Orioko Udala UEMAn sartu da
Orioko Udalbatzarrak, otsailaren 26an egindako bilkuran, Orio UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, sartzea erabaki du. EAJ, EA eta Batasuneko zinegotzi guztiek UEMAn sartzearen alde bozkatu zuten eta PSE-EE-PSOEko ordezkaria, abstenitu egin zen informazio faltagatik.
Gaur egun Hegoaldeko 44 herri euskaldunek osatzen dute Mankomunitatea udal honekin . UEMAn sartzeko herriko euskaldunek %70etik gora izan behar dute. Orion, 1996ko datuen arabera, %82 da euskalduna, eta beste %10 ia euskalduna.
UEMAk 3 helburu nagusi ditu: herri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea; udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lurgunea osatzea; eta udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.
Mari Jose Garate (EAJ), Itziar Olariaga (EH) eta Eugenio Cotado (EA) zinegotziak izendatu ditu Udalak Orioren ordezkari UEMAren Batzar Nagusirako. Kultura eta Euskara batzordeko buru Mari Jose Garatek UEMAn sartzea onerako izango dela uste du: Euskaraz bizitzea dugu helburu eta UEMAk ere bai. Beraz, ondo etorriko zaigu asmo bera duten herriekin batzea, helburura iristeko indar gehiago izateko; beti ere, erdaldunen eskubideak errespetatuz.
Erantzunak kargatzen...