Bitartean-eta bideoa ganoraz eta bizkor eramango duten baliabideak hedatzen diren, kazetaritza-hizkuntza berezi bat ari da indartzen sarean, fotokazetaritza, zeinek argazkiak baino elementu gehiago erabiltzen baititu. Segi irakurtzen eta adibide interesgarriak ikusiko dituzu.
Inork ez dio ukatzen sareari ahalmen multimedia, baina aukera hori etorri bitartean, testua da nagusi oraindik ere amaraunean. Letra da jaun eta jabe. Hala ere, poliki-poliki, beste esamolde batzuk ari dira garatzen. Adibidez, fotokazetaritza.
Gure artean apenas landu da hizkuntza hau, baina Estatu Batuetan gero eta hedabide elektroniko gehiagok darabilte sarean. Esan liteke kazetaritza modu berri bat ari dela sortzen, non uztartzen diren argazkiak, argazki oinak eta audioklipak. Oraingoz, zeren bideoa ere laster etorriko baita. Hona hemen lau adibide, joera honen erakusgarri: MSNBC, The Washington Post, Newsweek eta El País.
MSNBC
MSNBC multimediaren webgunean erabiltzaileak irakurle hutsak baino ikusle, entzule eta partehartzaile egin nahi dituzte. Berez ohituta daude telebista, irratia, prentsa eta sarearekin batera lan egiten, baina kasu honetan fotokazetaritza da esperientzia honen oinarria. Argazkiak dira nagusi kasu honetan, baina beste baliabide batzuekin uztartuta: argazki oin bizi-biziak eta audio-klipak.
Hemen klik egiten baduzue, John Graham australiarraren historia erdiragarria ikusi, irakurri eta entzungo duzue. John oso gaisorik zegoen eta hil egin nahi zuen. Historia honetan bera da protagonista nagusia, bere argazkiak, bere ahotsa eta bere esperientzia.
Berriz, beste honetan sakatuz gero, ikusiko duzue hainbat proposamen arkitektoniko New Yorkeko dorre bikiek utzitako hutsunea betetzeko.
The Washington Post
Beste arlo batzuetan bezala, egunkari hau aitzindari izan da fotokazetaritzan. Tom Kennedy argazkilari famatuak National Geographic utzi eta The Washington Post-en webgunean hasi zen lanean, ikus-zuzendari gisa. Berak sortu zuen Camera Works atala, fotokazetaritzako lekurik bisitatuenetako bat.
Camera Works honetan The Washington Postek egunero eskaintzen ditu 12 bat argazki, eguneko albisteei dagozkienak. Kasu honetan ama bat ikus liteke, bere semea babesten Israelgo armadak bonba negar-eragingarriak botatzen dituen bitartean, edo Abkaziako iheslari batzuk Georgiako kanpamentu batean edo zalgurdi bat Ingalaterrako erreginaren ama zena daramana.
Newsweek
Astekari honek ere eskaintza zabala egiten du astero-astero, MSNBCrekin batera. Afganistango umeak, talibanen kontrako gudua, izotz gaineko irristaketa, New York eta asteroko argazkirik esnguratsuenak. Behin argazkian sakatu eta gero, ikusleak aukera du aukeratzeko argazkien formatua, txikiak zein handiak.
El País
El País egunkari digitalak ere atal bat du fotokazetaritzari eskainita. Egunero-egunero, azken orduko argazki batzuk eskaintzen ditu txoko batean, baita paperezko egunkarian argitaratutako argazkirik esanguratsuenak Galería de la Edición Impresan eta hainbat argazki bilduma, Especiales atalean: Operación Triunfo lehiaketaren finala, Margaret printzesaren heriotza, Neguko Olinpiar Jokoak, etab. Hala ere, El Paísek argazkiak bakarrik lantzen ditu, apenas argazki oinak eta audiorik bat ere ez.
Erantzun
Sartu