Teknologia albisteak

Osakidetza isil, ezezko borobil

Erabiltzailearen aurpegia
Angel Bidaurrazaga, Edurne Ugarte eta beste batzuk - OEE
2002-04-10 : 14:04

Euskaldunoi aspaldi Osakidetzak euskaraz zainduak izateko eskubidea ukatzen digu. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko zenbait kidek, hortaz, Osakidetza isil, ezezko borobil izeneko agiria kaleratu dute.

OSAKIDETZA ISIL, EZEZKO BOROBIL

Badira 20 urte luze (gutariko batzuk gazteegiak ginen horretaz oroitzeko) Euskararen Erabilera Arautzeko 10/1982 Legea argitaratu zenetik. Inozo samarrak ginen garai hartan eta euskararen normalkuntzarako genituen ikusmirak epe luzean gauzatuko zirela jakin bagenekien ere, ezkorrenak ere ez zuen zalantzatan jarriko hurrengo belaunaldiak aurrerapauso nabariak ikusteko aukera izango zuela, euskaraz bizi izateko, oinarrizko betebeharrei dagokienez behintzat. Eta, noski, euskaraz bizi izate hori etxe eta ikastoletako esparruetara bakarrik mugatuta ez dagoela aldez aurretik garbi utzita.

Euskal Herrian, zoritxarrez, gure politikarien arduragabekeria dela eta, gehienetan usteak erdi ustel eta beste 15 urte pasatu behar izan ziren, euskararen erabilera osasungintzan ere beharrezkoa zela idatzita ikusi ahal izateko, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legean hain zuzen. Pertsona jakintsu eta argia, holako beharra kaleratzeko gai izan zena!

Ordutik hona, gauzak ez dira larregi aldatu. Jende orok badaki “Azkunaldia” ez zela agian garairik onena izan euskararen normalizazioan inolako aurrerakuntzarik antzemateko. “Inclanaldia” bai ote?

2000ko ekainean, osasungintzan eta osasungintzaren beharrean gauden euskaldunok itxaropentsu agertu ginen berriro, euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko planaren zirriborroaren berri izan genuenean. Zirriborro horren eskasiak aztertzen hasi gabe, hura behintzat bazen zeozer, hamar urteotan Lehen Mailako Asistentzia euskalduna bermatuko lukeen oinarrizko zirriborroa sikeran.

Euskaldunon inozokeria mugagabea da baina, eta berriro ere baikor agertu ginen, hogei urtean planteatu ere ez zena hamar urtean ikusiko genuela modu extraofizialean aurreratu zigutenean.

Gauzak horrela, eta maiatzeko hauteskundeak tartean, beste 2 urte luze, eta, aldi berean azkar, pasatu dira. 2001eko apirilean, aurrekanpainaren berotasuna zela eta, Osakidetzako karguren batek bekatua esan daiteke, baina bekataria ezplana hauteskundeak baino lehenago onartuko zela ziurtatu zuen, beti ere modu extraofizialean. Harrez geroztik, isiltasuna baino ez.

Bitartean, gero eta ohikoagoa izaten da euskaraz baino aritzen ez diren ume askoren gurasoek holako iradokizunak entzun behar izatea: *¿Pues el niño tendrá que aprender castellano, no?*

Bitartean, euskaldun askoren oinarrizko eskubideak, norberaren hizkuntzan zainduak eta tratatuak izateko eskubideak alegia, zapalduak izaten dira egunero. Bitartean, Osakidetzak martxan jarri duen programa informatiko berria (Osabide) erdara hutsean baino ez dago, langileen eskubideekiko ere inolako errespeturik adierazi gabe, edota euskaraz lan egiteko eskubiderik ere ez dago?

Bitartean, aurki deituko diren oposaketetan, berriro ere, lanpostuak hizkuntza-eskakizunik gabekoak izango dira. Azken arrazoi honetan egongo ote da atzerapenaren koska?

Bitartean, orain arte inozo, fededun eta apal izan garen euskaldun askok odola bor-bor-daukagu eta kontu hau adarra jotzea baino ez dela salatzeko prest agertzen gara. Akabo pazientzia! Erantzun bat nahi dugu orain, Inclán jaun agurgarria.

Eta bitarteak orain arte hain luzeak izan direnez, gure lan zentroetara Osakidetzako zerbitzu zentraletatik egunero heltzen zaizkigun eskutitz ofizialak gutxienez elebidunak izatea eskatuko genuke.

EGILEA: Miren Edurne Ugarte Nuñez
Osakidetzako Lehen Mailako Asistentziako Medikua. EHUko Irakaslea. OEE (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea)-ko kidea
NAN: 11929394
HELBIDEA: Berangotxu bidea-4. Berango (Bizkaia)
TELEFONOA: 94 668 23 83

Beste sinatzaileak:
Iñaki Ugarteburu Gastañarez. EHUko irakaslea. OEE kidea
Angel Bidaurrazaga Vandierdonck. EHUko irakaslea. OEE kidea
Ander Basaldua Artiñano. EHUko irakaslea. OEE kidea
Koldo Callado. EHUko irakaslea. OEE kidea

Erantzun

Sartu