Teknologia albisteak

Ondarroako Kafe Antzokia zabalik bihartik

Erabiltzailearen aurpegia
Jabi - Zenbat Gara
2002-04-11 : 15:04

Ondoarroako Kafe Antzokia irekiko da bihar. Bilboko Kafe Antzokiaren bide beretik abiatuko den kulturguneak Ondarroako eta eskualdeko kultur bizitza zuzpertuko du aurrerantzean antzoki berriak. Hasi orduko ekitaldi mordoa programatuko du apirilean bertan eta, ondorengo hilabeteotan Euskal Herriko zein atzerriko artistak pasatuko dira bertatik.

Zenbat Gara elkarteak bihar Ondarroan zabalduko duen Kafe Antzokia aurkeztu zuen atzo prentsaurrekoan Bilbon.

Prentsaurrean Zenbat Garako kide Jose Anjel Irigarai idazleak adierazi zuenez, ez da lan erraza izan Kafe Antzokia martxan jartzea. Irigaraik "Ondarrutar lankideen partaidetzarik gabe ezinezkoa izango zen apostu ausart" moduan definitu zuen proiektua.

Xabier Monasteriok Ondarroako Kafe Antzokiaren ezaugarriak azaldu zituen jarraian. Hasteko, biharko ekitaldirako gonbidapena zabaldu zuen: "ostirala egun handia izango da ondarrutar zein euskaltzale guztiontzat". Bertako eta inguruotako biztanleentzat "bilgune eta sorgune" izango dela iragarri zuen, "aisialdia batetik eta kultur sorkuntza bestetik konbinatuko dituena".

Ondarroako Kafe Antzokiaren bigarren ezaugarria, ondarroa "herri bizia eta irekia" dela azpimarratu zuen Monasteriok, "itsasoaren bidez mundura irekia baina bere nortasuean sustraitua". Kanpoko lagunak ere Ondarroan murgil daitezen aproposa da Kafe Antzokia, duela bi aste bertan zabaldu zen Arrigorri Itsas Ostatuarekin batera.

Hirugarren ezaugarri moduan Bilbo-Ondarroa "joan etorriko bidaia" dela adierazi zuen Monasteriok. Bilbokoaren esperientziatik, haren eskarmentutik abiatzen da Ondarroakoa eta horregatik Bilboko esperientzia azaldu zuen. Sei urte dela, erdarazko mundu batean sortu zen Bilbokoa eta denboraren porazuz euskarak toki nabarmena lortu du hiriburuko kultur portuan.

Bilboko Kafe Antzokiak urtean zehar hainbat ekitaldi eta kontzertu antolatzeaz gain, gaur egun lortu dituen espazioak aipatu zituen Monasteriok: Olgetan umegunea, Zaparrada gaztegunea, Bilbo Hiria irratia eta makina bat zerbitzu, tailer, ikastaro, emanaldi eta espazio ludiko. Bertako euskaldun eta herritar askoren erreferentea bihurtu da Bilbon Kafe Antzokia. Orain, helburu berbera du Zenbat Garak euskara bizirik dirauen Ondarroan: elkargune erreferentziala lortzea hainbat ekimen, zerbitzu eta ekitaldi aurrera eramanez. Hala ere, Ondarruko Kafe Antzokia "Bilbokoaren osagarri, ez menpeko" izango dela azpimarratu zuen Monasteriok, "Bilbokoa harentzat osagarri izango den bezainbestean".

Laugarren ezaugarria "gune anitz, aske, sortzaile eta integratzailea" izango dela adierazi zuen Monasteriok. Kafe Antzokiak bitartekaria izan nahi du gure kulturari eta besteen kulturei dagokionez. "Gure hizkuntza beti ardatz dela, kulturan nolabait partaide direnen artean harreman jatorrak bultzatu nahi ditu printzipio hauen gainean: berdintasuna, jatortasuna eta elkartasuna", gehitu zuen Zenbat Garako kideak.

Antzoki berriari buruzko bideoa proiektatu ostean, bertako arduradun Ander Ibarlozak hitza hartu zuen programazioaren eta ostalaritza arloko azalpenak emateko. Ekitaldien programazioaren gainean, bertoko taldeek izango duten partaidetza azpimarratu zuen, Bilbon bezala olerkigintzak, dantzak, musikak, zinemak, antzerkiak eta gainontzeko adierazpenek lekua izango dute tokirik bertan, kontzertuez gain. Publiko guztiak hartuko ditu haintzat programazioak: Gazte, ume, heldu eta nagusiak. "Ekitaldietan oreka lortu nahi dugu Ondarroako bertoko kultur taldeek, Euskal Herrikoek eta nazioartekoek izango duten partaidetzaren artean". Ekitaldi "aktibo eta pasiboak" desberdindu zituen Ibarlozak, aktiboetan jazbana, baltseoa eta kantagintza aipatuz, jendearen partehartze zuzena dutenak.

Apainketa aldetik eta azpiegitura aldetik Bilbokoarekiko antzekotasun nabarien ondoan ezaugarri bereziak azpimarratu zituen Ibarlozak: Aste osoan zabalik egongo da, kafetegi, taberna eta jantoki zerbitzua izango direla aipatu zuen. Arlo honetan Ondarrun oso ezaguna den Penalty jatetxeko Maria Pura sukaldari ospetsuaren ekarpena nabarmendu du, "legatza ondarrutar erara munduan ezagutzera eman duena". Azken datu honen gaineko hainbat erreferentzia aurki daitezke sarean bertan.

Prentsaurrekoaren audio grabaketa eta argazkiak, antzoki berriaren gaineko bideoa, argazki galeria, prentsa dossierra pdf formatoan eta beste material batzuk aurkituko dituzue hemen.

Erantzun

Sartu