Teknologia albisteak

Dantzariak, agurrak eta protokoloa

Erabiltzailearen aurpegia
Oier Araolaza - Dantzan.com
2002-06-12 : 14:06

Prentsan eta interneten dantza, aurresku, agur eta protokoloen harira, zenbait gauza irakurri ditut azken egunetan. Horiekin, orain urte batzuk gertatu zitzaigun pasadizo bat etorri zait gogora. Errepide irekiera batean aurreskulari batekin nahikoa ez, eta dantza-talde osoa nahi zuen konstruktorearena.

Dantza eginez agur protokolarioa egiteko ohituraz komentarioa zekarren joan den ostiralean Mikel Elorza iritzigileak Euskaldunon Egunkariaren kornerrean. Komentario horrek iritzi andana polita sortu du Dantzan posta-zerrendan. Neuri pasadizo bat etorri zait gogora.

Izan ere, azken aldien erakunde, elkarte eta gizabanako guztiek nahi izaten duten bere ospakizunetan "aurreskua" edo "agurra" dantzatzea, baina ez denek berdin. Sektore bakoitzak baditu bere gusto estetikoak. Agintari politikoei txapela eskura botatzea gustatzen zaie; etxera datozen presoei txalapartaren ostean, koadrilan, kaleko jantziz eta martins botekin eginez gero hobe; kirol sari-emateetarako neska-pospolinak joatea eskertzen dute muxuekin borobiltzeko; zintaren bat moztu behar bada ere bikotea aproposa da, batak guraizeak eusten baititu eta besteak zinta...

Baina orain arte parean tokatu zaizkidan okerrenak errepide konstruktoreak dira. Eibarko bariantea egin zutenean lanen ardura izan zuen enpresak (erakundeek ondo ordaindutakoa noski) inaugurazio ekitaldi arranditsua egin nahi zuen eta dantzari eske etorri zitzaigun. Baietz esan genion, joango zela dantzari bat, beste guztietan egiten dugun moduan. Konstruktorari baina dantzari bat gutxi iruditzen zitzaion, eta talde osoa nahi zuen. Ordaintzeko prest zeudela eta etortzeko gutxienez dozena bat dantzari. Milaka milioi irabazi zituen enpresarentzat zer zen ba hamarmila duro? Gu pobreak baina harroak izan ordea, eta inaugurazio protokolo batera dantzari bakarra bidaliko genuela erantzun genion, ez geundela gu saio txatxuak egiten hasteko. Ba gu ez baginen joaten beste nonbait saiatuko zirela, eta horrela hasi ziren. Hurrengo asteetan Elgoibar eta Debako dantza taldeetatik deitu ziguten. "Aizu, konstruktora batek deitu digu Eibarko bariantearen inaugurazioan dantza egiteko", "Eta zer erantzun diozue?", "Eibartarrek ezin badute, dantzari bat bidaliko dugula, baina gehiago ez". Debabarrenean frakasatuta Urolara jo zuen konstruktoreak eta hantxe aurkitu zuen nahi zuena.

Gauzak zertan bukatu zuten ikusi nahian bariantera joan nintzen inaugurazio egunean. Han zeuden Azkoititik etorritako 8 dantzari (4 neska eta 4 mutil), eta zintaren beste aldean erakundeetako 5 politikari eta konstruktorako 3 nagusi(denera 8 korbatadun). Nahikoa komeria izan zuten Gipuzkoako brokel-dantzako zenbait dantza eskaintzen, Tourmaletak baino aldapa gehiago duen barianteko tramoan jarrita baitzegoen inaugurazio zinta. Uztai-txiki, uztai-handi, belauntxingo eta abarrekoak % 18-ko aldapa duen tokian egiten ikustea ikuskizun penagarria izan zen, baina konstruktoreak nahi bezala, korbatadunak folklore dantzez ase-aseta (edo asper-asper eginda) utzi zituzten arte jardun zuten. Segidan Eibarko udaleko zinegotzi eta alkateak beren haserrea agertu zioten konstruktoreari herrian bertan dantzariak izanda kanpotik ekarri zituelako. Azkoitiko dantzariak sikiera poltsikoa berotuta itzuli ziren Urola aldera.

Bariantearen 1. tramoaren inaugurazioan izan zen hori, 2. tramoaren inaugurazioa zuhurra izan zen zeharo, eta ez zuten dantzaririk ere behar izan. Gu orain Eibarko eskilara mekanikoak inauguratzera dedikatzen gara, sei hilabetean behin tramo berri bat, ahal dela lauan, eta dantzari bakarrarekin, konpetentziarik eta sosik gabe.

Erantzun

Sartu