Teknologia albisteak

Euskal Herriko Biblioteka Nazionala: Oinarriak

Erabiltzailearen aurpegia
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia - Bartzelona
2002-06-05 : 13:06

Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak bost urte betetzen dituela ospatzeko, joan den asteburuan 14 mintegikidek Bartzelonarako txangoa egin dugu Kataluniako Biblioteka Nazionala bisitatzeko eta "Euskal Herriko Biblioteka Nazionala - Oinarriak" dokumentua kaleratzeko

Deia egunkariak igandeko edizioan eman zuen honen berri.

Dokumentua bera helbide honetan irakur dezakezue: http://www.eibar.org/joana-albret/bnoinarriak.htm

Euskal Herriko Biblioteka Nazionala - Oinarriak

Idazki honekin ondokoa adierazi nahi diogu Euskal Herriko gizarteari eta, orobat, dagokien Herri Aginteei:

a) Bibliotekak Informazioaren Gizartearen eragile garrantzitsuenetakoak direla.

b) Euskal Herriko biblioteken egoera antolatzeko eta eraginkortzeko premia larrizkoa dela Euskal Herriko Biblioteka Nazionala eratzea.

c) Biblioteka nazional berri hori sortzea Euskal Herri osoko Herri Aginteei dagokiela, horretarako elkarrizketa eta akordio-bideak landuz.

d) Ikuspegi profesional batetik abiatuz, ondokoak direla erakunde berri horrek gure ustez izan beharko lituzkeen oinarriak:

1) EUSKAL HERRIA BERE OSOTASUNEAN KONTUAN HARTZEA

Euskal Herriaren errealitate historiko, kultural eta soziala ukaezinezko erreferentzia da, hala nola diren Hispanidad, Francophonie edota British Commonwelth deituak. Euskal Herriko biblioteka guztiek hortik abiatu behar dute, errealitate politikoa saihestu gabe, haatik. Ildo honetan, Herri Aginteek irtenbide egokiak bilatu behar dituzte arazo politikoak ez daitezen gerta kulturaren kaltegarri.

2) EUSKARAREN BIDETIK ELEANIZTASUNERA

Euskal Herriko Biblioteka Nazionalak euskara bereziki zainduko du, euskararen alde erakunde honek egiten ez duena ez baitu ezein bibliotekak egingo. Ez du ahaztuko nola nahi ere beste bi hizkuntza ere badirela gaur egungo Euskal Herrian, gaztelania eta frantsesa. Eta gainera, ingelesa dela gero eta gehiago munduarekin harremanetan jartzeko bidea.

Beraz, Euskal Herriko Biblioteka Nazionalak lau hizkuntza hauen arteko bizikidetza lagunkoia sustatu behar du, bakoitzari dagokion lekua emanez.

3) FUNTZIOAK

Hauek izango dira Euskal Herriko Biblioteka Nazionalaren funtzioetako batzuk:

  1.  Euskal Herriko liburutegien arteko sarearen eraketa, planifikazioa eta koordinazioa
  2.  Euskal Herriko ekoizpen dokumentalaren bilketa eta kontserbazioaren planifikazio eta koordinazioa, euskal herritarren eta interesatu guztien eskura egon dadin
  3.  Euskal Herriko  ekoizpen dokumentala deskribatuko duten tresnak eta beharrezko zerbitzuak sortzea: Bibliografia Nazionala, Agentzia Katalografikoa, eta abar
  4.  Nazioarteko estandarrak Euskal Herrira egokitzea

4) ERAKUNDE AUTONOMOA

Euskal Herriko Herri Aginteei dagokie Erakunde Autonomoa izango den Euskal Herriko Biblioteka Nazionala sortzeko beharrezko elkarrizketak eta akordioak lantzea. Hitzarmenen bidez sortutako Euskal Herriko Biblioteka Nazionalak, legez zehaztutako eskumenen eta hitzarmenen bidez Euskal Herriko biblioteken sarea kudeatuko du. Era berean, sare horren koordinazio eta planifikazioaren arduradun nagusia izango da eta sareko partaide guztien artean funtzioak banatu eta denei zerbitzuak eskainiko dizkie. Euskal Herriko Biblioteka Nazionalak bere eginkizunak bete ahal izateko puntako azpiegitura teknologikoak eta beharrezkoak diren egoitza eta baliabideak izango ditu.

Euskal Herriko erkidego bakoitzak bere Liburutegi Nagusia izatea nahitaezkotzat jotzen dugu, aipatutako Euskal Herriko biblioteken sarearen koordinazioa posible izango bada. Era berean, nazioarteko arau eta gomendioei jarraikiz, administrazio esparru bakoitzak bere Liburutegi Legea onartu beharko luke, barne eta kanpoko xedeei behar bezala erantzuteko.

Bartzelona, 2002ko ekainaren 1a
Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia

Erantzun

Sartu