Teknologia albisteak

Regina, ipuin hunkigarria

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2002-07-22 : 13:07

Ipuin bat irakurri dut egun hauetan, sekulako zirrara eragin didana: Regina du izena eta Inazio Mujika Iraolarena da. Gogorra eta xaloa, gordina eta maitagarria. Perla bat nazioarteko ipuingintzaren baratzean. Sustatura ekarri dizuet orain, egilearen baimenarekin. Ordu laurden baldin baduzue, irakurri. Ez zarete damutuko.

Regina ez da berria. Orain hamabost urte argitaratu zuen Inazio Mujika Iraolak ipuin liburu batean, Azukrea Belazeetan liburuan, Erein argitaletxean. Sei urte geroago, ipuin antologia batean agertu zen berriro, Iñaki Aldekoak prestaturiko Euskal Ipuinen Antologia Bat, orduko hartan Alberdania argitaletxean.

Nik antologia honetan irakurri dut. Eta benetan diotsuet, eman dit astindu galanta, garai batean Edgar Allan Poek edo hasierako Mario Vargas Llosak eragin zidaten zirrara halakoxekoa bai. Idatzita dago maisuek bakarrik idazten duten eran.

Egilearen baimenarekin, Sustatura ekarri dugu gaur, astirik baduzue zuek ere goza dezazuen harribitxi honetaz. Eta denborarik ez baduzue, aldean eraman oporretara, nahi duzuen bertsioan.

REGINA

Aitak maite ninduen ikaragarri

Han, gatozen lekuan, gauzen jaiotza

ikusten gozatzen zenuen, behinik:

hodeiak eta txoriak, goroldioa, gogoratzen?

Hemen, aitzitik, ez duzu leku orori darion

usain horixka eta mina besterik sentituko.

Juan Rulfo

_________

Aitak maite ninduen ikaragarri.

Eta ez moja txatxu hauek bezala. Ez. Aitak, elur baltsan ibili eta gero, erori eta busti nintzeneko hartan ere, goxo-goxo arropak aldatu eta jarri ninduen lehor-lehor; eta hauek, berriz, korrika-korrika egiten dituzte egitekoak, mina ere egiten didatelarik sarri. Zergatik ni puztu-puztu eginda nago eta aita ez dut inondik ageri.

Hark esaten zidan: “auzotik zetorkigun galbidea”; eta ez dakit zer esan nahiko zuen horrekin, baina nik baietz esaten nion, berak esaten zidan guzti-guztiari nik baietz esaten niolako. “Hau garbittu behar den”. Nik baietz. “Hura astindu”. Baietz nik. Maite nuelako, jakina; ttiki-ttikitatik, gainera, eta hark ni. Alaba bakarra izan eta, bixkor-bixkor horietakoa ere ez eta…

Nik ez nuen ama ezagutu; ni jaiotzean hil omen zen bera. Regina zuen izena. Nik, Karmen. Etxeko gelartean dago bere erretratua, kutxa handiaren gainean eta argizari bildu bat alde banatan duela. Eguarte guztian igual han dago, ezta? Baina, akaso, eguraldi ederra bada, eguzkizpi bat sartu, eta erretratuari eman egiten dio, orduan, irribarrez bezala ageri da ama, eta ni neu ere, ispilu aurrean jarrita, irribarretsu jartzen naiz, behin erretratuari, behin ispiluari begira. Eta orduan barre algarari ekiten diot, amaren aurpegia eta nirea igual-igualak direlako-edo. Bueno, amarena politago igual.

Ttikitan aitari galdetzen nion ea ni jaiotzean hil ote zen ama, eta hark baietz, eta nik hil ote nuen ama jaiotzean, eta hark txorakeriarik ez esateko, eta isildu egiten da. Eta zeinek hitz erdi bat atera aitari orduan? Zergatik isiltzen da baina? Zer kostatzen zaio esatea? Baina moja hauek ez bezala maite ninduen, hala ere…

Hemen maite, maite naute, ez dut ezetzik esaten, baina Sor Lurdes setatsua da oso, eta Sor Laura kuxkuxera bat, ea den-dena sartzen ote zidan galdetu ez dit, bada! Ez zera! muttur-mutturra bakarrik. Baditu gauza batzuk honek ere!

Orain bi erdi egin zain nago. Ez dakit mingarria ala eztia izango den, baina bi erdi egingo naiz laster. Aitak horrela esan zidan. Nik galdetu nion: “atte, zergatik ai naiz puzten da puzten?”. “Bi erdi egingo haizelako”, esan zidan. Hori eta auzotik zetorkigula galbidea, gero.

Ez dakit zer esan nahi ote zuen horrekin.

Egia esan, nik apenas dakidan ezer. Dakidana da, egun hartan, berdez jantzitako gizon batzuk etxeratu, eta eraman egin zutela aita, nora edo hara. Eta ez didate ezer esan non dagoenik. Ez dakit hemen erdiko naizen edo hauek erdiko nauten… Oraingoz behintzat, mojaleku honetan, egun santu guztia errezoak egiten pasatzen dugu. Errezoak eta brodatuak. “Zuk aldezuna iñ”, esaten didate. Hartu jostorratza eta oihalean sartu, eta atzera berriz gora eta behera, eta horrela nazkatu arte edota jostorratza behatzean sartu arte. Eta bien bitartean Ave Mariak eta Aita Gureak errezatzen. Eta Aita Gurea esatean, ni nirearekin akordatzen naiz, eta Sor Lurdesi galdetzen diot ea ama bezala hil ote den aita ere; eta hiltzea hori ote den, alegia, gizon berde batzuek besotik heldu eta eramatea. Baina Sor Lurdesek ezetz esaten dit, bizirik dagoela, baina gaiztoa izan dela nirekin, eta horregatik ez dudala ikusiko. Eta alde batera pozten naiz, bizirik dagoela entzutean, baina bestetik, tristatu egiten naiz latz, ikusiko ez dudalako, eta gezurra delako nirekin gaiztoa izan zelako kontu hori.

Eta setatsu ari zait Sor Lurdes egunero, umea edukitzea zer den eta zer ez, baina nik ez dut umerik eduki nahi, ez dut, ama bezala, egitean hil nahi. “Baña Karmen, etzea hilko, umea eukitzea oso da gauz politta. Zaindu in berra daola, hoi da dena”. Nik, ordea, umerik ez baina aitari hots egiteko esaten diot, berak badakiela non dagoen-eta. Baina Sor Lurdesek gezurra esaten dit, ez zidala nahi batere, itsuskeriak egiten zizkidala, eta amets txar hori pasatu dela Jainkoari eskerrak, gaixoa. Eta nik asko nahi zidala esaten diot, eta gainera, ni ez naizela gaixoa. Sano-sano nagoela, nahiz eta puztu eta puztu ari naizen. Baina egun batean bi erdi egingo naiz, aitak esan bezala, eta neure onera bueltatuko naiz orduan.

Aitak hazi ninduen mendi punta hartan bakar-bakarrik, hori esaten zion apaiz Don Josemaria Jaunak: “ume hau hazi dezu ba zuk mendi punta hontan bakar-bakarrik”. Eta halaxe zen, gainera, amaren eta laguntzarik batere gabe atera ninduen bizitza latz honetan aurrera: “aurrea atea dezu bizitza latz hontan, da ezta gutxi”. Baina apaiz Don Josemaria Jauna ere aitaren kontra asaldatu zen loturik eraman zuten egun hartan, eta berdez jantzitako gizon kastillano haiekin etorri zen hura eramatera. Eta puztu-puztu eginda ikusita, gaixoa esan zidan, eskua kasko gainean jarrita. Eta ni ez nago gaixo, hori da bi erdi egingo naizelako laster. Nire onera etorriko naiz berriz ere.

Ez dago kuidadorik.

Gaixo, behin egon naiz. Aitak egun batean odola ikusi zuenean oheko maindire xurian, eta nik zer ote zen beldur-beldur eginda galdetu nion, eta hark ez zela ezer, lasaitzeko, emakumetu egin nintzela. Eta handik hara, hilero emakumetzen nintzen. Baina ez nintzen gehiago larritu, aitak lasaitzeko esan zidan-eta. Oraintsu arte. Duela gutxi utzi diot emakumetzeari. Baina hori ez da gaixo egotea. Sano-sano nago ni. Baldar samar bada ere. Eta aitak, beldur ikaraz ikusi ninduenean, ea gau hartan bere ohean sartu nahi ote nuen beldurra uxatzeko. Eta nik, beti bezala, baietz esan nion, guzti-guztian esaten bainion baietz. Eta gaua iritsi zen, eta bere ohean sartu ninduen, eta ametsetan niri helduta “Regina, Regina” hots egiten zuen ero moduan, amaren erretratuari alkobako ate zabaldutik begira.

Orduan hasi zen ezer esan gabe Karmen deitzeari utzi eta Regina hots egiten. Regina nire ama zen, baina gelarteko erretratuaren igual-iguala naiz, batez ere eguerdi aldean eguzkizpiren batek jotzen duenean, eta horregatik nahastuko zen aita. Igual-iguala naizelako. Ama politago igual. Ispilu aurrean jarrita, eskuetan erretratua dudala, irribarretsu ageri naiz kristalaren atzealdetik, irribarretsu, ama bezalaxe, eta gero algarari ekiten diot, igual-iguala naizelako. Auzoan ere hala esaten zuten: “Regina zanaren igual-iguala dek, gaixoa”.

Handik hara, elkarrekin egin genuen lo aitak eta biok. Hartara lan gutxiago, ohe bakarra egiteko, eta hala, belarretan edo ximaurketan asti luzeagoa. Horrela zioen aitak.

Egun batean, elkarrekin ohean ginela, zerbait gogorra nabaritu nuen ipurditxoan, eta gero aitak buelta eman eta gainean jarri zitzaidan, eta zotz gogor hura sartu zidan hankarteko artesian barrena, “miñ pixkat emango dizu, Regina” esan zidan, eta egia zen, mina eman zidan, baina gero ez, gero barre egiteko gogoa ere ematen zidan aita gainean ikusita, zotz gogorra nire barruan eta arnas estuka etengabe, zaldien modura: “hola, hola…”, esaten zuen; “banator, banator…”, gero; eta halako batean zotz hura muki beroa botatzen hasi zen nire barruan, eta azkurea sentitzen nuen behe parteetan, eta aita horren alteratua ikusita: “sosegatu bei, atte” esaten nion, “sosegatu bei”. Eta bera sosegatzen zen neurrian zotza ere sosegatu egiten zen.

Eta niri zotz harekin jolastea gustatzen…

Eskuekin ibili, dena lirdinga egina ahoan sartu, txistuz garbitu, baina berriro zutitzen zen orduan, eta gogor-gogor jartzen zenean berriro alteratzen zen aita, atzera, nire gainean jarri, atzera, “hola, hola…” eta “banator, banator…”, eta isuria nire barruan.

Erabat sosegatzen zenean azkenik, barre-irudia jartzen zitzaion ezpainetan, eta sabaialdera begira “gogoratzen, Regina” esaten zidan, “Madrilen izan ginenean biaje bodasen, gogoratzen…”. Eta ni ez naiz sekulan Madrilen izan, ez biaje bodasen eta ez zaldian, baina nik baietz esaten nion, berak esandako guztiari bezalatsu, eta orduan, segitu egiten zuen: “eta zine hartan sartuta, ze parrak egin giñuzen gizon hayek korrika-korrika, esan al baño ariñago eta alkarri muturrak hausten”. Eta nik baietz, baina isiltzeko eta lo hartzeko, “eta eskubira eta ezkerrera bigotea muitzen zun gizona, eta pastelak haren aurpegian lertuta, han giñuzen guztion parrak… Eta Hotel Colón gero, nola egiñ giñun estraña, gogoratzen…”. Eta atzenean, kopetan musu eman nik, eta lo hartzen zuen irribarrea tolestu gabe izpirik.

Beste behin, elurra izan genuen aste hartan guztian, eta euria hasi zenean teilatu ertzetako ituzuretan behera erortzen, elurrak urtuz zihoazen, belazeak lurmentzen, eta ni kanpora atera eta elur baltsan ibili nintzen, jolasean, hankekin plisti-plasta eginez, elurra xuri zegoen lekuetan kristoak egiten nituen bezala; baina haritz handi baten zepetan trabatuta, bertan erori nintzen hortzaz gora, ziplo. Eta aitak, orduan, lurretik jaso eta etxera eraman ninduen. Sukaldeko aulki ttikira igoarazi, txapa beroaren ondoan, astiro-astiro arropa bustiak erantzi, eta gorputz guztia musukatzen hasi zitzaidan, kuleroak erantzita; hankartekoa mingainez mihiztu, bi titi ttikiak hortzartean eduki hozkatu gabe, eta nik ilajetik eusten nion begiak itxita. “Zure aldakak gustatzen zaizkit, Regina, zure aldakak…”. Eta maittia ere hots egiten zidan, eta orduan, buelta eman sukaldeko zizeiluaren kontra-kontra jarrita, ipurdiz harengana, eta bi eskuez heltzen zizkidan ipur-masailak, taloetarako orea egiten ari balitz bezala, eta, orduan, zotza ezker eskuarekin hartu zuen, ordurako praketa irekitik kanporatzen zitzaiolako gogor, eta muturra ipurdiko txulotxoan sartzera saiatu zen, baina mina ematen zidan, handia, eta ez sartzeko eta ez sartzeko hasi nintzaion negarrez; nire aieskak adituta, nonbait, atzera egin zuen, “eztizut penatu nahi, ohittuko zea; lasai, maittia”; eta orduan nire bizkar gainean isuri zuen erreberoa, xuri eta ugari. Ez zuen, besteetan bezala, nire txulotxoa esnez okitu.

Orduan maitekiro jantzi ninduen arropa bero lehorrez.

Eta moja hauek ez dakite nola janzten ninduen aitak, poliki eta goxo-goxo. Eta korrika-korrika janzten naute, mina ere egiten didatelarik sarri. Zergatik ni puztu-puztu eginda nago. Eta aita ez da inondik ageri. Eta moja hauek ez omen dakite ezer.

Bada bat kuxkuxera galanta dena. Sor Laura. Beti galde eta galde aritzen zait, inor gure ondoan ez dela sumatuz gero. Eta gainera ez dakit zergatik galdetzen didan, aditu nahi ez badu, zergatik nik erantzuten diodan bakoitzean, berak “jesusmariatajose” esaten du, eta nik berriz, “betijantabetigose”, txantxetan bezala; baina orduan haserretu egiten da, eta puxka batean ez dit kasurik egiten. Segundoa ez da ordea pasatuko, jostorratza utzi eta, atzera, galdera horiekin hasterako. Ea ohe berean egiten al genuen lo aitak eta biok, eta nik baietz, jakina, hartara ohe bakarra izaten zela egiteko biharamunean; eta ea zer egiten ote zidan orduan, eta nik kontatzen diodanean, hark “jesusmariatajose”, eta nik, “betijantabetigose”, barrez-barrez; baina bera haserretu egiten da, eta ez diot berriz ezer kontatuko. Lehengoan bertan, tonta alaenak, ez zidan bada galdetu ea zotza oso-osorik sartzen zidan! Eta nik ezetz, puntta-puntta bakarrik hala nahi bazuen…

Orain ezin dut, puztu-puztu eginda nagoelako, baina bi erdi egiten naizenean, eta neure-neurera natorrenean, orduan jakingo dute jainko-txikiren berri hemen. Aitaren bila joango naiz, inon balego, eta goxo-goxo egingo dugu berriz lo.

Biok elkarrekin.

Erantzun

Sartu