Ez da justua Gipuzkoako Diputazioak herri egunkariak ez laguntzea
Garan irakur daitekeenez, Gipuzkoako Diputazioak ez ditu aurten diruz lagundu Hernaniko Kronika egunkaria eta Tolosaldeko Egunero egunkaria, euskarazko bi egunkari hauek ez direlako Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzak bideratzeko oinarrietan sartzen, nahiz eta 2001ean Kronikak diru laguntzak jaso Gipuzkoako Foru Aldunditik.
Gipuzkoako Diputazio -ko Euskara Sailean diru laguntzak emateko legeak nolakoak diren ikusita, garbi dago legez Kronikak eta Egunerok ez dituztela oinarriak betetzen, egunkariak direlako, baina ez da justua biek diru laguntzak ez jasotzea. Nire ustez, eta Garan irakur daitekeen bezala, bi egunkari hauek ere herri komunikabideak dira, eta Diputazioak, beraz, euskarazko herri komunikabideen alorrean ez du Gipuzkoan dagoen errealitatea behar bezala kontuan hartzen. Foru Aldundiak lurraldeko herri - bailara aldizkariak laguntzen dituen bezala lagundu beharko lituzke herri - bailara egunkariak ere, baina ez ditu laguntzen. Harrigarria da.
Gainera, lehen esan bezala, 2001ean Kronikak ofizialki jaso zituen diru laguntzak Diputaziotik (Garan jartzen duenez, 13.900 euro), eta, hortaz, Diputazioak urtebete oso bat eduki du bere oinarri horiek aldatzeko. Ez ditu aldatu, ordea. Harrigarria.
Nik uste erabaki horrek euskarazko herri komunikabideei ez diela batere laguntzen. Kronika eta Egunero egunkariak dira, eta seguruenez edozein herri aldizkarik baino aurrekontu handiagoak izango dituzte, eta diru laguntza publikoak ere behar beharrezkoak dituzte.
Erantzunak kargatzen...