Irlandako Gobernuaren txosten batek aitortzen duenez, krisi sakonean dago Irlandako gaelikoaren gordeleku izan den Gaeltacht edo gaelikozko gune elebakarra.
Gaeltacht guneak Donegal, Mayo, Galway eta Kerry konterriko lurralde gehienak -denak Irlandako mendebaldeko itsasaldean- hartzen ditu, baita Cork, Meath eta Waterford konderrietako beste lurralde zati batzuk ere (ikus maparen lotura, behean). Gaeltacht-eko biztanle guztiek ingelesez ere badakiten arren, horiek dira Irlanda osoan gaelikoa eguneroko hizkuntza duten lurralde bakarrak.
Irlandako estatua sortu zenez geroztik, gobernu guztiek garrantzi ikaragarria eman izan diote Gaeltacht gaelikoduna zaintzeari. Izan ere, gaelikoari eusteko helduleku nagusia izateaz gain, gaelikodun berriak sortzeko ingurune natural bakarra baita. Inoiz Irlandako gizartea guztiz elebidun izango bada, zutarria Gaeltacht izan beharko da, noski.
Gaeltacht Commission-ek Irlandako gobernurentzat egindako txostenak dio Gaeltacht, gaur egun ezagutzen den moduan behintzat, laster desagertuko dela, baldin eta ez badira berehala erabaki latzak hartzen. Besteak beste, Gaeltacht barruan den komunitate bakoitzari 5-7 urte bitarteko epea emango zaio gaelikodunen %50eko maila lortzeko, edo lortu ezean Gaeltacht-etik kanpo geldituko da.
Bi mehatxu ikusten dizkio txostenak gaelikoari Gaeltacht-en: kanpokoa eta barrukoa. Kanpotik, bai estatuak bai enpresa pribatuek ez diete, gehienetan, jaramonik egiten komunitate horien hizkuntza ezaugarriei, eta ingelesez mintzatzen zaizkie jo eta su. Barruan, jendeak gero eta kontzientzia lausoagoa omen du Gaeltacht-en berezitasunaz.
Txostenaren arabera, Gaeltacht area osoa 1926an erabilitako irizpideen neurrira berregokitu beharko balitzateke gaur egun, lurraldearen %9 besterik ez luke gordeko.
Txostena egin duen batzordeak krisia gainditzeko erabaki sail handi bat proposatu du, batez ere hizkuntza estrategia aldatzea.
Gauzak bide horretatik jarraituz gero, laster Irlandatik kanpo diren Gaeltacht guneak geldituko dira gaelikoaren gordeleku bakartzat: Gaeltacht Minnesota, Alemaniako Gaeltacht, eta abar.
Informazio gehiago: Irish Independent
Erantzun
Sartu