Teknologia albisteak

Greyhound Street, Eibar

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo - Code & Syntax
2002-04-15 : 20:04

Eibarrera hurbildu bazarete, edo aldamenetik igaro autopistatik, ikusi duzue herriaren Gipuzkoa aldeko puntan GREYHOUND izeneko letrero handi bat. Ez dakit Euskal Herri osoan hori baino idazki ikusgarriagorik badagoen. Ba, jakin ezazue, paraje horren izena ez da Greyhound, baizik eta GOROSTA-BALLE!

Guk (Code & Syntax ) hor egiten dugu lana. Greyhound dioen tokian, eta bisitatu nahi gaituzten guztiei esaten diegu, "autopistako irteeran, Greyhound jartzen duen lekuan".

Hala ere, beste helbide postal bat daukagu, Azitaingo Poligonoa P3 E2. Hori batzuetan. Beste batzuetan Azitaingo Industrialdea jartzen dugu. Eta beste batzuetan, Eibarko Industrialdea. Gure edifizioaren sarrerako kartelak ez du esaten "Azitaingo Industrialdea", baizik eta "Eibarko Industrialdea, Parcela 3" (letrero elebiduna, ikusten duzuen moduan). "Parcela 3" hori da gure helbideko P3, eta E2 da "Edificio 2". Parsela-tres ditxosozko horren euskarazko izena zein den ez dakigu, eta Eremua dela erabakiko bagenu ere, helbidea hola ematea ez da oso dotorea: Azitaingo Poligonoa, 3. E. 2. E. (3. eremua, 2. eraikina). P3 E2, eta kitto.

Edozein modutan, hori baino helbide laburragoa izan zezakeen honek. Gu gauden tokia Gorosta-Ballea da. Eibarko baserri auzuneetako bat. Lantokitik askotan ikusten dugu baserritarra hemengo bide batetik idi-parea entrenatzen. Batzuetan uztarri eta harriaren atzetik, beste batzuetan, harri gainean zutik, Charlton Heston Ben-Hurren moduan. Hemengo etxe batzuek izen hori daukate helbidean. La Salle ikastetxea, adibidez, geure bulegoa dagoen kamino berean egon arren, Gorosta-Balleko 3. zenbakian kokatzen da, argi eta ondo kokatu ere.

Baina industrialde, poligono eta gorosta-balle guztien gainetik, Greyhound inposatzen da hemengo adierazgarri gisa. Lehengoan lagun batekin egin nuen berba telefonoz. Eibarko baserri batean bizi da lagun hori. Esan nion egiteko bisita geure lantokira, geu ere baserri artean gaudela eta. Eta esplikatzerakoan non gauden, berak, baserritarrak, bota dit gure kokapen zehatzaren giltza: "Nun zagozie?, Greyhound baiño goraxeago?".

Bai horixe, Greyhound baino goraxeago. Hortxe. Ez dago beste adierazgarri, izen, helbide edo argibide klaroagorik.

Eta halaxe da, bada, letrero handi hori sartu zaigula toponimian.

Toki solemne honetatik proposatzen diot Eibarko Udalari erosteko letrero horren pareta Greyhoundi eta idazteko bertan: GOROSTA-BALLE. Gero banatu berriro kalearen zenbakiak, eta guri, ba tokatzen zaiguna, Gorosta-Balle 23, 134 edo dena-delakoa.

Ez duela saltzen Greyhoundek? ba espropiatu pareteko margoa. Kutsadura kimikoa ezagutzen dugu. Kutsadura akustikoa ere bai. Ba letrero hori, Gorosta-ballean, kutsadura kultural-toponimikoa da.

Luistxo

Erantzun

Sartu