Ondarroako Itsas Azokarekin batera ireki du herriko Udalak bere webgune berria gaur bertan. Lehen informazio estatikoa ematen zuen webgune baten ordez, gune dinamiko eta automatizatua dauka orain Ondarroak.
Ondarroa.net gune berriatuaren atal nagusiak honako hauek dira:
- Herriaren berri ematen duten eduki-zuhaitz moldagarri bat, non herriari buruzko informazio topikoa (turistikoa, adibidez), edo gaurkotasunezkoa (gaur irekitzen den Itsas Azokari buruzkoa kasu) aurki daitekeen.
- Egutegi bat, non oraingoz, udako Ondarroako aurreikuspen gehienak sartuta dauden, jai-egitaraua barne.
- Albistegi bat. Orain kargatuak dauden albisteak Udal Barriak herri aldizkaritik ateratakoak dira, baina aurrerantzean, paperezkoan baino lehenago sarean agertzea izango da koxka. Aurrerago albistegi hau e-posta bidezko boletin bihurtzeko asmoa da.
- Ezkutuan bada ere (kudeatzaileentzat prestatua, alegia), edukia kudeatzeko sistema erabilterraz eta konpleto bat.
- Hizkuntza kudeaketarako azpiegitura aurreratu bat. UEMA-ko herria izanik Ondarroa, euskarazko edukiak daude lehenetsita, beti, lehen begiratuan, nahiz eta hizkuntzaz aldatzeko aukera dagoen (eduki gutxiago dago, ordea, gaztelaniaz euskaraz baino).
Webgunearen erakustaldi praktikoa eta aurkezpen jarraitua egingo du Udalak gaur bertan irekiko den Itsas Azokan. Feriako karpan Udalak duen erakustokian, han egongo da erakusgai pantaila batean. Igandean itxiko da Itsas Azoka Ondarroako portuan.
Code & Syntax enpresak egindako webgunea da hau, Zope software librearen gainean eraikitako Udalerria Web Plataforma izeneko azpiegiturarekin, hain zuzen. Udal webguneak garatzeko soluzio berezitu eta estandar gisa garatu du Code & Syntax-ek Udalerria Web Plataforma. Bere ezaugarrien artean:
- Ekonomia. Soluzio estandarra da eta garatua dago: garapen ekonomiko eta azkarra da udal jakin baterako egokitzapena.
- Udalaren informazio eskaintza zehatzei egokitutako moduloak: albisteak / herri-agenda edo egutegia / plenoen berri emateko tresna...
- Software sendo, seguru eta librearen gainean eraikia, garapen aurreratuagoetarako prest (datubaseekin loturak eta abar).
- Eduki berrikuntza nola eta nork egin behar den pentsatua dago, eta alderdi horretan erabilterraztasuna eta dinamikotasuna lehenetsi dira. Bart uholdea izan bada, goizean informazio ofiziala prest gunean.
- Automatizazio eta dinamikotasuna: atal bat gehitu, eta automatikoki web-mapan; albistea gehitu, eta automatikoki portadan eta baita e-postaz bidaltzeko aukera ere; testua gehitu, eta zuzenean bilatzeko moduan...
- Erabilgarritasuna, praktikotasuna eta diseinu erakargarria interfazeetan.
- Euskararen beharrei egokitua: gunea eleanitza izan daiteke aukeran, eta bilaketetan euskararen deklinabideari kasu egiten dio.
- Formakuntza barne: perfil ez-teknikoko jendea trebatzen dugu gunea zuzenean kudeatzeko.
- Gunea sarean edukitzeko ostatu-zerbitzu profesionala eta azkarra, Mondragon Conet MCC-ko konektibitate enpresaren bidez.
Erantzun
Sartu