Nola bota diru publikoa softwarean
Eusko Jaurlaritzak softwarea erosteko duen prozedura batzuekin txundituta geratzen ari naiz. Lehenbizi, eginkizun informatiko baten baldintzak zehazten dira. Eta gero, lehiaketa atera baldintza horiek betetzen dituzten proposamen/aurrekontuak eskatuz, baten bati esleitzeko. Oso logikoa hori. Baina horra koxka (!): baldintza teknikoetan esaten da, ezinbestean, prozesu informatiko horiek betetzeko halako software propietarioa behar dela. Eta, gero, jakina, software horren lizentziaren jabeek eramaten dute kontratua, ze erremedio...
Ondorio bat, adibide bat jartzeagatik: Osakidetzako osasun-txartel berriaren ezaugarriengatik, batek daki zenbat milioi eskuratuko dituen Bea Systems-ek... lizentzia hutsagatik bakarrik!
Osakidetzaren kasua
Sistema gardena da oso. Ez dut uste legearen aldetik pegarik izan dezakeenik. Erabakiak EHAA boletin ofizialean argitaratzen dira. Horra, iaz Osakidetzak osasun txartel informatizatu berriaren baldintza teknikoak zehaztuz ateratako ebazpena:
Bi dokumentu horietako baldintza teknikoetan, gure osasun-txartel supermordernoak kudeatzeko Osakidetzan nahitaez beharko duten softwarea zehazten zaigu: Oracle/Weblogic. Gero, jakina, erabaki horien ondorioak iritsi dira: baldintza horiek betetzeko...
- Iazko azaroko esleipen batean 170.765,57 euro Weblogic lizentzietan, horren saltzaile posible bakarrari esleitua, Bea Systems Españari.
- Aurtengo ekaineko esleipen ia identiko batean, beste 115.886 euro enpresa berari gauza bera erosteko.
Beste kasu batzuk
Osakidetzarekin eta osasun txartelarekin gertatzen den hau, beste kasu batzuetan ere antzera gertatuko dela ikusten da. Ekainean bertan, beste baldintza tekniko batzuk argitaratu dira. Barne Sailak makina txanponjaleen lizentziak tramitatzeko online lehiatilarako sistema diseinatu du, eta teknikoki nola egin ere erabakia utzi du: Oracle eta Weblogic, Osakidetzak beste sistemarako erabakitakoaren antzera. Gero gerokoak.
Eta tira, EHAA boletinean bila ibiltzea oso ondo dator han-hemenka zenbat gastatzen den ikusteko.
- 14 milioi pezeta Lotus lizentzietan Barne Sailean
- Oracle-rentzat mantenimendu gastuak, 223.175,39 euro (37 kilo), Oracle Españaren esku, Osakidetzaren partetik.
- Oracle Campus lizentzia, EHUk ordaindua Oficina de Cooperación Universitaria, S.A. delako bati, 125.912,04 euro, 21 kilo.
- ...
Alternatibarik bai? Ba bai!
Honek ez du zertan horrela izan behar. Gauzak hobeto egin beharko lirateke. Hobeto egin daitezke.
Europako Batasunak soft librea erabiltzeko gomendatzen die administrazioei... Baita batzuek jarraitu ere. Hain zuzen ere, Osakidetzak egindakoa bezalako gastu astakeriak ebitatzeko, baina baita teknologien erabilpena hedatzen laguntzen dutelako, ez bakarrik motibo ekonomikoengatik.
Jarraian, Europako Batasunaren aurtengo txosten bi, bata kanpoko erakunde bati enkargatua, bestea organo propio batek egina,
- FLOSS txostena
- IDA (Interchange of Data between Administrations) erakundearen txostena.
Akaso baten batek pentsatuko du soft libreak ez duela permititzen Osasun Zerbitzu baten edo Barne Ministerio baten funtzio serioetarako biderik ematen... Tira, horra pare bat adibide, apropos administrazio mota zehatz batetik ateratakoak:
- Frantziako Barne Ministerioaren gune ofiziala, ZOPE-rekin egina, Sustatu bezala.
- Bundeswehr edo Alemaniako Armada Federalaren gune ofiziala, PHP-rekin egina.
Noizko politika serio eta ekonomikoki zentzudun bat Euskal Herriko administrazioetan?
Erantzunak kargatzen...