Goienak programa berezia eskaini zuen e-debagoiena aurkezteko Goitb telebistan. Programa Maria Agirrek zuzendu zuen, eta lau gonbidatuk e-debagoienak izan behar zuenaz jardun zuten.
Martxoaren 25ean e-debagoiena egitasmoa aurkeztu zen Leintz Gatzagako Gatz ekomuseoan. Han izan ziren proiektu honen bultzatzaileak, entitate publikoak Eusko Jaurlaritza eta Mankomunitateko ordezkariak, eta bestetik, Mondragon Unibertsitatea, MCC, Goiena komunikazio zerbitzuak eta Euskaltel enpresa pribatuko ordezkariak. Guztiek informazioaren gizartean proiektu telematiko honek izango duen garrantzia azpimarratu zuten. Proiektu honek zertan datzan ezagutzeko ordea, Goienak programa berezia eskaini zuen egun horretan bertan Goitb telebistan. Programa Maria Agirrek zuzendu zuen, eta gonbidatuak hauexek izan ziren:
Lau gonbidatu hauek e-debagoienaren egitasmoaren inguruan jardun zuten berbetan. Besteak beste hauek esandakoak eta aurkezpenean izan ziren beste bultzatzaileetako batzuk esandakoaren laburpena jaso dugu ondoren.
Joxerra Agirreurretak Leintz Gatzagako alkateak hasiera eman zion aurkezpenari.
GOITBko mahai inguruan esandakoak:
Gillermo Irazokik, MU-ko errektore ordeak Joxerraren hitzei garrantzia eman zien, egitasmoaren helburua horixe zela aipatuz. Iban Aranzabalek ere hedapena aipatu zuen. Euskaltelek infraestruktura lanak egingo zituela, bailarako etxe guztietan banda zabaleko kablea sartuz, eta gero hori edukiekin jaztea izango zela beste guztien lana. Beste guztiak ere ados etorri ziren zabalkundearen garrantziaz.
Josu Jon Imaz, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak etorkizuna aipatu zuen aurkezpen ekitaldian. Ekimen hau etorkizunekoa baino gehiago gaur egunekoa zela azpimarratu nahi izan zuen. Gaur eguneko errealitate bat hain zuzen ere, hiritarren %30a sarera konektatuta baitago.
Lehengo ideia moduan zabalkundea eta bazter guztietara heltzearen garrantzia izan zuten hizpide lau mahaikideek. Ondoren, berriz, edukiari heldu zioten. Arlo honi dagokionez, sarearen erabilera praktikoa izan behar zela esan zuen Mikel Irizarrek. Posta elektronikoaren adibidea jarri zuen, gaur egun jendeak etekinik haundiena zerbitzu horri ateratzen dio. Posta tradizionalaz alderatu zuen, eskutitz bat bidaltzeko bi egunetik gora behar badira, posta elektronikoaz minutu batean egin daitezke kontsulta eta hartu-emanak.
Iban Aranzabalek web orrialdeak aipatu zituen. Gaur egun salto haundia eman da web orrialdeetan, informazio bilatzaileak hor ditugu, eta orrialdeak gero eta hobeto diseinatutakoak dira, oso interaktiboak.
Gai honen haritik Jabier Retegik lehen enpresa eta lanerako batez ere erabiltzen zela aipatu zuen internet eta posta elektronikoa, gaur egun, ordea, gizarteratu egin dela. Horretarako hala ere, eguneratu egin behar dugu, bertako atariak sortu, Udala, osasuna... Horixe izango da hemendik aurrera izango dugun erronka garrantzitsuena, jendeak behar dituen zerbitzu horiek eskaintzea, guztiontzat interesgarriak direnak. Zerbitzu hori ondo ematea lortzen badugu, bailara guztiaren partehartzea lortuko dugu.
Edukiaren ingurukoak esan ondoren, beste gai batzuk landu ziren. Horien artean, ezinbestekotzat jo zen sarearen azkartasuna hobetu beharra eta euskararen sareko erabilera. Hizkuntzak sarean presentzia izateko azkar ibili behar dugu euskaldunak, esan zuen Mikelek.
Infraestruktura lanak eta honek ekarriko dituen kaleko lanez ere mintzatu ziren. Bi urte beharko dira Euskaltelek banda zabaleko kablea sartzeko. Horrek obra dexente ekarriko du eta herriak hankaz gora jarriko ditu, baina etorkizunerako suposatuko duen erronka kontuan izanda merezi izango du. Infraestruktura lanekin batear edukiak landu beharko dira. Enpresa bakoitzak bere aplikazioa landuko du. Guztira zortzi proiektu garatuko dira. Mondragón unibertsitateak esaterako bi proiektu landuko ditu: Hezkuntza XXI eta Biblio XXI. Lehena etorkizuneko hezkuntzari buruzkoa, eta bigarrenari dagokionez liburutegi digital bat sortuko du.
Goienak sortuko duen egitasmoa berriz Goienanet izango da. Informazioa, oharrak eta beste hainbat informazio eskainiko dituen ataria izango da, seguruenik argia ikusten lehena e-debagoiena osatzen duten proiektuen artean.
Bukatzeko hau guztia aurrera eramateko hiru talde izango direla martxan argitu zuten. Urtean bi, hiru aldiz batuko den talde antolatzailea. Hilean behin bilduko den errektore batzorde bat eta gestio zehatzaz arduratuko diren lantaldeak.
Eztabaida baino gehiago izan zen aurkezpena, baina lagundu zuen hankak lurrean izaten. Bizpahiru erreportairekin adierazi zuten internetak zelan eragingo duen.
Erantzun
Sartu