Sustatu logoa Teknologia albisteak

Pirinioetako Atlas Estatistikoa

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) Pirinioetako Atlas Estatistikoa argitaratu berri du. Lan horrek Pirinioetako hainbat alor aztertzen du, eta, besteak beste, gai hauei buruzko datuak biltzen ditu: demografia, produkzio-sistema, lurraldearen antolaketa, turismoa, enplegua, etab.

Eustatek aktiboki parte hartu du atlas horren lanketan eta argitalpenean, beste erakunde batzuekin batera: Akitania, Midi-Pyrenées eta Languedoc-Roussillon-eko INSEErekin, alde batetik, eta Nafarroa, Katalunia, Aragoi eta Andorrako estatistika-erakundeekin, bestetik.

Lanaren egiturari dagokionez, aurkezpenean (1. kapitulua), Pirinioetako perimetroa eta azterlanean erabiltzen diren analisi-unitateak zehazten dira. Izan ere, Atlas honek jorratzen duen Pirinioetako mendigunearen mugapenak 583 udalerri hartzen ditu Espainiako estatuan, 1.182 Frantziakoan, eta Andorrako 7 parrokiak. Horietarik, 84 udalerri Euskal AEri dagozkio. Pirinioetako mendikateak milioi bat biztanletik gora ditu, eta haren ezaugarri nagusiak 2. kapituluan aztertzen dira.

Biztanleria aktiboa eta biztanleriaren osaera (adinka, sexuka eta enplegu-motaka) 3. kapituluan aztertzen dira. Jarduerarik zaharrena, jakina, nekazaritza-abeltzaintza da, eta oraindik ere presentzia aipagarria du mendigunean (4. kapitulua).

Produkzio-aparatuko gainerako atalak establezimenduen motaren eta kokapenaren arabera aztertzen dira, horrek aukera ematen baitu lurralde-unitate bakoitzaren espezializazioa aztertzeko (5. kapitulua).

  1. kapitulua turismoari eskainita dago; garrantzi eta etorkizun handiko jarduera da mendikatean. Eta, azkenik, 7. kapituluan, Pirinioetako bizi-baldintzen askotarikotasuna erakusten duten adierazle batzuk jorratzen dira.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu