Teknologia albisteak

Zernola.net gaztetxoendako Internet atari berria

Erabiltzailearen aurpegia
Irune Arana
2002-04-17 : 23:04

Apirilaren 19tik aurrera ZerNola.net gaztetxoendako zientzia digulgaziorako internet atari berria.

ZerNola.net gaztetxoentzako web gunea da, 8-12 urte inguruko gaztetxoentzat, hain zuzen ere. Nagusiki zientziaren inguruko gaiak aurkituko dituzue bertan, era atsegin eta erakargarrian emanda. Bertan aurkituko dituzu biologiaren inguruko bitxikeriak, etxean egiteko esperimentuak, jokoak (matematikakoak edo bestelakoak) baita hainbat gairen inguruko azalpenak ere (eskolako lanak egiteko lagungarri izan daitezkeenak).

Eduki horiek guztiak eta beste hainbat ataletan banatuta daude:

· Nola funtzionatzen du atalean hainbat gauza eta tresnak nola funtzionatzen duen azaltzen da.

Jolastuz ikasi atalak lau azpiatal ditu bere baitan:

  1. - Laborategia etxean azpiatalean esperimentuak etxean nola egiten diren eta zer gertatzen den azaltzen da.
  2. - Natura bai bitxia!-n naturaren inguruko bitxikeriak irakur daitezke.
  3. - Ezetz asmatu!-n egiten diren galderei erantzun behar zaie, hiru aukeretatik bat hautatuta.
  4. - Jokoak atalak matematika jokoen bidez ikasteko aukera emango dizu.

· Jakin ezazu atalean, hainbat termino edo gairen inguruko azalpena eta informazioa aurkituko duzu.

· Berriak labur atalean azken orduko informazioa aurkituko duzu, labur emanda.

· Galdetu zeuk-en zerorrek bidalitako galderei erantzungo diegu.

· Alegiak atalean alegia edo ipuin eta abenturekin tarte atsegina pasatu ahal izango duzu.

· Eskolen txokoa-n batetik unitate didaktikoak dauzkazu, eskolan erabiltzeko, eta bestetik lehiaketak.

· Aizu! deituriko zure txokoa: Esan zerbait: ZerNola.net-en lagunen iritzia, ideiak, kontakizunak, etab. biltzen dituen atala. Bidali postala: Lagunei postal bereziak bidaltzeko aukera. Inkesta: Zure iritzia emateko lekua.

· Zer berri? atalean, azkenik, web orrian aurkituko dituzun azken berrikuntzen berri emango dizugu. Edonola ere, harpidetzen bazara, mezu elektronikoen bidez jasoko duzu berrikuntza horien berri.

Noski, atal horietan agertzen diren hitz edo gaien inguruko bilaketak egiteko modua ere baduzu. Gainera, ataletako edukiak gaika antolatuta daude (ura eta lurra, giza gorputza, ingurumena eta matematika, kimika eta fisika), bilaketa errazago egin eta erosoago erabil dezazun.

Hori da guk eskaintzen dizuguna, baina zuk ere atal eta gai berriak proposa ditzakezu zernola@elhuyar.com helbidera mezu bat bidalita.

ZerNola.net web orria Elhuyarrek egindako produktua da. Eta Elhuyar euskalgintzan diharduen kultur elkartea duzue. Hainbat arlo lantzen ditu: zientzia eta teknologiaren dibulgazioa, hiztegigintza, itzulpengintza, testu-liburu eta bestelako material didaktikoaren ekoizpena, softwaregintza, CD-Romak.. Horrez gain, jakin ezazu helduagoentzat zientzia-informazioa aurkitzeko Zientzia.net web gunea ere badugula.

Erantzun

Sartu