Teknologia albisteak
2

Sarri, Sarri, Sarri…

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin - Izaro
2002-06-17 : 23:06

Liburu eder bat kaleratu du oraindik orain Alberdania etxeak: Bost Idazle Hasier Etxeberriarekin Berbetan. Gaztetan egunkariarekin egiten nuen bezala, liburu hau ere atzetik hasi naiz, Joseba Sarrionaindiaren elkarrizketa azkenean baitator. Eta ez naiz damutu.

Josebaz gain, Hasier Etxeberriak beste lau idazle elkarrizketatu ditu: Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria. Baina gaurkoan, ondo baderitzozue, Sarriri emango diogu hitza, azkenak lehenak izango baitira hemen ere. Honatx zenbait pasarte:

  • Txikitan. Euskara erdara baino lehenago ikasi nuen, baina gero hamalau urterekin ia ez nuen euskaraz egiten.
  • Lehen irakurketak euskaraz. Nik Orixerenak (liburuak) bilatu nituen, baina William Douglass-ek aukeratutako bertsoaz aparte, ez nuen ezer estimatzen jakin, arkadia baserritar hartan euskaraz ez nuen ia ezer ulertzen, eta mundu hura erdaraz faltsua zen. Orduan, Gabriel Arestiren poesia topatu nuen, hau ere bi hizkuntzetan, Harri eta Herri zela uste dut eta horrek bai harrituta utzi ninduela…
  • Euskara eta erdara. Ikasketak erdaraz egin nituen eta, alfabetatzen hasi nintzenean, euskaraz gutxi egiten nuen. Erdaraz errazago idatziko nuen seguru asko. Eta gero hogei urte baino gehiago dira Euskal Herritik kanpora nabilela, giro euskaldunean aldi labur batzuetan baizik ez naiz bizi izan eta euskara ez zait erraza egiten.
  • Lehen kazetaritza lanak. Argian kolaboratuz hainbat gauza eta jende ezagutu nuen. Esate baterako, Andoni Arrizabalagari Ondarroan entrebista bat egin nion kartzelatik irten zenean. Eta zine asko ikusi nuen, Argiarako artikuluak idazteko aitzakiarekin. Erreseina egitearena arrazoi ederra zen, etxean estudiatzen geratu beharrean, zinera lasai joateko.
  • Irakurketa erabakigarriak. Julio Caro Barojaren Los Vascos liburua oso inportantea izan zen niretzat, gauza elemental batengatik, euskalduna izanda, euskaldunak ze komunitate ginen ez nekielako. Nire familia ez zen abertzalea, euskalduna zen baina ez zegoen politizatuta, eta badakizu sasoi hartan eskolan Formación del Espíritu Nacional irakasten zigutela, espainol onak izan gintezen.
  • Jon Juaristi. Gabriel Arestiren albazea zen, ordurako argitaratua zuen Euskararen Ideologiak liburua eta poema onak idazten zituen euskaraz eta erdaraz, eruditua eta unamunianoa zen iritzietan.
  • Erantzuna diktadurari. Frankismoa espainolista, kapitalista eta katolikoa zen, eta ahalik eta kontrakoena izateko ahalegina egiten genuen: euskaldunak, antikapitalistak eta ondo ateoak.
  • Borroka armatua. Borroka armatuan parte hartzeko erabakia ez da azterketa politiko baten ondorioa, errepresioaren kontra ekiteko modua zen batez ere. (…) Hemeretzi urte nituen eta adin horretan umetan baino eta adin helduagoan baino beldur gutxiago eta eskuzabaltasun gehiago izaten da.
  • Biolentzia politikoa. Biolentzia katastrofe bat da, biolentzia politikaren frakasoaren ondorioa da, bai guk egindakoa eta bai estatuak gure kontra egiten duena.
  • Zergatik ikasi hainbeste hizkuntza. Espainolek espainiera hizkuntza unibertsal moduan ezarri digute beti eta ideia horren aurkako erresistentzia izango da seguru asko, espainieraren bitartekaritza gainetik kentzeko, nik behintzat nahiago nuen Alvaro Cunqueiro gailegoz irakurri espainieraz baino, eta nahiago dut W. H. Auden ingelesez irakurri espainieraz baino. Espainiaren bitartekaritza orokorra onartuz gero, oso absorbentea da eta, euskara espainieraren dialekto bihurtuko da.
  • Beste hizkuntzak. Espainiera naturaltasunez onartu behar da, baina beste hizkuntzak ere bai. Beste hizkuntzak ikastea norbere hizkuntza erreibindikatzeko modu on bat da gainera, munduko hizkuntzak ugari eta denak baliagarriak direla ametitzea askatasuna eta igualitarismoa da.
  • Nazionalismoa. Ba ez naiz nazionalista, nik ez dut ezelako teoria nazionalista orokorretan sinesten, eta izen hori euskaldunak komunitate independente moduan antolatzeko proiektuaren aurka erabiltzen dela uste dut gainera.
  • Autodeterminazioa. Autodeterminazioaren eskubidearen aldekoa naiz, eta gizabanakoa autoderminatzen den bezala, behetik gora edozein komunitateri politikoki antolatzeko eskubidea eman behar zaiola uste dut, herritarren borondatearen arabera.
  • Euskara eta abertzaleak. Abertzaleen aldetik ergelkeria da euskara abertzaleen gauza dela esatea, abertzaleen helburua euskara denon hizkuntza izatea delako, baina demagogia edo injenuitate handia da euskara denon gauza dela esatea, askorentzat kontrarioaren identitate ezaugarria delako.
  • Erbestean idaztea. Erbestekoa ere bizimodu nahiko probisional eta inestablea da, batzuetan idazmakinarik ez, besteetan boligraforik ez, edo leku batetik bestera aldatzean paperak galtzea eta idazlan ia amaitua berriz hasi beharra edo, behin dena galduz gero, asmoak abandonatzea.
  • Pentsamendu Bakarra. Horren kontra beste pentsamendu bakar txiki batzuk indartu dira, euskaldunok baditugu gure pentsamendu bakar txikiak eta ez da gezurra, gu ere ez gara hain diferenteak, gurean ere pentsamendu kritikoa, autokritika eta halakoak urriak direla.
  • Donostiazentrismoa. Hizkuntza eta literatura mailan, Donostia da benetako hiriburua eta dinamika nahiko gipuzkoarrak ezarri dira azkeneko hogeita hamar urteotan. Mapari begiratu eta hori normala izan daiteke, baina arazoa hor dago.
  • Erdara. Erdara ere euskal hizkuntza da euskaldunek egiten dutenean. Enkartazioetan eta Erriberan espainieraz egin da beti, historia ezagunean behintzat, eta horko jendeak Ataungoak euskaraz egiteko dituen arrazoi berberak ditu espainieraz egiteko. (…) Erdaraz idaztea euskaraz idaztea bezain duina izan daiteke. Baina ez dut halako asmorik.
  • Independentzia. Amets ederra dela uste dut, Espainia eta Frantzia euskaldunentzat amets txarra izan direlako eta direlako oraindik. Eta ez dakit ondo zer den independentzia Europa barruan, eta ez dut uste Espainia edo Frantzia antzeko estatu gogaikarri bat eraikitzea izango denik, baina euskaldunek gure herri desintegratu hori era bateko edo besteko komunitate lez antolatu behar genuke behingoz.

Erantzunak

Hasier Etxeberria
2002-06-18 : 12:00

Poztekoa da norberak argitaratutako liburu bati hain adeitsu begiratzea baten batek. Dena dela, Dick Turpinentzat ohar bat egin nahiko nuke ezen bai baitirudi "hemen azkenak izango dira lehenak" dioenean, Sarrionandia azken jartzeko asmoa eduki dudala edo antzeko zerbait. Ez eta gutxiago ere!

Baten bati behar zitzaion hori egokitu. Esan dezadan, hitzaurrean diodan bezala, ordenu alfabetikoan jarrita daudela bost idazleak: ATXAGA, IZAGIRRE, LERTXUNDI, SAIZARBITORIA eta SARRIONANDIA. Horrelaxe.

Dena dela esanguratsua egiten zait bat bateko SARRIZALETASUN hori, badirudi besteekiko mesprezua daroala barnean edota besteen elkarrizketak ez direla Sarrirena bezain irakurgarriak. Halako beneraziorik!

Arriskugarria egiten zaizkit honelako jokaerak, halako santutasun desiratan ibiltzeko ohitura dutenak izan baitira, historian zehar, sorgin-surik handienak piztu dituztenak. Hainbeste maitatzeak, gorroto handiak piztu ohi ditu gero. Kontuz, bada.

Ikusten hasita nago, baten batzuek Santu bihurtua dutela Sarri, eta egiten duzuna egin, badutela beti zer esana eta zer aurpegiratua, eurak bailiren ez dakit noren izen onaren gurutzadakoak, sakrilegioaren begiraleak edo. Batez ere, liburuaren azaleko kokotaren irudiaz ari naiz, jakina.

Horrela jokatzen dutenei Sarriren lanak irakurtzeko aholkatuko nieke soilik, edo berak niri emandako elkarrizketa lupaz behatzeko, eta lasaitzeko, mundu guztia ez baita horren gaizto. Ni ez, behintzat. Zin dagizuet.

Pitokeriak eta susmo txarrak baztertu eta jabetu, behingoz, ordua iritsi dela gureez gozatzeko eta gozamen horrexen albiste lau haizetara emateko. Ez besterik. Normal jokatuz soilik, lortuko dugu normalitatea. Lortzekotan. Amen.

hsr.

Dick Turpin
2002-06-18 : 16:45

> Pitokeriak eta susmo txarrak baztertu eta jabetu, behingoz, ordua iritsi dela gureez gozatzeko eta gozamen horrexen albiste lau haizetara emateko.


Horixe bera egin nahi nuen nik, baina ez dut lortu, bistan da. Presa nuen Sarriren elkarrizketa irakurri eta horren berri emateko, urte asko direlako, gehiegi, Sarriren berri ez dugula hedabideetan. Ordea, nahi izatea ez da ahal izatea eta aitor dut trakets ibili naizela "azkenak" eta "lehenak" nahastean. Barka biezadate egileak eta elkarrizketatuek. Ez nuen inor gutxietzi nahi, denen lanak oso maiteak ditut eta.


Hortik aurrera, Hasier, iruditzen zait urrutitxo joan zarela. Hemen ez dago ez gurutzadarik, ez sorgin-surik, ez eta antzeko mamurik ere. Eta ez dut uste goiko laburpenean aukeratu ditudan gaiek antzeko makurkeriarik erakusten dutenik. Izenburua gerra-oihu iruditu zaizu, akaso? Abesti batetik ekarrita dago, inongo gibel-asmorik gabe.


Lan ona egin duzu, Hasier, eta lasai egon zaitezke, hemen inork ez baitu zure lana manipulatu nahi. Dick Turpin ere lasai dago, nahiz eta aitortzen duen erosoago ibiltzen dela bide-lapurretan eta ez kazetarien zereginetan.


Besarkada bat.


Erantzun

Sartu