Teknologia albisteak

Euskara eta teknologia: enpresei laguntzak Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2002-04-19 : 14:04

Bizkaiko Foru Aldundiak euskara sustatzeko dirulaguntza deialdiak plazaratu ditu aste honetan. Tartean, euskara teknologia berrien bidez sustatzeko enpresentzako deialdi bat. Horrez gain, euskarazko aldizkarientzako laguntzak, enpresetan euskara planak egitekoa, irabazi asmorik gabeko elkarteei euskara sustatzekoa...

Epea, maiatzaren 14a artekoa da, eta informazioa eta eskabideak online egiteko modua dago helbide honetan . Deialdien baldintza guztiak eta eskabide ereduak, PDF dokumentu honetan daude.

Deialdi desberdinak daude, alor hauetarako:

  • Enpresetan euskararen erabilera sustatzeko
  • Bizkaiko enpresei, euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan egon dadin.
  • Irabazasmorik gabeko pertsona juridiko pribatuei euskara sustatu, zabaldu edo normalizatzeko egiten diren jardueretarako. * udalei, udal erakunde lokalei eta mankomunitateei, euskara sustatu, zabaldu edo normalizatzeko egiten dituzten jardueretarako.
  • Euskarazko aldizkarientzakoak.

Sustatu-ko irakurlegoa kontuan izan da, zehaztuko dugu apur bat euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan ezartzeko xedez plazaratu den hori. Aipatu bezala, kasu honetan onuradunak Bizkaian kokatutako enpresak bakarrik (Bizkaiko Lurralde Historikoko merkataritzako erakundeak eta kooperatiba sozietateak) izan daitezke. Horrez gain, aurrekontuaren %40a arte finantziatuko da gehienez. Honako proiektu motak babestuko dira:

  • Ahotsa euskaraz ezagutu eta sintetizatzera jotzen duten ekoizkinak.
  • Euskal kulturaren ondarearen gainean euskaraz dagoen informazioa digitalizatu eta zabaltzea.
  • Euskara ofimatika eta telematikaren eremuetan ager dadin, laguntza ematen duten tresnak (Internetekin lotzeko zerbitzuak eta multimediakoak, baldin eta euskaraz badira; euskaraz dauden guneen bilatzaileak, eta euskaraz dauden orrialdeekiko estekak).
  • Aisia eta astialdirako ekoizkinak (euskaraz dauden bideojolasak, ordenagailuzko jolasak, eta abar).

Laguntzetatik kanpo geratuko dira honako proiektuak:

  • Autoretza eta ediziorako lanabesak (zuzentzaile ortografikoetan eta gramatikaletan dautzanak).
  • Itzulpenari laguntza emateko tresnak (berbarako, hiztegi elektronikoak eta terminologi datutegiak).
  • Itzulpen automatikorako sistemak, eremu telematikoen arabera eta testu moten arabera moldatutakoak.
  • Analisirako oinarrizkoak diren tresnak, tresnamendu zehatzak alde batera lagata.
  • Multimedia sistemak, euskara ikasteko direnak.
  • Software tresnamenduak, baldin eta beraien helburua bada hiztegi elektronikoak, zuzentzaile ortografikoak eta sinonimo hiztegiak ezartzea ofimatika tresnamenduetan.

Erantzun

Sartu