Teknologia albisteak

HUHEZIk bi titulu eskainiko ditu Psikopedagogian

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal - HUHEZI
2002-05-31 : 10:05

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak titulu bat gehiago sortuko du datorren ikasturtean Psikopedagogia karreran: Eskuhartze Psikopedagogikoa. Honek osatu egingo du beste titulua, Hizkuntzen Psikopedagogia. Bai bata zein bestea lizentziak dira, bigarren ziklokoak.

Bai egun osoan lanean ari diren profesionalek bai ikasketak osatu nahi dituzten lizentziadun berriek interes handia erakusten dute Psikopedagogia egiteko. Hori dela eta, bi neurri hartu dira, era guztietako ikasleei erantzuteko: murriztu eskolak eta indartu on line ikasketak, beti ere bermatuta ikasleak izango duela behar duen babesa; eta eratu da curriculuma bi edo hiru urtean egiteko moduan, ikasleak nola aukeratu.

Orain bi urte sortu zenetik, Psikopedagogiak lizentzia bat eskaini du, bigarren ziklokoa: Hizkuntzen Psikopedagogia. Orain zabaldu egingo du eskaintza eta beste bat sortuko du: Eskuhartze Psikopedagogikoa. Bi ibilbide, karrera baten barruan. Ibilbide biek dituzte zenbait gai komunak eta beste zenbait bakoitzari dagozkionak. Bi ibilbideetako lizentziadunek titulu bera jasoko dute: “lizentziaduna Psikopedagogian”. Hizkuntzen Psikopedagogian lizentziadunek, gainera, Mondragon Unibertsitatearen beste titulu hau jasoko dute: “lizentziaduna Hizkuntzen Psikopedagogian”.

Hizkuntzen Psikopedagogia

Karrera honen bidez, HUHEZIk prestatu nahi ditu profesional gaituak, hizkuntzak kudeatzen espezializatuko direnak eta jakingo dutenak ematen irtenbide duinak, desiragarriak eta errealak hizkuntzak harremanetan jartzean gizartean sortzen diren egoerei. Horretarako, hizkuntzak kudeatu beharko dituzte hainbat alorretan: irakaskuntzan, aholkularitzan, ebaluazioan eta ikerkuntzan.

Emigrazioak, globalizazioak eta teknologia berriak areagotzen ari dira premia prestatzeko era honetako profesionalak.

Eskuhartze Psikopedagogikoa

Hauxe izango da berrikuntzarik aipagarriena datorren ikasturtean Psikopedagogiaren barruan. HUHEZIk erabaki du aukera hau sortzea, erantzun hobeak emango dizkielako irakaskuntzan sortzen ari diren arazoei.

Espezialitate honi esker, profesionalak erantzun askotarikoak eta pertsonalizatuak eskainiko dizkie ikasleei, familiei eta enpresako jendeari, azken hau izugarri ari baita aldatzen. Horretarako, ondo menderatu beharko ditu taldeen eta pertsonen prozesuak. Ikasketak bukatutakoan, lizentziadunak lan egin dezake aholkulari gisa irakaskuntzaren planifikazioan, zentzurik zabalenean ulertuta.

Erantzun

Sartu