Teknologia albisteak

Bertsolamintza III "Gaia gai"

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Agirreazaldegi - Xenpelar Dokumentazio zentroa
2002-10-10 : 15:10

Bertsozale Elkarteak, Iker taldearen eskutik, Bertsolamintza jardunaldien hirugarren ekitaldia abian jarri du. Bertsolaritzaren gaineko ikerketak urri dira, eta beharrak, asko eta askotarikoak. Gabezia horri erantzuteko, ikerkuntza lerroak finkatzeko eta hauen garapena sustatzeko sortu zuen Bertsozale Elkarteak, orain urte eta erdi, Iker taldea.

Ikerketen eragile, koordinatzaile nahiz bideratzaile izatea du egiteko nagusi, eta horretarako, bertsolaritzaren eta ahozkotasunaren inguruan egin diren ikerlan guztien sailkapena jasoko duen Ikerkuntza Mapa osatzea du epe ertaineko helbururik behinena.

Ikerkuntza Mapaz gain, beste zenbait lantxoren egile ere bada Iker taldea. Besteak beste, bertsogintzaren estrofismoa aztertzen ari da une hauetan, bertsolaritzan erabiltzen diren zenbait kontzeptu eta izen bateratzen, edo bertsoak transkribatzeko irizpideak berrikusten.

Oraingoan, ordea, Bertsolamintza jardunaldien hirugarren ekitaldia aurkeztera dator. Bertsolaritzaren gaineko azterketak landu eta hauen eztabaida bultzatzea izan zen, 1993an, Bertsolamintza lehen aldiz antolatu zutenen helburua. Bide beretik antolatu zen 1995ean ere. Hasierako xedeei eutsiz erabaki du Iker taldeak Bertsolamintza jardunaldiak berriz antolatzea, eta horretarako, aski gai emankorra hautatu da: bertso-gaia bera.

Azken Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Bertso Eguna igaro ondoren, bertsogintzaren aztergune bihurtu da gaia. Hori ikusita, bost aditu gaiaren hainbat arlo aztertzen aritu dira joan den maiatzetik oraintsu arte, Iker taldearekin batean. Mintegi hauetan egindako lana bertsozaleengana zabaltzeko unea da orain, eta horretarako, adituek landutako gogoetak aurkeztu eta eztabaidatuko dira Bertsolamintza jardunaldietan.

Hala, Gaia gai goiburua izango du aurtengo aldiak; hortik abiatu dira eztabaidagai izango diren bost txostenak, eta bertso-gaiarekin zerikusia duten hainbat alderdi jorratzeko bide emango dute guztiek ere. Gaia gai hartuta, beraz, gaia epailearen ikuspuntutik aztertuko du Jon Abrilek; gaiaren tematikaz hitz egingo digu Maialen Lujanbiok; gaia eta neurria izango ditu ardatz Andoni Egañak; Karlos Aizpurua gaiaren formulazioaz arituko da eta Josu Goikoetxeak, berriz, saioaren egitura izango du hizpide.

Urriaren 15etik 24ra bitartean, hainbat ekitaldi izango dira Iruñean, Bilbon, Arrasaten eta Oiartzunen. Txosten egile bakoitzak bi lekutan aurkeztuko du bere gogoeta, eta aurkezpenen ondoren, txostenak eztabaidatuko dira. Horrezaz gain, hitzaldiekin lotura izango duten bi bertso saio esperimental ere egingo dira, txosten egileak gai-emaile dituztela. Egungo bertsolaritzaren ezaugarriak, ildoak, aukerak, langaiak zein diren aurkeztu nahi diogu bertsozale orori, eta horien gaineko eztabaidetan eta bertso saioetan parte hartzera gonbidatu.

Jardunaldiak bururatzeko, egun osoko saioa prestatu dugu Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, urriaren 26rako. Aukera aparta izango da txosten guztien edukia jasotzeko eta eztabaidan esku hartzeko. Bertso saio berezia ere izango da: txostenak landu dituzten adituek jarriko dituzte gaiak.

Ekitaldi denak bertsozale guztiei irekiak izango dira, eta bertsogintzaren azken hausnarketak zertan diren jakin nahi duten guztiak gonbidatu nahi ditugu.

Bertsozale Elkarteko Iker taldea

EGITARAUA

Urriak 15, asteartea
Iruñea: Erraldoein txokoan, 20:00etan

  • Maialen Lujanbio: `Zertaz ari gara? Zertan ari gara?´
  • Josu Goikoetxea: `Bertso jaialdiaren egitura: oreka eta ekilibrioa´

Urriak 16, asteazkena
Bilbo: Kafe Antzokian, 20:00etan

  • Karlos Aizpurua: `Formula magikoak´ - Jon Abril: `Gaia epailearen begiradapean´

Urriak 17, osteguna
Bilbo: Kafe Antzokian, 20:00etan

  • Andoni Egaña: `Nolako gaia, halako neurria?´
  • Bertso afari esperimentala: Gai-jartzaile: Andoni Egaña Bertsolariak: Jon Maia eta Igor Elortza

Urriak 22, asteartea
Iruñea: Gurutze enparantzan, 20:00etan

  • Karlos Aizpurua: `Formula magikoak´
  • Bertso saio esperimentala: Gai-jartzaileak: K. Aizpurua eta J. Garzia. Bertsolariak: A. Egaña, U. Iturriaga eta M. Lujanbio

Urriak 23, asteazkena
Arrasate: Monterron Jauregian, 19:30etan

  • Jon Abril: `Gaia epailearen begiradapean´
  • Maialen Lujanbio: `Zertaz ari gara? Zertan ari gara?´

Urriak 24, osteguna
Oiartzun: Udaletxeko pleno aretoan, 20:00etan

  • Josu Goikoetxea: `Bertso jaialdiaren egitura: oreka eta ekilibrioa´
  • Andoni Egaña: `Nolako gaia, halako neurria?´

Urriak 26, larunbata
Andoain: Martin Ugalde Kultur Parkean, egun osoko jarduna Egitaraua:

10:00etan: Gogoeten aurkezpena

  • Jon Abril: `Gaia epailearen begiradapean´
  • Karlos Aizpurua: `Formula magikoak´
  • Andoni Egaña: `Nolako gaia, halako neurria?´

12:00etan: Kafea

12:15etan: Gogoeten aurkezpena

  • Josu Goikoetxea: `Bertso jaialdiaren egitura: oreka eta ekilibrioa´
  • Maialen Lujanbio: `Zertaz ari gara? Zertan ari gara?´

14:00etan: Bazkaria

16:15etan: Eztabaida

18:00etan: Bertso saioa

Oharra: Andoaingo ekitaldian parte hartzeko, aurrez Bertsozale Elkartean izena eman behar da: 943-217798 telefono zenbakira deituta edo bertsozale@euskalnet.net helbidera mezu bat bidalita.

GAIA EPAILEAREN BEGIRADAPEAN

Epailearentzat, gaia neurgailu bat gehiago da, baina bere garrantzia begi bistakoa da. Eta horregatik da garrantzitsua gaiaren inguruko hausnarketa egitea epailearen ikuspuntutik ere. Bertsolaria gaiaren barrenean edo kanpoan den epaitzeko, lehenik hitz horien definizioan sakondu beharko da, eta hori da txosten honen asmoa. Baina gaiak dituen bertze alderdiak ere aintzat hartuko ditugu.
Jon Abril

FORMULA MAGIKOAK

Gaia bertsolaria edo bertsolariaren sormena biluzteko estakurua da. Testu bezala formulatua edo ez, modu batera edo bestera idatzia izanik ere, gaia bertsotan aritzeko abiapuntua besterik ez da. Gaiaren zabalera estutzea edo gaiaren zehaztasunak garatzea bertsolariari dagokio. Bertsolaria libre da gai "irekia" zedarritzeko, eta libre gai "itxi" baten xehetasun bati edo testuinguruari helduta hesolak gainditzeko.

Formulazioak formulazio, bertsolariak gaia bere nortasunaren iragazitik pasa dezake edo distantzia baliatuz sortu. Areago, bertsolariak gai-emailearen gaia errefusatu, gai-emaileak deitu barik kantatu edo gaia bera `metagai´ bihur dezake. Horren baitan, zertan geratzen da "gaitik kanpora" aritzea?
Karlos Aizpurua

NOLAKO GAIA, HALAKO NEURRIA?

Zenbait gai motarentzat halako neurri jakin erabiltzen ohitu gara, bai gai-jartzaileak lanak agintzerakoan eta bai bertsolariak aukera eskura duelarik. Askotan, batzuen nahiz besteen ausardia falta baino ez du erakusten horrek. Gainera, gai arin / sakon irizpidea erabiltzen dugu lanari neurria egokitzerakoan. Landuxeagoa behar luke irizpideak, eta askotarikoagoa: gai denotatibo / konnotatibo; zu asko azalduko diren gaiak eta ni asko azalduko direnak; bertsoaz gaindi saioa bera berbaldi izatea bideratzen duten doinuak; hori eragozten duten aireak...
Andoni Egaña

BERTSO JAIALDIAREN EGITURA: OREKA ETA EKILIBRIOA

Ekilibristak, alanbre gainean dabilenean, erortzeko arriskua dauka. Hala uste du ahoa zabalik hari begira dagoen ikusleak. Oreka galduko ote du?, galdetzen du. Ekilibrista, hala ere, oso gutxitan erortzen da. Eta erortzen denean, normalean sarea izaten du. Ekilibristaren eta bertsolariaren arteko konparazioa bete-betea izan liteke. Baina sar al genezake gai-jartzailea joko honetan? Zein funtzio betetzen du gai-jartzaileak bertso jaialdiaren nondik-norakoan? Jaialdiaren gidaritza eman diote. Pertsona kabala behar du izan. Etxean taiutu duen bertso saioaren egiturak zurruna eta aldaezina izan behar al du ala ekitaldian bertan eraldatzeko modukoa? Nola lortu bertsoaldi desberdinen arteko oreka? Ba al dago egin behar ez denik? Eta errezeta magikorik?
Josu Goikoetxea

ZERTAZ ARI GARA? ZERTAN ARI GARA? Plazaz plaza, kontu kantari dabil bertsolaria, gehienetan, gai-emaile bat gidari hartuta. Azken urteotako jaialdietan proposatu diren gaien tematika aztertu, eta mintzagai aipatuenak urtetik urtera berberak direla ikus daiteke. Zertaz kantatzen du bertsolariak herriz herri? Zertaz, eta nola? Zertaz kantarazten dio gai-emaileak? Zertaz eta nola? Zein da bertsolariaren ardura eta zein gai-emailearena, tematikari eta orokorrean bertso saioari dagokionez?
Maialen Lujanbio

Informazio gehiago webgunean aurkituko duzu.

Erantzun

Sartu