieneko Mankomunitatearekin.

Erantzun

Sartu