Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako Euskara Hiztun Bila jardunaldietan aurkeztu berri da EAEko ikastetxeetako hizkuntza normalkuntzarako programak koordinatzeko jaio zen Ulibarri ekimenaren webgunea. Era berean, jardunaldiak aukera bat izan dira teknologia berrien bidez euskara ikastetxeetan normaltzeko dauden zenbait ekimen ezagutarazteko.
Ulibarri programa Hezkuntza Sailaren organigraman sartzen da. Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuan NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) izeneko atala dago. NOLEGA atalaren egitekoak, beraz, bi arlo nagusitan gauzatu dira: Eskolagiroa euskalduntzea eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea. Horien ondorioetako bat dira HNP direlakoak, Hizkuntz Normalkuntza Programak, eta ikastetxeek eta Hezkuntza Sailak zenbait aholku elkarte dauzkate laguntzen egiteko horretan. Elkarte horietako bat dugu Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Ulibarri programaren koordinatzailea, eta sortu den webgune berriaren edukia eta jarduna bere gain daramana.
Webgunea www.ulibarri.info helbidean daukazue.
Euskara Hiztun Bila jardunaldiotan, ikastetxeetako normalkuntza prozesuko hainbat jarduera ezagutzeko aukera izan ziren bi egunez, joan den astean, Donostiako EHUren Ibaetako kanpusean. Dozenaka komunikazio eta poster eman ziren ezagutzera, sei ildo nagusitan banaturik: motibazio/partaidetza; gaitasuna; erabilera; ingurua; dokumentazioa; eta diagnostikoa/plangintza.
Esperientzia eta proposamen horien artean, bat baino gehiago zen teknologia berrien erabilerarekin zerikusia dutenak. Esate baterako,
Komunikazio edo poster horiek eta beste guztiak gunean dituzue, hemen
UEUk Code & Syntax enpresaren zerbitzuekin eratu du gunea, eta software librearekin egina dago, CMF izeneko edukia kudeatzeko sistemarekin, ZOPE web aplikazioen zerbitzariaren gainean. Ez da lehenbiziko aldia Hezkuntza Sailak software librea darabilena bere web proiektuetarako: Berrikuntza.net gunea ere hala egina dago, kasu horretan, eFaber etxeak egina OpenACS web aplikazioen zerbitzariaren gainean.
Guneak agerian zenbait eduki dauzka, baina Ulibarri programan parte hartzen duten erabiltzaile baimenduentzat daude benetako aplikazioak, oraingoz dokumentazio pribaturako gune bat, informazioa trukatzeko foro bat, eta egutegi bat. Aurrerago, gunearen bi aplikazio nagusiak izango direnak garatuko dira: ikastetxe bakoitzak bere normalkuntza prozesuaren diagnosia ea jarraipena egiteko tresnak.
Gaur egunean, diskete eta CD-ROM-ean banatzen da aplikazio hori, Neur Kareletik. Eredu berriarekin, neurketako tresna eguneratu edo parametroak berritu ahala, denek izango dute bertsio berria berehala, softwarea bakarra izango delako, zerbitzarian kokatutakoa, application server provider (ASP, baina ez nahastu Microsoft-en Active Server Pages teknologiarekin) esaten zaion Interneteko lan egiteko moduari jarraiki. Era berean, Ulibarriko arduradunek ikastetxe guztien eta bakoitzaren emaitzen jarraipen zuzena egin ahal izango dute, denek toki berean izango dituztelako zentralizatuta beren datuak.
Erantzun
Sartu