Teknologia albisteak

Spider-man

Erabiltzailearen aurpegia
Iban Zaldua - Zine kritika
2002-09-06 : 15:09

Uda honetako filmetako bat izan da, ziurrenik, Spider-man. Urte asko igaro dira komiki famatua film bihurtzeko ahaleginetan hasi zirenetik, eta azkenean Sam Raimi zuzendariak burutu du proiektua. Xehetasun tontoak alde batera utzita (badakizue, filma amaituta zegoela aldaketa batzuk egin behar izan zirela, Dorre Bikien irudiak ezabatzeko eta), emaitza ez da txarra izan, abenturazko film bezala harrigarria, efektu berezien ikuspuntutik; duina, istorioari edo aktoreen lanari dagokionean. Beste urrats bat gehiago haragitutako komiki-pertsonaien film-azpigenero gero eta hornituagoan.

Honezkero kristo guztiak jakingo duen bezala, filmak istorio sinplea kontatzen digu Peter Parkerrek, bigarren hezkuntza amaitzen ari den gazte lotsatiak, botere harrigarriak lortzen ditu esperimentu genetiko batean eraldatutako armiarma baten hozkadaren ondorioz (paretetatik igo daiteke, liana moduan erabili daitezkeen amaraun-hariak jaurti ditzake, pertsona normal batek baino indar eta erresistentzia handiagoak ditu...). Orduz geroztik, botere handi batek erantzukizun maila handia dakarrelako berarekin batera, elastiko eta mozorro nahikoa erridukulu batzuez hornituta, gaizkileen kontra aritzen da New York-en; Iratxo Berdea superbilauarekin duen gatazka izango litzateke, alde horretatik, pelikularen ardatz nagusia. Lan luzea da, Peter Parkeren mundua, zirkunstantziak eta aldaketaren ondorioak xehetasun handiz deskribatzen zaizkigulako zuzendariak ez du akzioko film soil bat egin nahi izan, nahiz eta, jakina, hori den (nagusiki) Spider-man hau (filmaren orrialde ofiziala, hemen ).

Ezin bestela izan, komikiari fideltasun minimo bat gorde nahi bazitzaion behintzat. Spider-man-en abenturak 1962an jaio ziren, Stan Lee gidoilariaren eta Steve Ditko marrazkilariaren eskuetatik, eta laster, Lau Fantastikoekin batera, Marvel komiki-argitaletxearen produkzioaren bizkar-hezurra bihurtu ziren (Marvelen web orria, hemen ); izan ere, pertsonaia hauek izan ziren Marvel AEBetako komiki-mundua menderatzera eraman zutenak, konkurrentziako DC argitaldaria gaindituz (badakizue, Superman, Batman, Linterna Berdea eta abarren etxea). Zein izan zen Marvel-eko superheroien sekretua, DCkoekin konparatuta? Haien pertsonaiak, superbotereez gain, arazoak zituztela; alde horretatik pertsona normalak zirela, gizartean integratzeko problemak zituztela, bizitza pribatuan gaizki pasatzen zutela... gutarrak zirela, nolabait esateko; Superman, ordea, ez zen gure mundukoa ere (egia da DCko pertsonaiak, Marvelekoen arrakastaren ondorioz, aldatzen joan zirela gero gogoan hartu, besterik ez bada, Frank Miller-en Batman-a, baina aintzindariak, alde horretatik, Marvel Comics-ekoak izan ziren). Komikiko Peter Parker oso ikasle ona da, enpolloi bat, baina (ondorioz) gelako marjinatua da, eta ez du bat ere arrakastarik neskekin (gizonezko) irakurle gaztea erraz identifikatuko da harekin, beraz. Batez ere kontuan hartuta superbotereak eskuratzeak ez diola ekarriko alde horretatik aldaketa erabakiorrik bai, egia da Parkerren autoestimua eta kofidantza-maila igoko direla, eta zer edo zer ligatzen hasiko dela, baina bere pertsonalitate sekretuak etengabe hondatuko dio bizitza pribatua (dena delakoagatik, bere neskalagun ia guztiek izango dute, uneren batean, Spider-man gorrotatzeko arrazoi sendoren bat anai baten edo aitaren heriotza, kasu, harremana ezinezkoa bihurtuz); bestalde, Spider-man ez da superheroi bereziki maitatua ongia egiten duen arren, jedeak beldur dio, eta prentsa-kanpainia itzela dago bere aurka, batik bat J. Jonah Jameson-en Daily Bugle-k zuzentzen duena. Gainera, DCko garai haietako pertsonaiak ez bezala, Marvelekoak zahartu egiten dira, garapen bat jasaten dute, nahiz eta, jakina, gu guztiona baino mantsoagoa izan (sailaren lehenengo zenbakitik berrogei urte igaro diren arren, Peter Parker/Spider-man-entzat hamar urte inguru baino ez dira pasatu hamasei urte zituela ziztatu zuen armiarmak, eta orain hogeita sei inguru izango lituzke, tartean ezkondu eta guzti egin delarik).

Bai komikia jarraitzen da argitaratzen gaur egun (AEBetan hiru sail nagusi kaleratzen dira, hilero, Spider-man-en ibilaldiekin), bere arrakastaren seinale; ia kontaezina da aldizkari horien orrietatik igaro diren marrazkilarien eta gidoigileen kopurua. Dena dela, nire ikuspuntu nostalgikotik, etaparik onenak 1960 eta 1970eko hamarkadakoak dira, marrazkilariak Steve Ditko, John Romita Sr., John Buscema, Gil Kane eta Ross Andru izan zirenean; horiek izan ziren gaztaroan irakurri nituen albumak (Espainian Vértice argitaletxeak kaleratzen zituen), eta nire heroirik kutunena bihurtu zela aitor dezaket, X-Taldekoen (zeinak, bestalde, nahikoa film ona baitute, duela pare bat urtekoa), El Jabatoren eta El Corsario de Hierroren gainetik. Pertsonaiaren bizitza pribatuaren gorabeherak sor dezakeen aipatu identifikazioaz gain, nik beste dohai hauek ikusten dizkiot sailari bigarren mailako pertsonaien aberastasuna (May izeba bihotzeko gehien izan dituen fikziozko pertsonaia, ziurrenik, J. Jonah Jameson egunkari editore zital eta zikoitza; institutuko eta unibertsitateko eskolakideak; Betty Brant, Gwen Stacy eta Mary Jane neskalagunak...), superbilau orijinal samarrak (guztion gainetik, jakina, Iratxo Berde eskizofrenikoa, noski, baina baita Octopus doktorea, Muskerra, Mysterio, Kraven Ehiztaria ere...), umorea eta ironia (Spider-man-ek borroka egitean botatzen dituen esaldi batzuk antologikoak dira...), etab. Dena dela, ez gaitezen engaina komikia oso amerikarra da (Marvel izugarri antikomunista izan zen bere hastapenetan Viet-nam-eko interbentzioaren aldeko aldarri argiak egin ziren Spider-man-en zenbaki batzuetan, 60ko hamarkadan... nahiz eta 70ekoan, jakina, kritikoxeagoa bihurtu zen gerrarekin, afroamerikarren diskriminazioarekin, etab. bezeriak beti du arrazoia...), eta, bestalde, oso mutilentzakua, are matxista ere, batzuetan (90eko hamarkadaren amaieratik saiatu dira nesken publikora hurbiltzen, Spider-woman eta Spider-girl bezalako produktu eratorriekin, baina ez dut uste arrakasta handirik izan dutenik). Hala eta guztiz ere, berrogei urte hauetan zehar mota guztietako aldaketak izateko denbora izan dute hala Spider-man-ek nola Peter Parkerrek (eta bere inguruak, noski).

Horixe da, hain zuzen ere, filmak gainditu behar duen arazoa ikusleari kontatu, ordu pare batetan, hamarnaka komiki aletan beratzen, mamitzen eta aldatzen joan zaigun istorio bat eta, batik bat, giro bat; pentsa Iratxo Berdea, filmaren amaiera aldera hiltzen dena, komikiaren 122. zenbakian akabatu zuten. Sam Raimik ez du txarto egiten zuzendari legez, eta aktoreak (Tobey Maguire Spider-man bezala, Willem Dafoe Iratxo Berdearen paperan) ez daude gaizki, eta eguneratze-lanak onargarriak direla esango nuke (gogoan izan komikiaren lehenengo zenbakietako mundua 60ko hamarkadako hasierakoa dela, eta filmaren akzioa egungoa, ordea). Komikiak pantailaratzean egin diren beste desastre batzuekin konparatuta (Flash Gordon, The Phantom, Flash, Superman bera eta, jakina, 70.eko hamarkadako Spider-man-ak), Spider-man honek nahikoa nota ona lortzen du. Baina erronka latzegia da, nire ustez. Azken batean, filmak komikiak hor daudela gogorarazteko balio izan badu, ez da gauza gutxi. Alde horretatik, norbaitek ale zaharrak ganbaran gordeta ez baditu behintzat, biziki gomendatzen dizuet Forum argitaletxeak Espainian egiten ari den Romitaren etapako aleen berrargitalpena, bai zuentzat, bai zuen seme(-alabe)ntzat. Klasiko bat (Marvel-eko klasikoen berragitalpenen informazioa hemen ).

Erantzun

Sartu