Zerk bereizten ditu Spike Lee, Tom Waits, Andres Calamaro eta Begoña Larrañaga? Laurek jantzi izan dituzte Iruñean egindako elastikoak. Enpresa batek eginak dira, orain hamahiru urte sortu eta iaz 7 milioi euro fakturatu zituena.
Iruñeko Kukuxumusu enpresak hainbat aldiz merezi izan du hedabideen arreta. Begira bestela hemen. Gure artean ere agertu zen, Sustatun alegia, Euskaldunon Egunkariaren postal zerbitzua dela eta. Azkena, berriz, joan den igandean agertu zen El Correo egunkariaren Expectativas izeneko gehigarrian. Nabarmentasun harrigarria, Euskal Herrian hain ohikoa ez den industria batean.
Kukuxumusu (arkakusoaren musua) 1989an sortu zuen Iruñean Mikel Urmeneta, Koldo Aiestaran eta Gonzalo Domínguez de Bidaurreta lagun taldeak. San Ferminetarako dirua behar-eta, kamisetak marrazten hasi ziren eta saltzen. Saldu ere, denak saldu zituzten, 6.000 ale. Arrakasta itzela. Ez da harritzekoa, izan ere, oso marrazki alaiak eta ironiaz beteak egiten dituzte, jeneralean ikusten ez direnak: gudu orga batzuk, gerra baino maitasuna egin nahiago dutenak; behiak, musean jokatzen dutenak; otsoak, ardi larruz jantzirik ardi artean; hanburgesa zaunkariak 500 bat marrazki eginak dituzte dagoeneko. Eta horren sortzaileak, bi anaia: Mikel eta Asisko Urmeneta, zein baino zein buru-beroago.
1996an denda bat ireki zuten Donostian. Urtebete geroago beste bat, Interneten. Harrezkero, beste bederatzi denda ireki dituzte Europan zehar. Horren ondorioa: iaz 800.000 elastiko saldu zituzten gure kontinentean. Alegia, 7 milioi euroko fakturazioa. Gaur egun, hala ere, elastikoak ezezik, zapiak, kikarak, kapelak eta potoak diseinatu eta saltzen dituzte.
Europarrek eroso jazten dituzte Kukuxumusuk egindako elastikoak. Euskaldunok ere bai. Izan ere, euskara agerian egoten da beti, beste hizkuntza batzuen ondoan. Zorionak!
Erantzun
Sartu