Hamar hilabete igaro dira Mondragon Unibertsitatearen Humanitate Fakultatean Humanitateak-Enpresa karrera (HUEN) amaitu zutenetik eta lehen promozioko ikasle gehienak lautik hiru lanean ari dira.
Berrogeita hemeretzi ikaslek bukatu zuten iaz Humanitateak-Enpresa karrera HUHEZIn eta haietarik 45ek, hau da ikasle guztien %76, badute lan bat. Beste 11k, hau da %18,5, ikasten segitzen dute. Hiru geratzen dira, beraz, oraindik ere lana bilatzen: ikasleen %5. Eta bada datu are inportanteago bat: lana aurkitu duten hamar ikasletatik zortzi (%84) lanean ari dira lan batzuetan, zerikusia dutenak egin dituzten ikasketekin. Eta kontuan hartzen badugu kokapen geografikoa, gehienak (%73) Debagoienean hasi dira lanean.
Lana bilatzeko erronka
Batez beste 16 eta 35 urte arteko pertsona batek 28 hilabete behar izaten ditu bere lehen lana aurkitzeko, Estatistikaren Institutu Nazionalak (INE) adierazi duen moduan. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, denbora hori apur bat laburragoa da, 26 hilabete. Alegia, bi urte pasatxo. Eragozpen horrezaz gain, Humanitateak-Enpresa karrerako lehen ikasleek beste arazo bat izan dute: karrera berria da eta ez du tradiziorik Euskal Herriko enpresetan. Hala ere, lautik hiruk 10 hilabete baino gutxiago behar izan dute beren lehen lana aurkitzeko.
Lantxoko
Emaitza on hauek gorabehera, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak erabaki du Lantxoko sortzea, lan poltsa bat harremanetan jarriko dituena tituludun berriak eta profesional eske datozen enpresak. Hasieran Lantxokok lan egingo du Humanitateak-Enpresa karrera amaitu duten ikasleekin, baina behin finkatu ondoren, zabaldu egingo da HUHEZIn ematen diren gainerako ikasketetara: Irakasle Ikasketak eta Psikopedagogia.
Humanitateak-Enpresa
Ikasketa hauek 1997an sortu zituen Mondragon Unibertsitateak eta harrezkero ematen dira Eskoriatzan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Lizentzia honek erantzun nahi dio enpresa ulertzeko zabaltzen ari den modu berriari, non giza faktorea giltzarritzat hartzen den edozein erakunde garatzeko orduan. Horregatik, sortu zen ikasketa plan bat uztartzen dituena nola jabetu jakintza teknikoez enpresan eta nola ikasi trebetasunak, kudeatzeko teknikak eta jarrerak pertsonen inguruan.
Erantzun
Sartu