UEUko Soziolinguistika Sailak eta SEI Elkarteak antolaturik egiten ari diren Eibarko Ikastaroetan euskararen erabileran eragiteko bide berriak aztertzen ari dira, horretarako azken urteetako ikerketa zein esperientzien berri emanez.
Orain arte landutako gaien artean gazteen erabilera izan da interesik handiena piztu duenetako bat. Ondorio nagusietako bat izan da urtetan ezagutzaren aldeko apustua egin ondoren, erabilera nola areagotu aztertzea eta indarrak horretan jartzea dela egungo erronka nagusia.
Hizkuntza hautuaren gaia eta hizkuntza ohituren aldaketa prozesuak aztertu dituzte, besteak beste. Adituen ekarpenek argitu dute ezagutzan aurrera egin arren, eta hau ezinbesteko baldintza izanik ere, gazteek gizartean indarrean diren hizkuntza hautatzeko ereduak jarraitzen dituztela, eta arau hauek aldatzea gizarte mailako zeregina dela, ez soilik eskolarena.
Hizkuntza hautatzeko arau hauek talde arauak direla, eta berauek aldatzeko taldearen ohituretan eragin behar dela azaldu zuen, besteak beste, Kuadrillategi egitasmoko ordezkariak ikastaroan, eta aldaketa hau errazteko garatu duten lan teoriko-praktikoaren berri eman zuen. Itsaso Garmendiak “giza irudikapenen” kontzeptuak hizkuntza hautuan nola eragiten duen azaldu zuen eta Imanol Esnaola, berriz, eskolan egindako lanak hautu hau bideratzeko dituen mugak agerian jarri, bien kasuan ere Katalunian zein Euskal Herrian eginiko azterketen berri emanaz.
Euskararen aldeko hautua indartzeko, hau da, erabilera areagotzeko hainbat gabezia nabarmendu dira ikastaroan; besteak beste bi hauek: hizkera informal eta adierazkorra gazteen artean sortzeko eta transmititzeko eredu egokien eta sistemen gabezia (telebistan, esaterako) eta euskararen aldeko hautua erraztuko duten testuinguru zein harreman sareak eratzearen beharra. Hizkera informalaren gaiean, Kuku-Mikuk eta Urtxintxak lagunarteko hizkera ikastetxeetan lantzeko abiatu duten egitasmoaren berri eman dute ikastaroan.
Beste hainbat gai ere landu dira: Gipuzkoako bost udalerritan lehen aldiz Bizindar Etnolinguistikoa neurtzeko ikerketa egin dute eta beronen berri eman zuen Ibon Usarraldek. Edorta Aranak herri eta bailarako telebisten inguruan Euskal Herri mailan egiten ari diren ikerketaren lehen ondorioak izan zituen mintzagai eta Arrate Mardarasek eta Iosu Errastik beste alor batean, lanbide heziketan, Iurretako Institutuan ikastetxea eta ikasgaiak euskalduntzeko garatu duten esperientzia azaldu zuten: 15 urtetik gorako lanaren ondorioz, eskaintzen dituzten gai guztiak euskaraz eskaintze lortu dute, besteak beste.
Ikastaroa amaitu bitarean ondorengo gai hauek ere jorratuko dituzte: egungo hizkuntza egoerari buruzko azken datu nagusiak, herrietako plan estrategikoak, euskararen historia soziala eta motibazioaren zein erabilerari buruzko ikerketak.
Erantzun
Sartu