Teknologia albisteak

Euskal Y-aren aurkako ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Azkarate - Goienkaria
2002-06-26 : 13:06

Oraingo domekan hasiko da Gasteizen “Euskal Y”-aren egitasmoak kaltetutako herriak zeharkatuko dituen ibilaldia. Gasteizen hasi eta Bilbon amaituko da. Sei egunetan burutuko da. Ibilaldiari amaiera emateko, hurrengo zapatuan, uztailaren 6an, manifestazioa.

AHT Gelditu! Elkarlanak antolatu du ibilaldia, “ingurumenari eraso larriak eragiteaz gain gizarte eredu jakin bat ezartzea dakarren azpiegitura erraldoiaren inguruan jendea ohartarazteko, informatzeko, mobilizatzeko eta egitasmoa geldiarazteko gure herrietan egiten ari garen oposizioa zabaltzeko” helburuarekin. Proiektu honen sekretismoa salatzeko bertsoak ere badaude.

Adibide bat izango den festaz

Pasatzen den leku guztietan izango da festa gira, aldarrikapen eta hitzaldirik. Debagoienean egongo den egitaraua dago hemen, baina esandako moduan, herriz herri denetik izango ei da. Sei eguneko ibilaldia astelehenean igaroko da Debagoienetik. Hain justu, Legution hasiko da 11:00etan eta Leintz Gatzagara 11:45ean helduko da. Ondoren, Eskoriatza eta Aretxabaletatik Untzillaraino abiatuko da. Han, bazkaria izango da 14:00etan. Bazkalostean, 14:30ean, Aramaiorako bidea hartuko du eta Gesalibar eta Garagartzatik Arrasateraino helduko da 17:30ean. Udala plazan ongi etorria egingo zaio ibilaldiari eta, oinez, Seber Altuberaino abiatuko da, txalapartarien, malabarren eta danborrarien laguntzaz. Arrasatetik Bergararako bidea hartu eta 19:00etan helduko da Bergarako sarrerara, Labegaraietara. Handik, berriz ere oinez, Munibe plazaraino. Han, 19:30ean, ekitaldi bat antolatuko da: Batasunako Jesus Mari Garitanok eta Iñaki Antigüedadek hitz egingo dute eta hankapaluak, trikitilariak eta bertsolariak ere izango dira. 22:00ean, afaria izango da Artatse elkartean. Hurrengo egunean, 10:00etan abiatuko da Bergaratik Itsasondora bidean eta hogei minutu geroago Antzuola zeharkatuko du.

Euskal Herrian izango den martxaren agenda ere kontsulta dezakezu.

Zentzurik gabeko egitasmoa

Ibilaldi honen helburuak, nondik norakoak eta Lastertasun Handiko Trenak egingo dituen kalteak azaltzeko prentsaurrekoa eman zuten martitzenean Bergaran. Angiozarko alkate Mila Elortza, Maite Aristegi baserritarra eta Jesus Mari Garitano Batasunako zinegotzia izan ziren prentsaurrekoan. Egitasmoaren “zentzugabekeria” azpimarratu zuten hirurek eta ibilaldian “parte hartzera animatu” zituzten herritarrak.

Lastertasun Handiko Trenak gure ibarrean izango duen ibilbideari buruzko zehaztasunak eman zituen Jesus Mari Garitanok. Aramaio aldetik ibarrean sartu eta Udalatx azpian hiru tunel zulatuko direla esan zuen. Tunel horietatik Bilborako, Gasteizerako eta Donostiarako adarrak irtengo dira. Bestalde, Angiozarko bailada zeharkatuko du trenbideak eta Bergarako Ola auzoan, Deba ibaia zeharkatuko du zubi bide handi batekin. Zubi bide honek 50 metroko altuera eta 450 metroko luzera izango du. Errekaren beste aldean, lur azpian sartu eta Antzuolan, Goizper kooperatibaren inguruan, aterako da. Hemen, beste zubi bide bat joango da. Obra hau egiteko, lur piloa mugitu beharko dela, Udalatxen haitz mordoa atera beharko dela eta Angiozarko Eduegi baserria bota egin beharko dutela azpimarratu zuen Garitanok.

Autopistak baino kalte handiagoak

Bestalde, Maite Aristegik, obra honek nekazal lurretan izango duen eragina azpimarratu zuen: “Nekazal inguruan bizi kalitateari eutsi nahi badiogu eta kalitatezko baserriko produktuak nahi baditugu, ezinbestekoa zaigu lurra. Baina, gure lurrik emankorrenak galtzen ari gara apurka-apurka eta egitasmo honek izugarrizko lur mugimenduak ekarriko ditu, lur sailak zatikatuz edo desagertaraziz”. Horregatik, obra honek debagoiendarrei mesede egin baino gehiago, sekulako kalteak ekarriko dituela aipatu zuen: “Eibar-Gasteiz autopistak baino kalte handiagoak”. Bai Madrileko gobernuak eta baita Gasteizkoak kontu honetan darabilten jokabidea salatu zuten hirurek, gardentasuna erakutsi barik, “egitasmoa ezkutuan darabiltelako”. Eta, egitasmoa ez dela inondik inora justifikagarria esan zuten.

IBILALDIA HERRIZ HERRI

Domeka 30: Gasteiz-Legutio

Gasteiz, Zurbano, Durana, Ganboa Uribarri, Luku, Urbina, Legutio.

Astelehena 1: Legutio-Bergara

Legutio, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Aramaio, Arrasate, Bergara.

  • 11:00: Legutio - 11:45: Leintz-Gatzaga - 12:30: Eskoriatza - 13:00: Aretxabaleta - 14:00: Untzilla - 17:00: Gesalibar - 17:30: Arrasate - 19:00: Bergara

Martitzena 2: Bergara-Itsasondo

Bergara, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Ezkio-Itsaso, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Itsasondo.

Eguaztena 3: Itsasondo-Hernani

Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Anoeta, Zizurkil, Andoain, Urnieta, Hernani.

Eguena 4: Hernani-Oiartzun

Hernani, Astigarraga, Donostia, Pasaia, Herrera, Hendaia, Irun, Lezo, Errenteria, Oiartzun.

Egubakoitza 5: Elorrio-Galdakao

Elorrio, Atxondo, Abadiño, Durango, Iurreta, Zornotza, Lemoa, Galdakao.

Zapatua 6: Galdakao-Bilbo

Galdakao, Zaratamo, Arrigorriaga, Basauri, Bilbo.

Igande eguerdiko 12:30ean Gasteizko Ama Zuriaren plazatik abiatutako martxa bilbon amaituko da uztailaren 6an, Zabalburu plazatik abiatuko den manifestazioarekin.

Erantzun

Sartu