Teknologia albisteak

Pupu egingo duten adierazpenak egin ditu Patziku Perurenak

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin - Izaro
2002-03-17 : 00:03

Aspaldi ez genuen Patziku Perurenaren berri Nafarroatik kanpo bizi garenok. Aste honetan, baina, elkarrizketa bat egin diote Argia astekarian. Han eta hemen hautsak harrotuko dituen adierazpenak egin ditu idazle nafarrak. Hementxe dituzu alerik aipagarrienak.

Patziku Perurenak Trapuan Pupua liburua kaleratu berri du Erein argitaletxean. Liburu horretan biltzen ditu 1997ko irailetik 2000ko urrira bitartean Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian argitaratutako artikuluak.

Antza denez, gorabehera dezente izan ditu liburua argitaratzeko. Min eman dioten gorabeherak. Eta min hori Argiak argitaratutako elkarrizketan isurtzen da, min eman dezaketan adierazpenetan. Hona hemen zenbait ale.

  • Liburuaren izenburua. “Min guztia kanpotik badator, edo ez dugu zinezko oinazerik edo oinaze faltsua sortzen ari gara. Hori da, batez ere, tituluaren mezua. Nik ttikitatik aditua dut etxean, eta ez Madrilen:‘Bi sosen pupua eta lauen trapua’”.
  • Zentsura Euskaldunon Egunkarian. “Hasieran Txalapartan argitaratzekoa zen (liburua). Gari Berasaluzerekin, ustez, bideratua neukan dena. Bien bitartean, Nafarkarian idazten segitzen nuen. Tarte horretan, Eduardo Gil Berak idatzi zidan gutun bat, Egunkariakoek idazteko eskatu eta argitaratzen ez zioten artikulu baten berri emanez. Irakurri nuen, eta kasik bat nentorren artikuluarekin. Ez nion inolako grabedaderik harrapatu, ez publikatzeko. Neure artean pentsatu nuen: ‘Hau ezin diat hola utzi, hau keinu ttiki bat bezala duk’. Eta Nafarkariara bidali nuen bi puskatan. Aurrenekoa atera zidaten, tranpatxo batekin, baina, bigarrenean, ‘et! et!…’ esan nien, eta segituan isiltasuna adoratzera bidali ninduten. (…) Txalapartako Gariri esan nion, Nafarkariatik bota nindutenez gero, falta ziren artikulu pizarrak sartu, eta denak ateratzea zela egokiena. Baiezkoan gelditu ginen. Baina, liburuaren “Apologoa” zela-eta, laster iritsi zitzaidan zentsura kontua Durangotik bueltan, atzera botatzeko agindu eman ziotela Egunkariatik. Hura nire amorrazioa, lehenaz gain. Orduan egin nuen erregu: ‘Ospa pistolapeko esklabo tarte honetatik!’”.
  • Iñaki Aldekoa. “Garbi esanen dut, txiripa bategatik atera da liburu hau Ereinen, eta Iñaki Aldekoaren botoagatik balitz, oraindik zokoan zegokeen. Gainera, nik uste nuen Iñaki Aldekoa literaturaz gustu puska bazuen editorea zela, eta, batez ere, horretarako zegoela Ereinen, baina, ohartu naiz azkenean diruzain hutsa dela. Putreak baino okerragoa da euskal literaturaren itzalpean dabilen jendaje hau dena, eta zoztorrik ez zaio inporta literatura. Pamiela da nik inoiz sosik eskatu eta kobratu ez dudan etxe bakarra, eta inolako istilurik izan ez dudana, eta beti poztuko naiz horretaz”.
  • Aipuak liburuan. “Liburuarekin hasi eta argitaratu arterainoko bide luzean leitu ditudan gustuko idazle batzuren pasarteak dira. Badira, Montaigne, Herodoto, Horazio, Hölderlin, Nietzsche, Baroja, Orixe, Andima eta beste askoren aipuak ere, tarteka. Beste asko Gil Berarenak eta Sarrirenak dira. Tunel luze honetan, inork ez bezalako kategoria erakutsi baitit Sarrik. Hori eta gehiago ere zor nion”.
  • Atxaga, Sarri eta Izagirre. “Atxaga eta Sarri, izaeraz eta esperientziaz guztiz desberdinak dira. Niretzako Sarriren bizimina, askoz nobleagoa da, finagoa. Atxagak askoz artifizio gehiago du, eta hori nabaritu egiten da. Koldo Izagirrek ere Sarrik baino askoz artifizio gehiago du, eta konpromiso sozial nabarian, inor izatekotan, Izagirre dabil, Aitzolen dizipulu gisan edo”.
  • Bertsolariak. “Galdera oso sinplea da:‘Zein bertsolari ari da gaurko merkatuan, bere grinez libreki bertsotan?’. Inor ez. Denak aurretik antolatua dagoen sare ofizial baten zerbitzuan ari dira. Gizonaren bihotza ez zen merkatuan saltzeko egin: edo zaintzen duzu edo publikoari saltzen diozu. Ez dago beste biderik”.
  • Joxe Azurmendi. “Ez dut deus Joxeren kontra. Gehienak okerragoak dira gure artean. Baina, euskal apaiz laikotu iraultzaileok badute halako zera bat. Esate bateko, askoz meritu handiagoa du niretzako, Orixek jesuiten barrengo hierarkiaren aurka erakutsi zuen tinkotasunak”.

Erantzun

Sartu