Atzo Martin Ugalde Kultur Parkea inauguratu zuten Andoainen. Jende andana hurbildu zen enpresa arloko egitasmo berritzaile hau gertutik ezagutzera, horien artean alderdi eta sindikatu abertzaleetako ordezkariak, gizarte, kultura, eta euskararen munduko aurpegi ezagun ugarirekin batera.
Martin Ugalde Kultur Parkearen xedea kultura, euskara, enpresa eta teknologia uztartzea da, eta ildo honetatik aritu ziren atzoko ekitaldian hitza hartu zuten agintari eta parkeko ordezkariak: Eusko Jaurlaritzatik Miren Azkarate Kultura sailburua bertaratu zen, Gipuzkoako Aldunditik Luis Mari Bandres Kultura diputatua, eta Jose Antonio Barandiaran Andoaingo alkateak bere herria ordezkatu zuen. Hirurek egitasmo honek euskara eta euskal kulturarentzat duen garrantzia azpimarratu zuten, gure inguruan aitzindaria eta bakarra dela goraipatuz.
Hauen ostea, Egunkariako Administrazio Kontseiluko lehendakaria den Joan Mari Torrealdaik hartu zuen hitza Martin Ugarte Parkea eraikitzeko emandako urratsak eta etorkizuneko asmoak azalduz. Bere hitzetan, kultur parke honen ereduak, gure inguruan enpresa arloan hain arrakastatsuak izan diren parke teknologikoak izan dira. Hain zuzen ere, Euskal Herrian, XIX. mendeko burdinaren kulturatik XXI. Mendeko teknologia eta komunikazioaren kulturara salto egitea ahalbidetu dutenak. Aldi berean, industriaren kulturan oinarritu dira kultur parke honen kokapena errespetatuz, izan ere, garai bateko Laborde lantegiaren egoitza egokitu dute, eraikinen estilo arrazionalista errespetatuz.
Andoaingo kultur parke honen sustatzaileak eta ekonomikoki gauzatu dutenak Buruntzape elkargoa osatzen duten enpresak izan dira, alegia, Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, Gr�ficas Lizarra, eta Egunkaria. Enpresa hauek parke honetan finkatuko dituzte beraien egoitzak, tamaina txikiagoko beste 12 enpresekin batera.
Azkenik, eta parke moderno honen inaugurazio ekitaldira joandako guztiei instalakuntzak erakutsi aurretik, parkearen izena daraman Martin Ugalderen semeak, duela bi urte parkearen lehen harria jarri zutenean bere aitak idatzitako hitzak irakurri zituen. Osasun arazoak zirela eta Martin Ugalde berak ezin izan zuen bertan egon. Halere, hizlari guztien ahotan izan zen eta laudoriozko hitzak baino ez zituzten izan Andoingo idazle handi honentzat, bere bizitza guztian euskararen aldeko egindako lana goraipatuz.
Erantzun
Sartu