Irratia.com-ek ere SGAE ordainduko du?
Irratia.com-ek jaso du oraingoan ohartxoa SGAEtik. Baina Jabi Zabalak Egunkariako Barkatu ama gehigarrian azaltzen duenez: irrati kanaletan emititzen diren hitzak eta musika ezin dira disko gogorrera grabatu, stream edo etengabeko jarioan emititzen baitu, eta, grabatu ahal izanez gero ere, AM irrati batek eman dezakeen kalitatearekin entzungo litzateke musika. Bestalde, bertatik jaisteko moduan dauden mp3 apurrak, denak, artistek eurek emanak dira. Euskal musikarien promozioan laguntzeko xedea baizik ez du irratia.com-ek, baina dirudienez, argudioak eta logikarik oinarrizkoenak ez diote axola herri bateko jaietan txistularien kalejiragatik ere kobratu nahi duen Espainiako elkarteari.
Beste webgune batzuei ere eskatu die SGAE-k ordaintzeko. Espainiako eta nazioarteko musiken gaineko erreportajeak etab. egiten dituen aldizkari digitalak, Muzikaliak, hain zuzen, webguneko bi atal itxi behar izan ditu. Otsailaren 11n heldu zitzaien gutuna SGAE elkartetik mp3ak edukitzeagatik hilero 375 euro ordaindu beharko zituztela esanez.
Hainbat famoso kontra
Erabaki hauen kontra hainbat jende azaldu da, beraien artean, eta idatzi luzeak eginez, Kiko Veneno artikulu honekin: manifiesto liberacion. Edo baita Ignacio Escobar por favor, pirateen mis canciones artikuluarekin. Baita Manifiesto en contra de la piratería artikuluarekin Jorge Otero, The Stormy Mondays
Euskal Herriko SGAE
Estatuko elkarteaz ari gara, baina Euskal Herrian ere badago oraindik prentsak jorratu ez duen elkarterik: Honela diote e-boza-koek beraien webgunean: Boza Ediziogunea sortzaileen egile eskubideak defendatzeko eta kudeatzeko Euskal Herrian sortutako egitura da. 300dik gora egile, konpositore, bertsolari eta abarren egile eskubideak ordezkatzen ditu. Gaur egun, 1500 kantutik gorako errepertorioa kudeatzen du.
Momentuz, ez dakigu beraien iritzia. Ez dakigu SGAEkoekin bat eginda dauden edo paraleloa den zerbait egin gura duten, edo besterik gabe aparteko zerbait egin gura duten. Ondo legoke iritzia jasotzea...
Erantzunak kargatzen...