HABEk Ikas-materialen diseinua on-line izeneko ikastaroa antolatuko du material didaktikoa sortzen trebatu nahi duten irakasleentzat.
Ikastaroari buruzko informazio zehatzagoa emango da antolatuko diren ondorengo bileretan, hona hemen noiz-nongoak:
- Iruñea: Apirilak 15, goizeko 11:00etan. Iturrama institutuan.
- Donostia: Apirilak 16, goizeko 10:00etan. HABEren egoitzan, 4. solairuan.
- Bilbo: Apirilak 17, goizeko 10:00etan. HABEren egoitzan.
- Gasteiz: Apirilak 18, goizeko 10:00etan. Eusko Jaurlaritzan ( Lakua II 6. gelan)
Eskaria aurkezteko azken eguna Apirilak 30.
----------------
HABEk Ikas-materialen diseinua on-line izeneko ikastaroa antolatu du material didaktikoa sortzen trebatu nahi duten irakasle edota adituentzat.
Materialgintza-proiektuak sustatzeko beharrari erantzun nahian eratu du ikastaro hau HABEk. Izan ere, azken urte hauetan ikas-materialen beharra bi arlo hauetan antzeman dugu bereziki:
- HEOK (Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrilukua) garatzeko,
- eta Xede Berezietarako Euskara lantzeko: Administrazioak bultzatu nahi dituen euskalduntze programetarako material espezifikoak; erakunde finantzario arloko langile eta teknikariak euskalduntzeko materiala; euskaraz irakasten duten hezkuntzako irakasleentzako materiala eta beste hainbat arlotako euskalduntze beharretako material espezifikoa.
On-line ikastaro hau (UOC) Universitat Oberta de Catalunya-ren laguntzaz diseinatu dugu. Unibertsitate hau aitzindari izan delako informazio eta komunikaziorako teknologia berriak erabiltzen.
Ikastaroa Internet-en bidez bideratuko da, eta ikasturtean zehar bi bilera besterik ez dira antolatuko (ikasturtearen hasieran eta bukaeran) parte hartzaileek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten. Gainerako guztia, esan bezala, Internet-en bidez bideratuko da, HABEk duen Irakaslearen gunea erabiliz.
Ikastaroan zehar euskara irakasteko ikastunitate didaktiko bat diseinatu beharko du parte hartzaile bakoitzak, eta beharren arabera aukeratuko du nolako ikastunitatea sortu nahi duen:
- Xede-taldea: euskaltegietako ikasleak, langileak, sendagileak
- Maila: 1A, 1B, 2., 3. maila
- Euskalduntze orokorra ala xede berezietarako euskara lantzeko.
- Formatua: taldean irakasteko era presentzialean ala multimedia-sistema baliatuz.
Irakasleak: Begoña Martinez eta Sabin Zabala
- HABEko ikas-materialen ataleko teknikariak
- Bigarren Hizkuntzen Irakaskuntzarako ikasleen formazioa: Euskara graduondoko ikaskeketan irakasle aritutakoak (1992-1997, HABEk EHU-rekin batera antolatutako graduondoa).
- Euskara irakasteko eta xede berezietarako hainbat ikas-materialen egileak (Bai, horixe!, Izurungoak, Gurtegikoak, Dirukiak) eta koordinatzaile didaktikoak (Barrene, Barrenet, Barrenkale, Gurasoak Heziz, Gurasoak Lagunduz).
On-line ikastaro honen ezaugarriak
On-line ikastaroaren eredu pedagogikoak aukera ematen du ikas-prozesua nork bere erritmoari egokitzeko, denboran eta espazioan malgutasunez jokatzeko bidea eskainiz. Izan ere, ikastaroa etxetik edota lantokitik jarraitu ahal da, Internet-ekin konexioa duen ordenadorea besterik ez baita behar.
Ikaslea ez da bakarrik sentituko, irakasleak eta ikaskideak oso gertu izango dituelako posta elektronikoaren bidez. Ingurune komunikatibo anitza denez, ikasleak lan-taldeak sortu ahal izango ditu modu erraz batean ikaskideekin batera, eta eurekin eztabaida teoriko eta praktikoak gauzatu edota foroetan parte hartu.
Horrez gain, ikastaroaren eginkizunak burutzeko baliabideak eta tresna pedagogiko ezberdinak eskaintzen dira:
- Antolaketa. Ikastaroa 7 moduluz osatua dago. Hartara, 7 moduluok, etapaz etapa, ikastunitate didaktiko bat sortzera bideratzen dute.
- Ohar-taula. Irakasleek, ohar-taula baliaturik, astean zehar egin beharreko jardueren berri, lanak burutzeko epeak eta, oro har, jakingarri guztiak adieraziko dituzte.
- Edukien atala. Bertan, langaiak diseinatze aldera, jakin beharreko kontzeptu teorikoak bildu dira: besteak beste, landutako oinarri teorikoa nola islatzen den material didaktikoetan, adituen artikuluak
- Jarduerak. Beste aldetik, teoriaren eta praktikaren arteko zubia egiteko jardueren atala dago. Edukien atalean ikasitakoa praktikara eramateko, ataza bereziak aurkitzen dira atal honetan.
Horrez gain, hainbat tresna aurreikusi dira, ikas-prozesua hobeto bideratzeko:
- Modulu bakoitzeko etapen helburuak, ikas-prozesuaren ibilbidea ezagutzeko.
- Glosategia, zalantzazko hitzak edozein unetan kontsultatu ahal izateko.
- Ideia nagusien atala: etapa bakoitzeko edukien sintesia egiteko.
- Mapa semantikoa, etaparen edukiak laburbiltzeko.
- Ikus-entzunezko dokumentuak: hauek Internetetik jasotzeko arazorik ez izateko, ikastaroan erabili beharreko multimedia fitxategiak CD-ROM batzuetan jasoko ditu ikasleak etxean, ikastaroan matrikulatutakoan.
Ikastaroa nolakoa den jakiteko demoa ikus dezakezu HABEren web gunean.
Informazio gehiago erantsitako artxiboan (Informazioa.doc)
Erantzun
Sartu