PPk ezarri nahi duen Kalitate Legearen Oinarrien Txostenaren kontra eta era berean hezkuntza geurea eta solidarioa aldarrikatzeko, maiatzaren 4an, larunbata, Bilbon, manifestaziora deitu honako talde hauek: EHIGE Gurasoen Elkartea, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, Sarean, BIHE, Ikasle Abertzaleak, CCOO, ELA, LAB, STEE-EILAS, UGT. Beste talde eta alderdi batzuek ere bat egin dute deialdiarekin. Artikulu honekin:
Hezkuntza Kalitatearen Lege proposamenari buruzkoak, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren orri honetan aurkituko dituzu, PDF formatuan. Legearen testua zuzenean irakurtzeko hemen, eta dena ez irensteko, puntu nagusiak laburbildurik hemen
Horra, jarraian, hezkuntza munduko euskal erakundeek adostutako manifestua:
PPko Gobernuak "Kalitate Legea" deitzen duen hori azkenik indarrean jartzea lortzen badu, agiri hau sinatzen dugunon iritziz gainditutzat ematen genituen garaietara itzultzea izango litzateke.
Badakigu jakin sinatarion artean ez dagoela erabateko adostasuna Hezkuntzako ministra espainolak aurkeztutako txostenaren edukia aztertzerako orduan. Hala ere, Legearen ezarpenak ekarriko lituzkeen ondorio larriak kontuan hartuta, agerraldi honetara eta honekin batera doan mobilizaziorako deia zorionez elkarrekin egitera gatoz.
PPren Gobernuak bere gizarte eredua eta estatu eredua hezkuntza alorrean inposatzeko bere lege ekimenen egitasmoa itxi nahi du honekin.
Agiri hau sinatzen dugun gizarte erakundeak bere baitan gauzkan hezkuntza komunitateak, gizarte osoak, azken hamarkadetan autonomia propioa garatu du hezkuntza esparruan, erronka propioak ezarriaz eta hauei gizarte kontsentsu zabalen bitartez erantzuten saiatuaz. Hezkuntzaren euskalduntzea, kalitatearekiko konpromisoa, ikuspegi progresistatik abiatzea, Europako joera aurreratuenekiko atxikimendua, dibertsitarekiko arreta, hauek dira ezarritako erronkatako batzuk, gizarte eta kultur errealitate den Euskal Herri horretatik autonomoki lantzen saiatzen garelarik. Gizartea eta instituzioak, hauek modu desberdinean, kasuen arabera, ibilbideetan inplikatuaz joan dira eta, gehiengoaren arabera, gaurko erronka nagusiak euskal gizarteari dagozkion behar propioei erantzungo dien hezkuntza sistemari begiratu behar dio.
Errealitate hau ahaztu egin du nahita Pilar del Castillo ministrak "Oinarrien Txostena" lantzerako orduan, ahaztu dituen bezala Hezkuntzan diharduten gizarte sektoreak, baita ere Estatu espainol osoko autonomi erkidegoak. PPren Gobernuak inposizio hutsa erabili du beste behin ere.
Ministrak aurkeztutako txostenaren edukiari dagokionez, honen atal batzuk aipatzeko, esango dugu iragarritako proiektua ez dela zehatz-mehatz burututako ebaluazioaren emaitza. Diagnosi anitz eta kontsentsuatuaren gabezia azaleratzen da, Estatu espainolaren dibertsitatea kontuan hartuta. Alde batetik, erabiltzen den "kalitate" kontzeptuak emaitzei begiratzen die soil-soilik eta ez prozesuei. Bestalde, "kalitateak", ministraren ahoan, elite, sailkapen eta bereizketa zentzua hartzen du.
"Eskola porrota" deitzen zaion horren kopurua, bere argudioen funtsean egonik, amarru gisa erabiltzen da. Euskal Herriari dagokionean, kopuruak ministrak adierazten duenaren azpitik daude. EAEkoa ehuneko 19an dago eta Nafarroakoa ehuneko hamaikan (Estatu espainolekoa, Del Castillok adierazitakoaren arabera, ehuneko 25ean dago).
Eskolako emaitza sendotzeko "ahaleginaren kulturaz" hitz egitea sofisma hutsa da. "Ahaleginaren" alde gaude, zalantzarik gabe, baina motibatze baikorrean oinarrituta, hori baita ikaslegoa mugi arazten duena. "Ahalegina" aipatzen da demagogikoki, ikasturtea errepikatzea justifikatzeko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ibilbide itxien bitartez bereizketak ezartzeko, arreta pertsonalizatua bermatuko duten giza eta material baliabideak aipatu ere egin gabe. Ahaztu egiten dira, bestalde, dibertsitateari trataera egokia emateko tresnak, gaur egun zenbait lekutan jada abian jarrita daudenak, hemen bertan besteak beste, Nafarroan eta EAEn, era berean zentroen autonomia are gehiago murrizten delarik.
Haur Hezkuntzako lehen zikloari dagokionean, bere hezkuntza izaera ondorio guztiekin onartzea eskatzen dugu, inor diskriminatua gerta ez dadin arrazoi ekonomikoengatik zein beste mota askotakoengatik.
Bai Haur Hezkuntzan eta bai Lehen Hezkuntzan abiabide pedagogiko zaharkituetara jotzen da, edukiak indartuaz eta prozedurak zein jarrerak alboratuaz, zikloak esate baterako, Bigarren Hezkuntzan egin den bezala.
Batxilergoan, errebalida inposatuaz estatu guztirako curriculum bakarra ezarri nahi da. Titulua lortzeko errebalidako azterketa gainditu beharrak, bestalde, Batxilergoko bi ikasturteak bakarrik gainditu dituenaren etorkizuna kolokan jarriko luke, ikasketak jarraitzeko irtenbiderik gabe.
Aipamen berezia behar du etorkinaren trataerak. Ikaslego honen eskubideak bortxatu egiten dira bertako hizkuntza eta kultura, gure kasuan euskara, kontuan hartzen ez dituen "hizkuntza eta kultura egitasmoak" egiten direnean. Etorkina den ikasleak DBH ikasi gabe "lanbide ikasketa egitasmoetara" bidaltzeko aukerak zalantzan jartzen du etapa horren derrigorkotasuna, ikaslea bera lan merkatura jaurtiaz formakuntzarik gabe edo halamoduzkoarekin. Heziketa behar bereziak dituen ikaslegoaz, ez dira aipatu ere egiten eskolaratzeko baldintzak. Ez da aipatzen irizpiderik ikaslego hau, ezta ere etorkinak, hezkuntza sistema osoko ikastetxeetan kokatzeko, sare publikoko zentroetan soil-soilik kokatu gabe, eta ez da aurreikuspenik egiten ikastetxeak horretarako baliabide egokiz hornitzeko.
Eskola publikoetako barne funtzionamenduan gabezia demokratiko nabarmena sortuko da, bestalde. Klaustro eta eskola kontseiluek galdu egingo lukete gobernu organo izaera eta partaidetza gune hutsak bihurtuko lirateke. Administrazioak, ordez, erabakitzeko ahalmen erabatekoa hartuko luke zuzendariak izendatzerako orduan. Hauek, Administrazioaren aginduetara jarritako kontrolatzaile edota prozesu zein emaitzen behatzaile huts bihur daitezke.
Zentroetako barne giroari buruzko aipamena ere jasotzen du PPko Gobernuaren txostenak. Bertan esaten denez, giro hori hobetzeko pertsona egokiak kontratatuko dira "aurrekontuak emandako ahalmenen arabera". Argudio horren atzean burdinezko disziplina hutsean oinarritutako jarduera ezartzeko erabakia ezkutatzen da, hezkuntza komunitate osoaren eskubide eta betebeharren egungo kontzeptua hautsiaz. Zentroetako elkarbizitzako kontzeptua ezin da mugatu disziplinaren eremura. Aldaketa sozialak bere osotasunean, familia gunea, eskola adina 16 urtera luzatzea...honek guztiak eragina du zentroetako barne bizitzan eta hezkuntza zein gizarte ikuspegitik aztertu beharra dago.
Ministrak askotan aipatu du heziketa lanari balioa gehitu eta irakaslegoaren formakuntza ahalbidetzeko proposamenak egin beharra. Txostenean, ordez, ez da proposamenik egiten, salbu eta kidegoaren baitan jerarkizazioa bultzatzeko ez bada. Txostenak dioenarekin zentroetara beste berrantolaketa bat iritsiko litzateke, irakaslegoa berkokatzeko, LOGSEren ondorioz sortutako aldaketak Bigarren Hezkuntzan oraindik guztiz finkatu gabe daudenean.
Bereziki deigarria egiten da, azkenik, hezkuntza sistema finantzatzeko aipamen txikiena ere txostenak ez jaso izana. Ministrak inposatu egin nahi du Legea, baina gastua autonomi erkidegoei leporatzen die. Adierazgarria, bestalde, ekimen honen finantza testuingurua, alegia, hezkuntza aurrekontuan beherakada eman da, 1993an Barne-produktu Gordinaren ehuneko 4,9a zen, eta 2001ekoa ehuneko 4,5ekoa. Beraz, azken zazpi urteetan 3000 milioi euro (ia bilioi erdi pezeta) galdu dira. Hau guztiagatik EZ esango diogu Lege honi, EZ Inposizioari, EZ uniformizazioari, EZ atzerakuntzari.
BAI esango diogu, ordez, sakontzen jarraitzeari, gizarte kontsentsu zabal eta jarrera integratzailearen bitartez, hainbeste kosta zaigun eta oraindik geratzen zaigun horretan: Kalitatezko hezkuntza, euskalduna, euskararen erabilpenaren normalkuntzan aurrera egin eta egungo elebitasunetik eleaniztasunera irekiko dena, desberdintasun sozialen gainditzailea, integratzailea eta partehartzailea, geuri dagokigun gizarte eta kultur eremutik egituratu eta antolatutako hezkuntza. Maiatzaren 4ko goiburuan honela esango dugu: HEZKUNTZA, GEUREA ETA SOLIDARIOA.
Jatorria eskola gunean daukan mezu honekin dei egin nahi diogu hezkuntza eremu osoari, Eskolatik hasi eta Unibertsitatera, Lanbide Heziketatik edo hezkuntza ez araututik igarota; dei egin nahi diogu gizarte zabalari, hezkuntzatik baitatorkio nortasuna, garapena, aurrerapena, ongizatea, oraina eta etorkizuna; dei egin nahi diogu maiatzaren 4an, larunbatez, Bilbon kalejira-manifestazioa egin dezagun (irteera arratsaldeko 18:00etan Jesusen Bihotzetik, Gran Vían zehar Arenalean amaitzeko), jai giroan baina aldarrikatuz, Kalitate Legea gaizki deitutakoaren aurka, baina, orokorrean, PPren Gobernuak bere gizarte eredua eta estatu eredua inposatzeko dituen egitasmoen aurka.
Euskal Herrian, 2002ko apirila
EHIGE (Eskola Publikoetako Gurasoak), Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, Sarean, BIHE, Ikasle Abertzaleak, ELA, CCOO, LAB, UGT eta STEE-EILAS
Erantzun
Sartu