Itzulpen egiaztatzailea, laster sarean
Hilabete pare batean, sarean izango da euskara eta gazteleraren arteko itzulpen egiaztatzailea. Itzulpenen kalitatea hobetzeko asmatutako tresna bat izanen da, baina itzulpen memoria sistemak elikatzeko lanabes egokia izan daiteke.
Testu bat gazteleraz hartu eta euskaratu ondoren, egiaztatzaileak jatorrizkoa eta itzulpena arakatuko ditu, eta esaldietan alderik baldin badago (ahantzitako hitzak, bat ez datozen zifrak edo izenak, puntuazio aldeak...), adierazi egingo ditu.
Jakina, horretarako bi testuak egoki lerrokatu behar ditu lehenik, erran nahi baita, jatorrizko esaldi edo segmentua eta haren itzulpena ongi parekatu behar ditu. Beraz, egiaztatzailea izateaz gain, aldi berean lerrokatzailea ere izango da: aise erabiltzerik izango da, beraz, itzulpen memoria sistemak (adibidez, Wordfast, Transit, DéjàVu, Trados edo Translat) norberak lehendik eginak dituen itzulpenekin elikatzeko.
Itxura denez, hasieran egiaztatzaileak on-line bakarrik lan egingo du, baina gerora programa beregain gisa ere zabaltzeko asmoa dute, hori da, norberaren ordenagailura ekarri eta programa bertan ezartzeko aukera.
Oraingoz, proiektuak ez du oihartzunik Interneten, beraz ez dago loturarik proiektuaren xehetasunak jakiteko. Hori bai, itzulpengintza eta edizioan aski ezaguna den euskal enpresa bat proiektuaren partaide da.
Erantzunak kargatzen...