Joko honetan, Euskal Herrian kokatutako eskenatoki bat ba omen da eta jokalariak bi talderen artean aukeratu behar du jolasteko: ertzainak edo "separatista euskaldunak". PPk eta prentsa espainiarrak gogor ekin zuten jokoaren aurka, eta Senatu espainiarrean bertan debekatzearen alde agertu zen Rosa López Garnica senadore nafarra. Presio hauek zirela medio, Electronic Arts (EA) Iberia banatzaileak Estatu espainiarrean ez saltzeko hautua egin zuen. Baina orain Interneten dago eskuragarri demo bertsioa.
2001eko urtarrila aldera GARAk jakinarazi zuen pimizian Kanadako enpresa batek Global Operations 3 dimentsiotako jokoa aterako zuela.
Global Operations hiru dimentsiotako gerra jokoa da, Counter Strikeren antzerakoa edo garai batean Doom-ek irekitako bidearen jarraitzailea, esate baterako. Jokalariak bertan helburu "militar" ezberdinak burutu behar ditu, hala nola, sekuestroak gidatu, etxeak asaltatu, atxiloketak egin eta, batez ere, etsaia garbitu. Hori aukeratzen den taldearen araberakoa izango da, jokalariak aukeran Segurtasun Indarrak edo "talde terroristak" baititu bertan parte hartzeko.
Global Operations-en 16 eskenatoki ezberdin daude, Belfast, Quebec, Peru, Kolonbia, Beirut.... eta abar luze bat. Baina harrigarriena da, hasiera batean, oraindik jokoa merkaturatu gabe zegoenean, Crave Entertainment eta Barking-Dog jokoaren ekoizleek "Espainian kokaturiko eskenatoki bat" ere iragartzen zutela, non "segurtasun indarrak ertzainak izango diren beti, eta terroristak separatista euskaldunak".
Notizia honen berri GARAk eman zuen iaz primizian, eta argitalpenaren ostean prentsa espainolak gogor ekin zuen jokoaren aurka, baina, espero zen bezala, alde bakarra erakutsis. Diario 16, La Razon eta antzekoek honela titulatzen zuten GARAtik plagiatutako informazioa: "Un juego permite encarnar etarras para matar ertzainas". Ahaztu egiten zuten alderantziz ere egin zitekeela.
Gauza da, azkenean, eta Espainiako Senatuan ere jokoaren aurkakoak entzun ostean, Eletronic Arts Iberia zabalpen etxeak jokoa Estatu espainiarrean ez merkaturatzea erabaki zuela. Berez, jokoan bertan zenbait aldaketa ere egin ziren jasotako presioengatik, eta GARAn publikatutakoaren ostean ia ezinezkoa zen Euskal Herriari erreferentzia egiten zion informazioa aurkitzea Crave eta Barking Dog etxeen web orrialdeetan.
EA Iberiak berak konfirmatu zuen beranduago: "Por razones estratégicas y de mercado Global Operations no saldrá al mercado en España", adierazi zioten GARAri. Baina sinestezina da Counter Strike joko arrakastatsuaren ondorengo bezala aurkezten duten Global Operations-ek merkatuan arrakastarik izango ez duela esatea... eta, berez, Estatu espainiarretik kanpo merkaturatu den beste herrialdeetan joko salduenetakoan bihurtzea. Egia da Global Operations-ek mundu osoko gatazka armatuetaz egiten duen tratamendua ez dela batere egokia, baina, bestalde, Interneteko eztabaida foroetan hainbat lagun agertu zen debekuaren aurka (Ikus, esaterako, hemen eta baita ere hemen)
Debekua 2001eko otsailean jarri zen abian, Interneten ez dago mugarik ordea eta, orain, sarean lortu daiteke Global Operationsen multijoko demo sharewarea. Leku hauetan aurki daiteke, Download.com, Softonic.com, www.solodemos.com eta Tododemos.com. Bertsio honek sarean on-line jokatzeko aukera ematen du soilik, eta eskenatoki bakarrean: Quebec.
Erantzun
Sartu