Teknologia albisteak

UEUren 30. uda ikastaroak

Erabiltzailearen aurpegia
UEUko Idazkaritza - Markeskoa
2002-05-22 : 11:05

Jakinarazi nahi dizuegu, gaurtik hasita, UEUren Udako 30. Ikastaldietan parte hartzeko matrikula epea zabaltzen dela. Aurtengo ekitaldia 30.a izango da, eta hori dela eta, Xabier Isasi UEUko zuzendariak agur berezi bat idatzi du ikastaroetara gonbita eginez.

Miarritzen uztailaren 1etik 5era bitarte eta Iruñean uztailaren 15etik 26ra bitarte antolatuko dira aurtengo ikastaroak.

Egitarauak, prezioak, datak, ikastaroak... Horretarako informazioa, hemen.

Aurtengo ekitaldia 30.a izango da, eta hori dela eta, Xabier Isasi UEUko zuzendariak agur berezi bat idatzi du ikastaroetara gonbita eginez. Hortxe duzue jarraian:

Hogeita hamar urte Euskal Unibertsitatea sortzen!

Dagoenekoz, UEU bere XXX. Udako ikastaldietara iritsi da. Hori marka! Euskal Unibertsitatearen arrastoan hiru hamarreko bildu ditugu, ez da gutxi. Aurtengo egitarauari begiratuz gero betiko ildotik gatozela esan dezakegu. Hogeita hamabost ikastaro orotara, bederatzi Miarritzen eta gainontzekoak Iruñean, ohi denez, hamaika saio osagarri eta biltzeko, ikasteko eta gozatzeko aukera paregabea. Hori da UEU.

Denetarik ezagutu du UEUk hogeita hamar urte hauetan, gehienetan bero zapala, inoiz salmonella, Tourra Iruñean bertan, hizlari handiak irakasle hasi berrien aldamenean eta bitxikeria ugari. Dena dela, UEUk urtero berritzen du bere eskaintza. Eginkizun hauetan urteak eman ditugunoi zaila egiten zaigu gure buruari azaltzea nola den posible etengabeko zaharberritzean ibiltzea eta UEU beti gazte izatea. Baina horrela da, UEUn gazte izandakoei gazte direnek txanda hartzen diete urtez urte.

Zoragarria da, zinez, ikustea urterik urte gazte gehiago eta jantziagoak datozela UEUren ikastaroetara. Seinale ona, dudarik ez. Aldaketa araua omen den garaiotan aipagarria da UEUk izan duen gaitasuna hogeita hamar urte luzeetan egoera berrietara egokitzeko. Eta horretan gaude, egokitzen eta eraberritzen. Ondo asko emendatu dira UEUren jarduerak azken urteotan. Baina ez hori bakarrik gure azpiegiturak eta egoitzak zabaldu eta hobetu ditugu. Iruñeko egoitzak haize berriak ekarriko dizkio UEUri Nafarroan, Ipar Euskal Herriko goi-mailako formaziorako planak —Presta hadi! —, UEU bera azkartuko du, hirugarren zikloan, gradu ondoko eta master ikastaroetan ematen ari garen urratsek erantzukizun berrien aurrean jartzen gaituzte.

Horregatik guztiagatik, besteak beste, UEUk aurtengo abenduan bere II. kongresua egin behar du. Nahiko genuke aurtengo ikastaldietan hausnarketarako aukera zabaldu. Miarritzeko Ostalaritza Eskola eta Iruñeko Larraona Ikastegia beti izan dira hizketarako leku egokiak. Udako ikastaroen ingurumaria gauza askoren abiapuntua izan da, ikerketa proiektuak, liburuak, saio esperimentalak, antzerki lanak, bertso-jardun berriak eta abar. Baina, batez ere, urteetan Euskal Unibertsitateaz berbetan jarduteko gune naturala izan da, lagun batek esango zukeen moduan UEU gai horren gaineko hitz agora —hitza gora! — izan da. Berrio izan bedi, bada.

Gauza asko aldatzen ari dira Euskal Herriko unibertsitateetan azken urteotan, abio bizian aldatu ere. Zurrunbilo horietan ez dugu aukera askorik izaten aldaketa horien gainean hausnarrean ibiltzeko. Hala ere, gogoeta ezinbestekoa da. Euskaldunok badakigu jakin, gure hizkuntza eta kulturaren garapenari dagokionez, gu geu garela giltzarria, horretan, besteak beste, UEU bera da lekuko. Kontua ez da, sarri askotan planteatu den moduan, mugak zenbat eta zelakoak diren jakitea. Hori jakitea ez baita horren zaila. Kontua da, ostera, gure beharrak zeintzuk diren eta beraiek asetzeko gauza ote garen jakitea. Guk geuk. UEUk hogeita hamar urtetan irautea eta haztea posible dela erakutsi du. Orain, bada, Europako eraketa prozesu horretan txertatzeko gaitasuna erakutsi behar dugu, egindakoaren gainean eraldatzea eta eraberritzea egokituko zaigu. Horretan dihardu UEUk, eta gurekin batera, horretan jardutera gonbidatu nahi zaitugu. Berriro ere.

Udako ikastaldi hauetan zure gustukoa aurkitzeaz gainera zure —gure— hazkuntzarako parada topa dezazuen nahiko genuke. Bihotzez, ondo izan.

Xabier Isasi Balanzategi
UEUko Zuzendaria

Erantzun

Sartu