Pentsamendu Unibertsaleko Klasikoen Bilduma-ren webgunea aurkeztu da. Aristoteles, Seneka, Kant, Nietzsche, Keynes, David Ricardo, Rotterdamgo Erasmo, Tomas Moro, Darwin, Montaigne, Spinoza, Rousseau, Voltaire, Freud, Kierkegaard, ..., guztira 68 liburu osoak euskaraz internet-en doan eskuragarri daude.
BBVA Fundazioa, Kutxa, bbk, Vital Kutxa, EHU eta Deustuko Unibertsitateak babesten dute Pentsamenduaren Klasikoak -ren bildumaren lanak.
Proiektua 1991 urtean hasi zen, eta orain arte paperezko oso argitalpen zainduetan kaleratu diren 68 liburu ipini dituzte sarean.
Liburuen itzultze lana oso zaindu izan da eta dozenaerdi bat hizkuntzatan (greko, latin, frantses, ingeles, aleman, italiera, espainol, eta abarretan) hogeita hamarren bat itzultzaile ibili dira lanean.
Klasikoak webgunearen aurkezpenean horrela dio:
Azken hamarkada hauetan euskararen bateratze eta garatze gaiari heldu izan zaion bakoitzean, ia hutsik egin gabe aipatu izan da gure hizkuntzak bere burua gaitu beharra daukala beste edozeinek bezalaxe, linguistikoki normalduriko gizarte batean dituen betekizun guztietarako. Ukaezina da zentzu horretan erakunde publiko eta pribatuek egin duten ahalegina, eta bide horretatik eman diren pausoen adierazgarri dira urtero gure artean argitaratzen diren ia mila titulu horiek.
Baina hori aitortu ondoren, oraindik esan beharra dago euskaldun askori izugarri zail, ia ezinezko gertatzen zaigula kultur bizitza asegarri bat izatea, horretarako behar adinako oinegiturarik ez daukagulako. Gauzak horrela badaude, alde batetik, gure kultur produkzioa urria delako da, eta bestetik, Jaufré Rubel trobadorearen hitzak erabiliz, euskara oraindik "urrunekoaren ostatu" (auberge du lointain) eroso izatera iritsi ez delako, hau da, gure hizkuntzak mendebaldeko kultura honen oinarrian dauden pentsamendu unibertsaleko obra gailenak zuzenean eta sistematikoki berengantu ez dituelako. Gaur egungo euskal gizarteak, Mendebaldeko kultur eremuan kokaturik dagoenak, erro grekolatindarretatik eta ondorengo mendeetan haietatik abiatuz gure egunotara arte izan duen aberaste filosofiko eta zientifikotik hartzen du bere bizi-iraina. Euskal kulturak, bere ahalbide apalen arabera, altxor horri noizean behin bere ekarpenak egin izan dizkionak, bere ingurunearekiko harreman jariakorrik lortzen ez badu, ez gaztelania eta frantsesaren bidez bakarrik, baita euskararen bitartez ere, ezin izango die etorkizuneko erronkei behar bezala erantzun, eta zimeldu eta ilauntzea beste irtenbiderik ez du izango datozen hamarkadetan.
Erantzun
Sartu