Teknologia albisteak

Indymedia Euskal Herriak bilera irekia egingo du

Erabiltzailearen aurpegia
indy - indymedia EH
2002-09-24 : 13:09

Indymedia Euskal Herria sarean dago uda osoan. Donibane bezperan abiatu eta uda osoan informazio "librea" igorri da indymedia gunetik. Orain gogoetarako unea da, eta horretarako Baionan bilkura irekia deitu dugu.

Indymedia (sare globalean), partehartzea sustatzea da gakoetako bat. Informazio librea izateko, partehartzea ezinbestekoa baita. Horrela, gure eztabaida guztiak sarean daude, edonork irakurri eta kontrastatu ditzake. Gure posta zerrendak irekiak dira, gure wikian dena kontsultagai dago. Irc kanala ere (txata) badugu Indymedia Euskal Herria kanalean. Gardentasuna da munduan zehar barreiatuta dauden imc gune guztien bereizgarritasuna.

Eztabaida gehienak sarean (on line) ematen baditugu ere, erabakiak gehienetan kalean (off line) hartzen ditugu. Urtea da jada, Indymedia Euskal Herrian sortzen hasi ginenetik, eta dagoenko hiruzpalau bilera fisiko baino ez ditugu egin. Eta Euskal Herrirako marka da hori! Leioako Hackmeetingean, Gasteizen, Donostian, Bilbon... eta hurrengoa Baionan.

Indymedia errealitatea da dagoeneko, informazio askearen gunetzat jo dezakegu berau. Zu zeu izan zaitezke editore, eta zentsurarik ez dago. Benetan informazio kontrastatua, librea, denbora errealean sortutakoa bilduko duzu indymedian.

Irakurlea, ez da hartzaile pasiboa, eztabaidarekin, ekarpenekin informadore bilakatzen baita. Eta guk Informazio askearen oinarritzat dugu partehartzea.

Indymedian, testua, irudiak, bideoak, soinua erabiltzen ditugu... benetako plataforma multimedia osatu dugu. Guk geuk egina, multinazionalen, enpresa handien eta informazioaren komertzializazioaren morrontzatik aske.

Indymedian garatzen ditugun tresna guztiak (softwarea) kodigo irekikoak dira, tresna askeak denak, software librea. Indymedia Euskal Herrian esaterako, MIR kodea erabiltzen dugu, Alemaniako hacker batzuk sortu eta garatutakoa, eta gu ere ikasi ahala, berau hobetzen saiatzen gara.

Multilinguismoarekin zenbait arazo ditugun arren, orain arte lau hizkuntzatan informazioa eskaintzen ari gara etengabe (euskara, ingelesa, frantsesa eta espainola) eta frogatu dugu bai, Euskal Herriko informazioak kanpoan sortzen duen arreta, eta guk euskaldunok ere, munduan zehar gertatzen diren -eta hemen izkutatzen zaizkigun- informazioei eskaini beharreko arreta.

Bilkura, datorren larunbatean, irailak 28. Baionan Ekaitza kolektiboan duen lokalean. (Baiona Ttipiko Cordelliers karrikako 25ean). Goizeko 11etan eta arratsaldeko 3retan.

Guziak gomitatuak zarete.

Erantzun

Sartu