Beste artikulu bat, alperrikakoa
Euskal Herriko bederatzi idazlek, tartean Bernardo Atxagak eta Anjel Lertxundik, iritzi artikulu bat argitaratu dute gaur, gaztelaniaz, El País egunkarian. Artikuluak gogor kritikatzen du Espainiako gobernuak azken aldian Euskal Herrian hartu dituen neurriak.
Idazle hauek sinatzen dute Otro artículo inútil izeneko artikulua: Ana Arregik, Bernardo Atxagak, Jorge Giménezek, Josemari Iturraldek, Anjel Lertxundik, Inazio Mujikak, Jabier Muguruzak, Iban Zalduak eta Patxi Zubizarretak. Artikulua agertzen da El País egunkariaren 20. orrialdean, baina ez dago modurik irakurtzeko sarean, ez baitute hor jarri.
Idazleek harrituta daudela diote, ikusita nola ari den zanpatzen alderdi politiko baten, Batasunaren, jarduera politikoa, okerreko bidea bake egoera bilatu nahi bada. Konturatzen dira, hala ere, arazorik berehalakoa dela nola irauten duen ETAren eta bere inguruaren indarkeriak eta gogor salatzen dute PPko eta PSEko kargu publiko askok bizi duten jazarpen egoera.
Sinatzaileek uste dute Aznarren gobernua bultzatzen ari den neurriak antidemokratikoak direla eta ez dutela ezer konponduko, aitzitik, Espainiako presidenteak berak aurreratu duen moduan, oinaze gehiago ekarriko dutela. Horien atzean ikusten dute ahalegin bat aldatzeko Euskal Herriko hauteskunde mapa eta mendekua hartzeko.
Garbi ikusten dute 2001eko irailaren 11k ekarri duela nazioartean aukera militaristak indartzea, baita Espainian ere. Espainiako gobernuak, ordea, erabiltzen du auzi hau beste arazo batzuk estaltzeko eta Espainiaren ideia erabat unitarista ezartzeko.
Batasuna legez kanporatzea ez da etorri berez, diote. Aurretik bazeuden hainbat arazo konpondu barik: ETAko presoen eta hauen familiartekoen arazoa, tortura salaketak, zigor neurrigabeak kale borrokan harrapatutakoei , eta orain Nafarroako euskaldunek pairatzen duten bazterkeria. Hauek guztiak salatzen dituzte idazleek.
Gogoratzen dute nola Francok lehenengo eta ETAk gero, landatu dituzten gorrotoaren haziak eta zein ondorio larri izan dituen bide horrek. Horregatik, gaitzetsi egiten dute idazleek Estatuak ere bide hori hartu izana.
Erantzunak kargatzen...