Teknologia albisteak

Euskaraz zer egin den eta nork, batuta

Erabiltzailearen aurpegia
Karmele Artetxe Sánchez - Inguma datu basea
2002-06-07 : 13:06

Azken 30 urteetan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da Inguma egitasmoaren bitartez; euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen duen aipu laburra, alegia.

Unibertsitate mailan euskaraz produzitzen duten egileen arteko ezagutza eta komunikazioa sustatu nahi da, hots, elkarren lanaren berri izatea, elkarren artean komunikatzeko tresna eraginkor bat prestatzea eta denon eskura jartzea.

Inguma Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz Udako Euskal Unibertsitateak sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da.

Inguma-ren erabilera publikoak ahalik eta zabalena behar du izan. Arrazoi honengatik web formatua du eta gaur egun bere helbidean nahiz UEUren webgunean aurki daiteke.

Inguma-ren helburu nagusia euskal produkzio akademikoaren berri ematea da. Hortaz, ez da bibliografia nazional bat, eta ez da dokumentu bakoitzaren deskribapen edota baloraziorik egiten; euskaraz eta unibertsitate mailako produktu baten berri laburra eskaintzea da, haren egilearekin harremanetan jartzeko bidea erraztuz. Inguma unibertsitate mailako euskarazko produktu guztiak eta egile euskaldunak ezagutarazteko tresna azkar eta eraginkorra izateko asmoz sortu baita.

Inguma datu-basean unibertsitate mailako euskarazko produkzio gehiena jaso da, mota ezberdinetako produktuak kontuan hartuz: ahozkoak (hauen barnean, hitzaldiak, ikastaroak, irakasgaiak, eta abar) zein idatzizkoak (liburuak, artikuluak, hitzaurreak, liburu-aipamenak, eta abar).

Egileen kasuan, izen abizenaz/ez gain Inguma-n agertzen den egilearen datu pertsonal bakarra helbide elektronikoa da (baldin badu), euskal komunitate zientifiko-intelektualaren partaideen arteko ezagutza eta komunikazioa ahalbidetzeko ezinbesteko datua dela iruditzen zaigulako.

Inguma-n, egon daitezkeen datu okerrak zuzentzeko, helbide elektronikoak eguneratzeko edo, egileak eskatuko balu kentzeko, mezu bakarra nahikoa da.

Era berean, une honetan UEU aztertzen ari da Inguma euskal kultur-produkzioa sustatzeko tresna gisa ere erabiltzea, alegia, helbide elektronikoen bidez, euskarazko eta unibertsitate mailako argitalpen, ikastaro, mintegi eta abarren berri ematea. Baina kontu horri buruzko informazioa bere momentuan jasoko duzu.

Erantzun

Sartu