Reynoutria japonica izeneko landare arriskutsu bat dabil hedatzen Euskal Herri osoan zehar. Orain dela hogei bat urte hasi zen izurritea, baina sekula baino azkarrago dabil zabaltzen azken aldian.
Ibai ertzak ditu gustukoen Reynoutria japonica landareak, eta hantxe hedatzen da batik bat, baina edozein egoerara moldatzeko gai da. Oso landare kaltegarria da lekuan lekuko ekosistemendako eta landareendako.
Fisikoki, bihotz formako hosto zabalak ditu, eta harilko formak osatuaz hazten da. Bere loraketa aroa udaberriarekin batera hasten da, eta oso-oso azkar hazten da.
Landare inbaditzaile bat da Reynoutria japonica. Abadiñoko Parques y Jardines lorezaintza enpresako arduradun Felipe Lópezek honela dio: Euskal Herriko ibaietan barrena berehala hedatu da. Ibaiak guztiz hartuta dauzka landareak.
Azkenaldian oso azkar hedatzen ari da. Hala ere, aspalditik dago Euskal Herrian: Orain dela hogei bat urte-edo hasi zen inbasioa. Hemen izugarri zabaldua da eta bertako landare espezie asko ordezkatzen ari da, diosku Jakoba Errekondo adituak. Harritzekoa da hain aspaldikoa izanda, lorezain eta aditu askok ez zutela landarearen berri askorik.
Ingelesez, belar txar deitzen diote, eta arrazoiak badituzte: oso azkar hedatzen da, aurkako baldintzekin ere bizirik irauteko gaitasuna du sikateak, bero edo hotz handia , berehala hazten da Oso sakon hondoratzen ditu sustraiak eta horri esker lur barruko ura eta elikadura beste landare guztiek baino lehenago lor dezake. Hori dela eta, batzuetan, alboko landareak guztiz desagerraraz ditzake Japoniako belar txarrak. Bitxiena da landare hori apaingarri moduan ekarri zutela europarrek: Lorategiko landare bezala erabiltzen zuten, baina laster, arazo bihurtu zen, dio Felipe Lópezek. Errekondok honela dio: Balio ornamentalengatik ekarri zuten. Azkenean jendeari asko gustatu ez, abandonatu eta berezko bizitoki egokiak hartzen ari da, batez ere ibai eta erreka bazterrak.
Berehala moldatzen da Reynoutria japonica edozein baldintzatara. Landarearen eragina oso kaltegarria da, bertako landaretza suntsi dezakeelako eta ezabatzen oso gaitza delako; gainera, ekosistema osoa hankaz gora jar dezake, bertako landareez elikatzen diren animaliak ere desagerpenera eraman ditzakeelako.
Ezaugarri gehiago
Japoniako belar txarra, Mexikoko banbua, tximu edo ijito arabarba Ingelesez hamaikatxo izen herrikoi ditu Reynoutria japonica, Polygonum cuspidatum edo Fallopia japonica deritzon landare inbaditzaile horrek. Baina ez gaztelaniaz ez eta euskaraz ere ez diogu izenik ipini oraindik. Sekulako baldintza txarretan bizirik irauteko aukera handiak ditu. Hosto iraunkorreko landarea da. Normalean, bi metro erraz hartzen ditu, baina egoera onenetan, hirutik gora ere haziko da. Banbu tankerako kimutan hazten zaizkio hostoak: triangelu edo bihotz formakoak dira, handiak. Martxotik apirilera bitartean loratzen zaizkio kimu berriak; loreak, aldiz, abuztutik urrira bitartean. Errizomak (sustraiak) oso sakon hondoratzen ditu batzuetan, 18 bat metro sakon har ditzake eta sare antzeko bat osatzen duenez, azpian harrapatzen dituen landareak ito egiten ditu.
Legea ere, aurka
Polygonum cuspidatum delako horren eragina hain kaltegarria da ezen, aurkako legeak merezi izan dituen landare gutxienetariko bat izan dela. Erresuma Batuan, esaterako, 1981eko lege batek iraintzat jotzen du landare hori landatzea, eta legeak berak landarea errotik ateratzea agintzen du. AEBetako Washingtoneko estatuan landare kaltegarri moduan kalifikatuta dago.
Apropos ekarritakoa
Kontraesana bada ere, hasieran, Asiako jatorriko landare hori eragin mesedegarriengatik ekarri zuten Japoniatik ingelesek, 1825. urte inguruan, eta gero, Ameriketara eraman zuten. Hasieran, lorategiak apaintzeko eta lur-higadura kontrolatzeko erabiltzen zuten europarrek eta estatubatuarrek, baina laster, arazo bihurtu zen. Euskal Herrira Frantziatik etorri zen.
Zelan hedatzen da?
Haziaren bidez barreiatzen da, baina badu beste hedapen modu bat ere, askoz eraginkorragoa. Izan ere, elikadura eta iraupena ziurtatzen dizkion sustrai mota berberari esker zabaltzen da edonon landare hori. Sustrai zatiak (errizomak) barreiatzea nahikoa du landareak ingurune berrian erroak bota eta hara moldatzeko. Ur korronteen, haizearen bidez barreiatzen dira.
Zelan ezabatu?
Landarea ezabatzeko modu bi daude. Bata, agresiboena, glifosato izeneko osagaia duen belar-hiltzailea langartzea da. Hala ere, glifosato-a ez da selektiboa, hau da, ondoko beste belar guztiak ere hilko ditu. Beste metodoa errotik ateratzea eta sustraiak ebakitzea da, landarea neka dadin. Baina oso tratamendu luzea da hori. Metodo eraginkorrena da prebentzioa.
On egin!
Baina ezaugarri guztiak ez ditu hain txarrak Japoniako belar txar horrek. Adibidez, bitxikeria moduan esan dezakegu jangarria ere badela. Udaberri hasieran, 30 zentimetroko kimu gazteak ebaki eta lurrunetan edo egosita zerbitza daitezke, esparragoak balira bezala. Kimu zaharragoak mermelada antzeko bat egiteko ere erabil daitezke, kimuok azukrearekin egosita.
Erantzun
Sartu