Teknologia albisteak

Uzeiren 25. urteurrenean webgune berritua

Erabiltzailearen aurpegia
editorea - Sustatu
2002-09-20 : 19:09

UZEIk web gunea berritu du, eta zerbitzu berriak eskaintzen ditu bertan.UZEIk Internet bidez, lehen aldiz, sinonimoen hiztegia eskaintzen du, bai eta euskararen corpusa, eta Euskalterm, nahi duen orok kontsultak egin ahal izan ditzan.

Horiez gain, nazioarte mailako kontsultak egiteko estekak ere aurki daitezke. Modu honetan, hizkuntzen munduko atari guztiekin lotura du guneak. Horixe azaldu dute prentsaurrekoan Uzeiko partaideek: Alberto Agirreazaldegi (zuz.), Miriam Urkia, lexikografia saileko arduraduna, eta Ainhoa Agirre, informatika arduraduna.

Agenda, izango da beste atal garrantzitsu bat. Bertan, hizkuntza jardueren arloko munduko ekitaldien berri ematen da, hizkuntzen inguruko interesa duen orok ikastaro, mintegi, hitzaldi, eta abarren inguruan munduan dauden jardueren berri jakin ahal izango du. Azken finean, hizkuntzen munduko ataria da www.uzei.org.

Uzei: 25 urte lanean

UZEI irabazi asmorik gabeko elkartea da, 1977an sortua, euskara berritu eta mundu modernora egokitzeko helburuarekin, edozein hiztunek edozein lan-eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabil dezan.

UZEI izan zen terminologi lanari ekin zion lehenengo euskal erakundea. Honela, 1986an EUSKALTERM terminologi zentroa sortu zen bere baitan. 1987an, 226/1987 Dekretuaren arabera eta berariazko lankidetza-hitzarmena izenpetuz, Eusko Jaurlaritzaren Babespeko Elkarte bihurtu zen hizkuntz plangintzako ikerlanean aritzeko. 1989an, Onura Publikoko aitorpena eman zion Eusko Jaurlaritzak hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorra sustatzen duelako.

UZEIk Lankidetza-hitzarmen bat sinatua du Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin, ikerketa linguistikoan eta terminologikoan UZEIk burutu beharreko proiektuak zehazten dituena. Halaber, hitzartuak ditu Lankidetza-hitzarmen bana Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin euskararen normalizazio-lanetan lankidetzan aritzeko. UZEIk harreman estuak ditu beste erakunde batzuekin hizkuntzaren ikerketan eta terminologigintzan aritzeko. Euskaltzaindia, HAEE/IVAP, Termcat (Catalunyako Terminologi Zentroa), ICYT (Zientzia eta Teknologiako Institutua), etab.ekin parte hartu izan du lankidetza-programa eta proiektuetan. Bestalde nazioarteko erakundeotako kide ere bada: AETER (Asociación Española de Terminología), TermNet (International Network of Terminology), INFOTERM (International Information Centre for Terminology) eta EAFT (European Association for Terminology).

Hauez gain, harreman sendoak dauzka beste zenbait erakunderekin ere. Izan ere, sorreratik bertatik, ondorengo erakunde hauen laguntza eta babesa jasotzen du UZEIk: Gipuzkoa Donostia Kutxa,Euskadiko Kutxa, eta Euskal Fundazioa.

Erantzun

Sartu