Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bi kontzeptu ezberdin: abertzaletasuna eta nazionalismoa

Hermes aldizkarian egin ditu adierazpenok Xabier Letek. Abertzaletasuna eta nazionalismoa bereiztu ditu Arantxa Urretabizkaiak egindako elkarrizketa batean. Abertzaletasuna dagoenik ere zalantzan jartzen du Letek.

HERMES da Sabino Arana Fundazioak hiru hilabetetik behin argitaratu ohi duen pentsamendu eta historia aldizkaria, eta otsailean kaleratutako azken aleak Arantxa Urretabizkaiak Xabier Leteri egindako elkarrizketa dakar. Momentuz 4 ale daude sarean.

Xabier Letek abertzaletasuna eta nazionalismoa bereizten ditu

Bere ustez, abertzaletasuna zera da:

"Uste dut abertzaletasuna kokatze bat dela, fisikoa eta mentala, nonbait, lurralde batean. Nire kasuan, abertzaletasuna sortu naizen lurraldearekiko maitasun bat izango litzateke, konpromiso bat, are obsesio bat, kokatua nagoen lurraldearekiko eta bertako jendearekiko, zerbait hobea erakitzeko nahia, zerbait ederragoa. Eta, oso oker ez banago, aberria arbasoen herria denez gero, arbasoen herri zahar horretatik jaso izan ditugun kultur balio batzuei (hizkuntza, ohiturak, forma estetiko batzuk, irudikatze moeta batzuk) nolabait, estetikoki gutxienez, eta beharbada espiritualki ere, leial izanaz..... Abertzaletasuna poetika bat da niretzat, eraikuntza bat, nolabait senidego baten bilakuntza, proiektu amankomun batzuen eraikitze gogo bat".

Nazionalismoa, aldiz:

"Nazionalismoa, berriz, ikusten dut, gero eta gehiago, alor politikoan bakarrik gauzatzen dela, ideia politiko batzuetan konkretatzen dela, eta hor bai daukatela garrantzi haundia inmutableak diren baloreak, ez naiz fundamentalistak direnik esatera ausartzen, baina bai inmutableak, ikutuezinak. Enblema gisa erabiltzen dira, eta Koldo Mitxelenak esaten zuenez, enblemari beste enblema bat kontrajarri behar zaio eta dena enblema bihurtzen badugu, mundu heraldiko batean erortzen gara. Gure euskara sakratua, gure nazio santua, gure identitate ikutezina, salbatu behar dena enblematiko bihurtzen badugu, zer kontrajartzen zaion enblema horri? Bada, gaztelera madarikatuaren enblema, edo atzerri madarikatuarena."

Eta, Leteren ondorioa:

"Orduan, nazionalismoan sartzen garenean, naturalago behar luketen baloreak absolutizatu egiten ditugu. Horrek kezkatzen nau, nazionalismoaren eskematismo hertsi horrek. Nik uste dut, benetan esaten dizut, abertzaletasuna, nik ulertzen dudan moduan, gaur egun ez dela kasik existitzen, bukatua dagoela. Nazionalismoak irentsi du."

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu